Hizkiak irregularrak ziren, baina aldarria, argia: «Emakumeen futboleko karta kromoak nahi ditugu!». Hori zioten duela aste batzuk eskuz idatzita Hernanin (Gipuzkoa) agertu ziren hainbat kartelek. Herriko neskato batzuek egin zituzten, eta marra koloretsuz lagundu, atentzioa eman zezaten.
Eskaera noraino helduko den jakin ez arren, Ainhoa Azurmendi kirolean berdintasuna sustatzen duen kirol aholkulari eta EHUko irakasleak nabarmendu du ekintza garrantzitsua dela, bi gauza uzten baititu argi: «Batetik, ereduak ez daudela, beharrezkoak direla. Eta, bestetik, eta are garrantzitsuagoa iruditzen zait, neska gazteak kontziente direla eredu horien gabeziaz, eta espazio hori aldarrikatzen dutela».
Izan kromoen zein beste edozein egitasmoren bidez, emakumeak jarduera bat egitera bultzatzeko ereduak beharrezkoak direla ziurtatu du Azurmendik. Irudi bat dauka bere Twitter kontuko profilean finkatuta: neskato bat ageri da, pantaila baten aurrean, baloi batekin; pantailan emakume futbolari bat dago, besoak zabalik, garaipen bat ospatzen. Haurra hari begira dago; begira, eta keinua imitatzen.
Bi erreferente mota aipatu ditu Azurmendik: etxekoak eta adituak. Etxekoak lirateke inguruko emakumeak: ama, izeba, ahizpa edo bizilagunak... Adituak, berriz, hedabideetan ikusten dituztenak, hain eskuragarri ez daudenak. «Biak dira uztargarriak eta garrantzitsuak; batetik, zuk etxean emakume kirolariak ikusi badituzu, horrek egiten duelako zuk ere kirol ohitura horiek hartzea. Eta, bestetik, besteak ezagutzea ere beharrezkoa da, zera pentsatzeko: 'Nik horra iritsi nahi dut'».
Erreferenteak, etxean
Erreferenteak sustatze aldera sortu zituen Gasteizko Araski saskibaloi taldeak taldeko jokalarien kromoak 2016-2017ko denboraldian. Espainiako Liga nagusian lehen urtea zuten, eta kanpoko enpresa baten bidez iritsi zitzaien kromoak egiteko aukera. Bai lehen taldekoena, baita haurren taldekoenak ere: «Ideia polita iruditu zitzaigun neskatoentzat, talde guztien bilduma egin zezaten», adierazi du Amaia Kastresana Araskiko zuzendaritza taldeko kideak. Guztira, hirurehun kromotik gora izan zirela kontatu du Kastresanak, 25 talde inguru baitzeuden orduan Araskin.
Jokalariek, haien senideek eta taldearen zaleek egin zuten bilduma, eta Azurmendik aipatutako gertuko ereduak sortzeko balio izan zuen. «Ohituta gaude jokalari ospetsuen bildumak egitera, baina hau izan zen Gasteizko talde baten errealitatean, zure taldekideekin batera bilduma bat egiteko aukera bat. Eta zu ere bertan zeuden. Neskatoak kontziente ziren haien kromoak zituztela beren taldekideek, baina baita beste taldeetako emakumeek eta zaleek ere».
Lehen taldekoen partiden aurretik, ordubete lehenago geratzen ziren, errepikatutako kromoak trukatzeko eta berriak erosteko. «Beste kirolari batzuk ezagutzeko aukera ematen zuen; argazki bat daukat gogoan: Laura Pardo, lehen taldeko kapitaina izandakoa, haurrekin kromoak trukatzen agertzen zen, partida baten ondoren. Giro polita sortzen zen, eta urte hartan denek zekizkiten gainerakoen izenak».
Arrakasta horren ondoren, albuma bi urtero egitea erabaki zuten; 2018-2019ko denboraldian egin zuten bigarrenez. 2020an tokatzen zen hurrengoa, baina bertan behera utzi zuten, pandemiagatik. Nola funtzionatzen zuten kontatu du: «Argazkiak enpresak egiten zituen, eta albumak eta kromoak bidaltzen zizkiguten. Oso irabazi txikiak izaten genituen; ez genuen dirua irabazteko egiten». Orain, enpresa hori itxi egin dutela uste du, eta, egitekotan, beste bat bilatu beharko dute.
Profesionalizaziora bidean
Bera Bera eskubaloi taldea da aurten kromoak izan dituen beste talde bat. Panini etxeak atera du, iaz bezala aurten, lehen mailako ligako jokalarien bilduma. Berria jasotzea «sorpresa» izan zela kontatu du Alba Menendez taldeko kapitainak, eta «ilusioz» hartu zutela, hainbat gauzatarako balio baitute kromoek: «Ligan jokatzen duen jendeari aurpegia jartzeko, eta jokalariontzat denboraldiaren oroigarri bat izateko, eta haurrek gu ezagutzeko eta ikusarazteko».
