Kafe beroa eta liburu on bat, Gasteizko negu hotzetik ihesi dabilenarentzat. Ugariak dira biak Eva Forest Liburutopia kafetegi eta liburu dendan. Gasteizko Alde Zaharreko Santa Maria kantoiko 4. zenbakian zabaldu zuten, abenduaren 1ean, inaugurazio jai jendetsu batekin. Eta bete dute hilabeteko egitaraua.
Herri mugimenduko zazpi lagunek sortu duten kultur egitasmoa da Eva Forest Liburutopia. Xabi Lasa (Gasteiz, 1988) da bazkide eta sortzaileetako bat. Apalategietako liburuen bitartez, irakurleen «kritikotasuna lantzea» da proiektuaren helburu nagusia. Ez dute beste liburu dendekin lehiakortasunik nahi, «gehitzeko» sortu baitute Liburutopia.
Gasteizek irakurketarako beste gune bat du. Orain arteko arrakasta ikusita, beharrezkoa zela ematen du...
Aspalditik genuen premia. Zailtasunak genituen liburu asko Gasteizen aurkitzeko. Irakurle batzuk elkartu, eta Eva Forest Liburutopiaren aldeko apustua egitea erabaki genuen orduan. Bagenekien bazegoela horrelako espazio bat nahi zuen jende asko, eta asko eskertu digute gerora. Bestalde, argi geneukan ez genuela liburu denda soil bat nahi. Horregatik, partekatzeko eta hausnartzeko gune bat sortu dugu. Liburuen aurkezpenekin batera, ikastaroak, hitzaldiak eta bestelako kultur ekitaldiak antolatzen ditugu.
Zuen gunea sortzeko, erreferentzia izan al dira Iruñeko Katakrak espazioa bezalakoak?
Bai. Nahiz eta Katakrak handiagoa izan eta beste zerbitzu batzuk izan, funtsezko inspirazioa izan da. Horrelako liburu denda pila bat dago munduan, zentzu kritikoa dutenak. Jendeak espazioaz goza dezan ere laguntzen dute.
Eva Forest idazle eta argitaratzailea omendu duzue izenarekin.
Aitortza handiagoa beharko luke Eva Forestek [Bartzelona, 1928-Hondarribia, Gipuzkoa, 2007], baina gure aletxoa jarri nahi genuen. Idazle ospetsuen izena duten liburu denda asko daude, baina ez hainbeste borrokan konprometitu den norbaiten izena. Iruditzen zitzaigun merezi zuela omenaldi bat. Euskal Herrian zein mundu osoan erreferente bat da.
Liburuz bete dituzue apalategiak. Zer kontatzen da horietan?
Denetik dago, baina kritikotasuna lantzea da xede. Saiakerak leku handia du. Beste hainbat genero daude, baina kritikotasuna garatzeko balio dute guk ditugun liburu gehienek. Umeek ere badute beraien espazioa, eta haiek ere edukiak landu ahal izango dituzte.
Abenduaren 1ean ireki zenuten. Nolakoa izan da gasteiztarren erantzuna?
Guretzat oso polita izan da dena, oso eskertuta gaude hirian izan dugun harreragatik. Bete egin da orain arte antolatu ditugun ekintza guztietan, eta oso pozgarria da hori. Horrek ere erakusten du jendeak hartu duen poztasuna.
Hutsune bat bete duzue, beraz.
Hutsunerik ez dagoela esan ohi da askotan. Zerbait ezberdina eskaintzen saiatzen gara, eta badakigu hirian badaudela bestelako liburu dendak. Beraz, gehitzera etorri gara gu, ez gatoz lehiakor izatera.
Santi Cobos presoaren ahotik Zigor Olabarriak idatzitako Pájaros azules, Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan... Hainbat aurkezpen izan dituzue, eta egitarau betearekin hasi zarete. Baina hori lortzeko bidea ez zen erraza izango, ezta?
Herri mugimenduko zazpi lagunek sortu dugu proiektua, baina jende asko hurbildu da liburu dendan gauzak antolatu nahi dituztelako. Hiriko jendeari eskerrak ematen dizkiogu eman diguten laguntzagatik. Hiriko beste liburu dendek ere lagundu digute bidean. Haiek gabe ez litzateke posible izango Eva Forest Liburutopiak ateak irekitzea. Asko zor diegu guztiei.
lotsabako
Eva Foresten liburu bat?
Onintze en el país de la democracia [Onintze demokraziaren herrialdean].Liburutopiako liburu bat?
Karl Marxen Kapitala.Irakurketaz gozatzeko nahitaezkoa den zerbait?
Kritikotasunetik irakurtzea, ezarritakoari aurre egiteko tresnak eskuratzeko.