Gasteizko jaiak

Kuadrillen egun handia

Gasteizko blusek eta neskek Andre Maria Zuriaren eguna ospatu dute. Goiz-goizetik ekin diete ospakizunei: egunsentiko arrosarioaren prozesioa eta lore eskaintza egin dituzte. Jaietako bigarren egunean, gasteiztarrak blusen eta nesken jantziekin atera dira kalera. Data garrantzitsua da abuztuaren 5a.

1. Lore eskaintza. Blusek eta neskek hunkituta dantzatu zioten aurreskua Andre Maria Zuriari. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan egun garrantzitsurik badago, hori abuztuaren 5a da: Andre Maria Zuriaren eguna. Aurreko egunean jendea eguneroko arropekin ateratzen da kalera: batzuk zikindu eta bustitzeko arropa zaharrekin, eta zarpail-zarpail eginda paseatzen dira Gasteizko kaleetan. Baina abuztuaren 5ean, urte osoan armairuan egon den baserritar jantzia eta arrantzaleen zapia edo zapi gorria janzten dituzte gasteiztarrek lehen aldiz. Janzkera horrekin jarraituko dute jaietako gainerako egunetan, Andre Maria Zuriaren jaiak bukatu bitartean. Izan ere, kuadrillen egun handia baita festetako bigarrena.

Goizeko zazpietan hasi zuten egunsentiko arrosarioaren prozesioa, eta Alde Zaharreko kaleetan egin zuten ibilbidea zortzietako meza hasi arte. Andre Maria Zuriaren omenez, izen bereko plaza lepo bete zen. Mezaren ostean, urtero legez, Ama Birjina eta jada ez dauden senideak omentzeko loreak jarri zituzten Andre Maria Zuriaren irudian, San Migel elizaren sarreran. Benetako loreak —eta ez plastikozkoak— ekarri zituzten blusen eta nesken kuadrillek. Lore eskaintza hastear zela, kuadrillak bertaratzen hasi ziren txarangen doinuek lagunduta.

Plazan, nahastu egiten ziren txarangen doinuak; hala ere, giroa lasai zegoen. Plaza poliki-poliki blusaz eta neskez betetzen hasi zen, eta zapi saltzaileek aukera hori aprobetxatu zuten bertaratutakoei zapiren bat edo beste saltzeko. Bederatziak pasatuta hasi ziren lore eskaintzak, baina batzuk jada zintzilikatuak zituzten lore sortak sarreran dagoen hesian. Los Bainas kuadrillak egin zuen lehenengo saioa: kuadrilla horretako bi gaztek loreak utzi zizkioten Ama Birjinari, eskailera batzuk igo ondoren. Argazkia atera zieten bi blusei goian zeudela, eta, ondoren, kuadrilla bereko beste bi kidek aurreskua dantzatu zuten, txistu eta danbolinekin batera.

Jendeak txalo egin zuen, eta kuadrilla horretako txaranga Xalbadorren heriotzean kantua jotzen hasi zen, doinu gozoz: jendeak abestu egin zuen —batzuek, hitzak ez zekizkitenez, ahapetik abestu zuten kantua—. Errepika ozen kantatu zuen jendeak; amaitzean, txalo egin zuten, eta blusetako batek diskurtso hunkigarria egin zuen: «Garai zailak alde batera utzi eta etorkizunari begiratu diezaiogun». Gogoan hartu zuten kuadrillan 30 urtez egondako kide bat: beti haiekin egongo dela nabarmendu zuen. Hurrengoen txanda iritsi zen gero: Siberiarrak kuadrillak dantzatu zuen aurreskua, eta ama birjinari loreak eman. 24 kuadrilla gehiagok egin zuten lore eskaintza, eta ekitaldiak bazkalordura arte iraun zuen.

Txambrak, Ama Birjina eraman duen Batasuna kuadrillako kideak azaldu bezala, ekitaldi hunkigarria da lore eskaintzarena: «Urte asko daramatzat lore eskaintzara etortzen: jaietako ekitaldirik politena dela iruditzen zait». Ekitaldian «falta direnekin» oroitzen direla esan zuen: «Oso ekitaldi hunkigarria da: ama birjina eramatea, ondoan egotea... oso zaila da azaltzea zer den niretzat».

