Sanferminak 

Krudelkeria ikuskizun

Haurren artean zezenketak sustatzeko ekitaldi bat egin dute Iruñeko zezen plazan. Animalien babesleek diote umeei balio desegokiak irakasten dizkietela halakoekin.

Iruñeko Ekintza Antiespezistako kideak, Zezenak familian ikuskizunean, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Duela sei urtetik, zezenketenganako zaletasuna haurren artean sustatzeko ekitaldi bat antolatzen du Iruñeko Errukiaren Etxeak zezen plazan, Zezenak familian izenarekin. Atzo egin zuten, eta gaur ere izango da; bertan, besteak beste, bigantxei izkin egin eta toreatu egiten dituzte toreatzaile gazteek, eta, kasu batzuetan, hil ere egiten dituzte. Ikusleen artetik, haur batzuk aterarazten dituzte, zenbait jokotan parte hartzeko.

Zezenketen eta animaliak erabiltzen dituzten bestelako ikuskizunen inguruan beti egon da polemika. Bereziki haurrei halakoek irakasten dizkieten balioei buruz hitz egitean sortzen da eztabaida. Ona al da haurrak zezenketetara eramatea? Ezetz uste dute animalien eskubideen babesle diren Naiara Azpilkuetak eta Ada Garruesek. Iruñeko Ekintza Antiespezista deituriko kolektiboko kide gazteak dira, eta animalia guztien eskubideen alde borrokatzen dira. Zezen plazan izan dira Zezenak familian ekitaldia ikusten, bertan egiten dena grabatu eta salatzeko, eta hurbildu diren familiei zezenak erabiltzen dituzten ikuskizunei buruz galderak egiteko.

Horrez gain, kolektiboak beste zenbait ekintza antolatu ditu sanferminetan, guztiak animalien eskubideen aldeko kontzientzia zabaltzera bideratuta: uztailaren 7an, urtero egiten den zaldi feriara joan ziren, protesta egitera; hilaren 9an, zirkura; eta 10ean, entzierrora, korrikalariei galderak egitera.

Indarkeria normalizatua

Bi ekintzaileen iritziz, helburu batekin egiten dira mota horretako ikuskizunak: animalienganako indarkeria haurrek txikitatik erabat normaltzat ikusteko. Hala dio Azpilkuetak: «Haurrek ikasi egiten dute indarkeria hori normalizatzen, sentsibilitatea galtzen. Normalean, gurasoek bultzatzen dituzte horretara».

Halaber, adierazi dute zezenketak gaitzesten dituen jende kopurua handia den arren —batez ere gazteen artean—, ez dela gauza bera gertatzen entzierroarekin. Haien ustez, pertsona gehienek indarkeria soilik animalia hiltzen dutenean ikusten dute, ez dira ohartzensentimenduak badituztela, eta, besteak beste, «izua eta estresa» senti ditzaketela.

Garruesek azaldu duenez, entzierroan, adibidez, zezenak «guztiz beldurturik» daude: «Hasteko, animalia ez dago ohituta jendetza horren artean egotera, larre batean bizitzera baizik. Inguruko zaratak eta eromenak izutu eta estresatu egiten ditu. Gainera, zezena ez da animalia haragijalea, ez du gizakia erasotzeko beharrik ez badu bere burua mehatxatuta sentitzen. Hortaz, entzierroan edo zezenketetan jarrera erasotzailea hartzen badu, arriskuan dagoelako eta aurretik tratu txarrak jaso dituelako da».

Ekitaldia amaitzean eta familiak zezen plazatik irtetean, galdera sorta batzuekin hurbildu zaizkie Azpilkueta eta Garrues. Gehienbat, tauromakia eta haurrak erlazionatzen dituzten galderak egin dituzte, adibidez: «Eramango zenituzke seme-alabak zezenketa batera? Uste al duzu haurrak espektakulu horietara eramateak haiengan eragin negatiborik izan dezakeenik? Posible ikusten dituzu animaliak erabiltzen dituen espektakulurik gabeko sanferminak?».

Entzierroari ezin uko egin

Espero zitekeenez, bertaratu diren gehienak zezenketen eta entzierroaren babesle amorratuak dira, eta, zalantzarik gabe, horien alde agertu dira. Hala ere, bietako batean zezenak ea sufritzen duen galdetu dietenean, denek erantzun bera eman dute: «Zezenketetan bai, baina entzierroan ez zait iruditzen». Antza denez, entzierroak sustrai sakonegiak ditu Nafarroako hiriburuan, eta gutxi dira hori gabeko sanferminak posible imajinatzen dituztenak.

Zezenketekin, ordea, aldatu egiten dira iritziak. Izan ere, gehienek onartu dute zezenak sufritu egiten duela, eta batzuek ez dituzte nahitaezkotzat sanferminetan.Halaber, seme-alabak zezenketa batera eramango lituzketen galdetzean, ezetza eman dute ia guztiek. Benidormetik (Herrialde Katalanak) etorri den Jorge Lopez izan da bestelako iritzi bat adierazi duen bakarra: «Bai, oso zezenzalea naiz, eta askotan joan naiz semearekin plazara. Nire ustez, guk ikasitako kultura irakatsi behar diegu seme-alabei, eta ez dut uste zezenketak ikusteak inongo kalterik eragiten dietenik. Ni neu txikitan askotan joaten nintzen plazara aitonarekin, eta ez dut uste pertsona gaiztoa edo biolentoa naizenik, ez dut sekula istilurik izan».

Zenbaitetan, ordea, talka egiten dute gurasoen eta haurren iritziek. Zortzi urteko alabarekin ekitaldia ikustera joan den emakume baten kasuan, adibidez, horixe gertatu da: amak entzierroetan zezenek sufritzen ez dutela defendatu duenean, segituan zuzendu dio alabak esanez baietz, sufritu egiten dutela erori egiten direnean: «Sendatu behar dituzte, min hartzen dutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.