Goizean ohi baino auto haboro sartu dira Baigorrira (Nafarroa Beherea). Errebotearen puntako bideko bi aldeetarik heldu dira. Eta, ohi baino haboro ere, E letradun matrikula plakak ageri dira herrian egun. Ohiko F letradunak, eta besteak. Frantziako eta Espainiako gidariak, hots. Ordea, matrikula plakek inposatu nortasun bi horiek borrokatu nahian bilduak dira euskal herritarrak, Baigorri-Tafalla (Nafarroa) Muga gainetik senidetza egunaren ospatzera, hain zuzen ere.
Merkatua, aperitifa, herri kirolak, bazkaria, trukea, musika... Besta egiteko aukera ona. Txalaparta argitaletxeko sortzaile eta zuzendari ohi Jose Mari Espartza tafallarra da bertaratuetako bat, eta bi herrien aipamena egiten duen erran zaharraz oroitu da: «Irulegiko arnoa etxerat heltzen, Tafallakoa bidean uzten». Aitortu du Baigorrira lehen aldiz etorri zirelarik Irulegiko arnoa ez zitzaiela batere gustatu. Orain, bai: irriz erran du hobetu dela arnoa eta biek, «Tafallakoak eta Irulegikoak, bidean uzten» ahal dituztela.
600 urte
Kronologian barna, hiru data eta garaitan uler liteke Baigorriren eta Tafallaren arteko harremana. 2021: duela hiru urte egin zuten bi herrien arteko lehen senidetze egun ofiziala, izenpetzearekin.
1979: duela 45 urte harremanetan direla bi herriak. Betti Bidart lehen harremanen akuilatzaileetarik bat izan zen, eta Baigorrin zen egun ere, 45 urte berantago, senidetzaren ospatzen: «Lehenbiziko urratsa 1978an egin zen, [Jean] Haritxelar zelarik hemengo [Baigorriko] mera. Lagun arteko istorio bat zen: joaten ginen harat eta heldu ziren honarat. [Francisco] Franco hil eta lehenbiziko hauteskundeetan koalizio bat izan zen Tafallan: kultur gaiez arduratzen zena zen Jose Mari Espartza». Azken horrek proposatu zien orduan Tafallako bestetara joatea, eta autobusa antolatu zuten 1979an. Urteek dakartzaten gorabehera guztiekin, baina ordutik dago bizirik bi herrien arteko senidetza.
«Tafallako historiaren arabera, lehenbiziko harremana Baigorriren eta Tafallaren artean duela 600 urte izan zen. Etxauzeko jauna, hemengo [Baigorriko] jauregiko jauna, joaten zen Tafallara Gabonak pasatzeko erregearekin, Karlos III.arekin»
JOSE MARI ESPARTZA Idazlea eta editorea
Haatik, Espartzak kontatu du kontakizun eta protagonista horiek baino aspaldiago jadanik, harremanetan egonak zirela bi herriak: «Tafallako historiaren arabera, lehenbiziko harremana Baigorriren eta Tafallaren artean duela 600 urte izan zen. Etxauzeko jauna, hemengo [Baigorriko] jauregiko jauna, joaten zen Tafallara Gabonak pasatzeko erregearekin, Karlos III.arekin». Datu polita iruditzen zaio Espartzari. Eta beste bat ere: «Nafarroako konkistan, Etxauzeko jaunarekin, baigorriarrak izan ziren Tafallaren defenditzen Gaztelakoen kontra».
Aspaldiko historia eta 45 urteko harreman sendoa iraunarazteko gogoz dira urte luzeetan horien akuilu izan diren Bidart eta Espartza. Biek azpimarratu dute transmisio beharra. Baigorriko Basaizea kultur elkarteko kide Kattalin Bidartek ere argi du zein den xedea: «Iniziatiba herriko etxeetatik abiatzen da, eta horien helburua, gero, da lekuko elkarteak egunaren antolaketan batzea eta Tafallako elkarteekin harremanak sortzea beste zenbait proiektu elkarrekin eramateko». Hala, aurtengo uda aitzin herri bateko eta besteko gazteek elkarte bat sortu zuten elkarrekin. Luzerako da senidetza.