Zerua lainotuta zegoen, baina txarangek, dultzainek eta txistulariek alaitu zuten kaleko giroa. Txirrita kuadrillako Asier Berganzo blusak hauxe esan zuen: «Abuztuaren 5a egun polit bat da denentzat: ondo pasatzeko, denok elkartzeko eta hiriari bizitasun hori emateko izaten da Andre Maria Zuriaren eguna». Adierazi zuen jaien falta sumatu zuela azken bi urteetan. «Urtero gogoz itxaroten ditugu jaiak, eta, bi urte berezi hauen ostean, uste dut gasteiztar guztiok eta blusa eta neska guztiok geundela gogoz jaiak has zitezen, blusak jantzi eta kaleak dantzaz eta festaz betetzeko». Kalean jende askorekin elkartzea espero zuen, eta denak «zintzo» portatzea: «Ea jaietan errespetuz gozatzen dugun batak besteaz!».

Eguerdian, Gasteizko zortzikoa dantzatu zuten Plaza Berrian. Plazaren barrualdea hesitu egin zuten, eta ikusleak horren inguruan pilatu ziren. Txistulariak sartu ziren plazan lehenbizi, eta dantzari beteranoak eta gazteak ondoren, bikoteka eta eskutik helduta desfilea eginez. Bikote bakoitzeko emakumezkoek zortzikoa dantzatu zuten elkarri helduta: doinu alaiarekin, dantzariak fin ibili ziren, erritmoa galdu gabe. Txistulariak isildu zirenean, txalo zaparrada entzun zen plaza osoan, eta, orduan, dantzariak bikotekidearengana itzuli ziren.

Oraingoan , mutilek dantzatu zuten bikotekidearen parean jarrita; bals bat ere egin zuten, eta, amaitzeko, fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten. Folklorerik ez zen falta izan Gasteizen; izan ere, ondoren, Algara dantza taldeak beste dantzaldi bat eman zuen ikurrinaren omenaldian, oholtza gainean. Hasieran, hitza hartu zuten dantza taldeko bi kidek: «Dantzatzen ez duenak zorionik ez du!», esanaz amaitu zuten, eta dantzatzeari ekin zioten. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako dantzak egin zituzten: agintariena dantza, Gipuzkoako zinta dantza, Lekeitioko kaxarranka (Bizkaia), Arabako Errioxako dantzaren bat, bai eta Iparraldeko godalet dantza ere, ttunttunarekin lagunduta. Herri bakoitzeko dantzatzeko janzkera ere erabili zuten: horrela, kantiniersaz, gathuzainez eta zamaltzainez jantzita dantzatu zuten godalet dantza, besteak beste. Ikurrinaren omenaldia txosnaguneari eskaini zioten, eta blusen eta nesken batzordeko kuadrilla bakoitzeko ordezkari bat igo ziren oholtzara; oroigarri bat eman zioten txosna batzordeko kideei. Azkenik, soineko gorriz dotore jantzirik, aurreskua dantzatu zuten. Txalo zaparrada batekin eman zioten amaiera ekitaldiari. Blusen eta nesken batzordeko presidentea da Endika Saez de Adana, eta, haren arabera, omenaldi hori «aldarrikapen» moduan sortu zen, duela berrogei urte baino gehiago. Sariaren bitartez, eragileren bat omentzen dute urtero, haien lana eskertzeko. Ekitaldi garrantzitsutzat jo du, gainera: «Gasteizko jaiak bakoitzak bere erara bizi eta sentitzen ditu. Hala ere, ikurrinaren omenaldia Andre Maria Zuriaren egunean izaten da, eta, beraz, niretzat erdigunean dagoen ekitaldi bat da, gasteiztarrekin eta blusekin eta neskekin batera egiten duguna, eta dantza taldeek ere parte hartzen dute. Nire ustez, ekitaldi plurala bihurtzen du horrek».

Aurten, jaiak ospatzen ari diren honetan, baina, bestelako ekitaldietan ere saritu dute eragileren bat. Hain zuzen, Arabako Gurutze Gorriari eman diote Gasteizko Urrezko Dominaren saria. Guztira, 10.000 kide, 150 enpresa babesle, 2.000 boluntario eta 100 profesional inguru aritu dira Araban Gurutze Gorriaren alde lan egiten.

16:30ean eta 17:00etan, kuadrillek, federazioak lehenago eta batzordeak ondoren, joan-etorriak egin zituzten hiriko erdigunea gurutzatuz; aurten, berritasun moduan, Akelarre kuadrilla agertu da lehen aldiz. Bereziak kuadrillako kideek, lehen aldiz, ez zuten edari alkoholdunik edan ez eskaini joan-etorria egitean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.