Kromoak kromo, ordea, oraindik ezin dute eskubaloitik bizi: «Gure liga ez da profesionala, Bera Beran egoerarik onenetarikoa izan arren; bidea eginez goaz, baina oraindik oso urrun dago profesionalizazio orokorra». Pixkanaka goranzko bidea hartu badute ere, Menendezek azaldu du jokatzen hasi zenean baldintzak hobeak zirela: «Ni iritsi nintzenean, oso talde profesionala zen gurea, krisia oraindik ez zen iritsi, eta soldatak altuagoak ziren, ligan diru gehiago zegoelako. Beherakada hori ikusi nuen, eta orain, pixkanaka, berriro goraka goaz».
Kromoek eta sare sozialek ezagutarazten laguntzen dietela nabarmendu du, baina argi dauka profesionalizatzea dela erronka nagusia: «Geroz eta talde gehiago bagoaz horren bila, orduan eta errazagoa izango da lortzea, ikusgaitasuna izatea eta liga ikusgarri bat sortzea».
Menendezekin bat dator Azurmendi ere, eta, aurrerapausoak eman arren, emakumezkoen kirolean egiturazko aldaketak falta direla salatu du. Besteak beste, emakume kontzientziadunen presentzia arlo guztietan bermatzea: «Emakumeek egon behar dute ez emakumeen batzordeetan, baizik eta erabaki organo ofizialetan; egiturazko lanketa egitea beharrezkoa da, hezkidetzarekin batera. Bestela, berdintasunaren ilusio faltsua errepikatzeko arriskua dago».
Era berean, berdintasuna lortzeko bidean, kirol ereduari ere erreparatzea beharrezkotzat jo du kirol aholkulariak: «Noski, oinarrizko baldintza duinak eta profesionalizatzeko aukera izan behar dituzte emakumeek, baina ez dakit eredua gizonezkoen futbola izan behar den. Baldintza duinak izateak esan nahi du zerbait proportzioz kanpo dagoela gizarteko beste pertsonekin alderatuta?».
Dena den, emakumeen kirola haziz doala uste dute biek. Ikusle gehiago dituztela ere nabaritzen du jokalariak: «Geroz eta jende gehiago etortzen da, partida garrantzitsuetara batik bat. Azken urteetan, pixkanaka, nabaritu dugu ume gehiago datozela, eta eredu gisa ikusten gaituzte».
Bildumagile gazteak
Oier Gomez 14 urteko mutil donostiarra emakume kirolarien jarraitzaile sutsua da. Besteak beste, Bera Bera eskubaloi taldearen partidetara joaten da, eta Realeko Z7 zaleen taldeko kidea ere bada. Gogoan du Zubietara (Gipuzkoa) joan zen lehen aldia: «Ikusi nuen lehenengo partida Reala Bartzelonaren aurka izan zen, Zubietan, Z7 zelaian; ez nago ziur zer urte zen. 0-2 galdu zuen Realak, eta, hortik aurrera, Zubietara joaten hasi ginen, gaur arte».
Aitaren eskutik sartu zen zaleen taldean, eta gustura joaten da, giro ona dutelako: «Beti giro ona dago gure artean, partidetan-eta denak elkarrekin egoten gara. Azken batean, lagunak egiteko beste modu bat da». Azaldu du gaur egun harmailak beteta egoten direla partida gehienetan, duela urte batzuk ez bezala: «Hasieran joaten nintzenean ia-ia ez zen jenderik joaten. Baina Granadan [Espainia] Erregina Kopa irabazi genuenetik aurrera hasi zen jende gehiago joaten».
Futbolaz gain, eskubaloia ere jarraitzen du gazteak. Bera Berakoen kromo bilduma egiten du, sarean, umetako ohitura jarraituz: «Kromoen bildumak fisikoan egiten hasi nintzen. Txikia nintzeneko momentuak gogoratzen ditut: emozioa, ea tokatzen zitzaidan nahi nuena, ea bilduma bukatzen nuen... batez ere horregatik egiten dut». Kontatu du urte askoan egin zituela marrazki bizidunekin lotutako bildumak, lehenik, eta gizonezkoen futbolekoak, gero. Orain, ordea, eskubaloikoena soilik egiten du: «Duela pare bat urte utzi nion gizonezkoena egiteari, eta gaur egun eskubaloiko bilduma egiten dut, sarean; izan ere, emakumezkoen futbolekoa ezin dut egin, ez dagoelako».
Aldaketaren seinaletzat dauzkahorrelakoak Azurmendik: «Aldaketa da mutilek ere eredutzat izatea emakume kirolariak; hori oso ondo dago». Beste adibide bat kontatu du, Emak emakumeen kirola bultzatzeko taldearekin gertatu zitzaiena: Donostiako Udalarekin batera, egutegi bat sortu zuten, emakume kirolariak ikusarazteko, eta haurrei eskatu zieten marrazkiak egiteko gai horrekin lotuta. Andoaingo (Gipuzkoa) mutil batek Irene Paredes futbolariaren marrazki bat bidali zien, eta sarituetako bat izan zen. Marrazkia jokalariarengana iritsi zen, eta txio bat idatzi zuen, eskerrak emateko. Hala idatzi zuen futbolariak: «Pausoz pauso... Zerbait aldatzen ari da».
Kromoak, ereduak aldatzeko
Kromo bildumak emakumeen kirolari ikusgaitasuna emateko tresna bat dira; neskatoek beren burua kirolari horien tokian irudikatzeko balio dutela esan dute hainbat adituk. Hernanin, kartelak egin dituzte emakumezko futbolarien kromoak eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu