Aiert Goenaga eta Asier Rivera. 'Zikings' lanaren sortzaileak

«Kritika egingo dugu, tokikotik globalera»

Bilboko Seriesland jaialdian 'Zikings' animaziozko websailaren lehen atala proiektatu dute. Abenduan sarean izango dira ikusgai aurreneko bost atalak. Proiektua «monetizatu» egin nahiko lukete.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ilusioz ari dira Zikings egitasmoan Aiert Goenaga (Ondarroa, Bizkaia, 1981) eta Asier Rivera (Ondarroa, Bizkaia, 1996). Ziber Lehendakari estreinatu zuten iaz.

Nola bururatu zaizue Legoko panpinekin animaziozko websail bat sortzea?

AIERT GOENAGA: Hasierako ideia haragizko pertsonaiekin websail bat egitea zen. Baina ikusi genuen modu amateur batean jende askoren agendak bat egitea ezinezkoa zela. Asier Rivera eta biok gogoz gelditu ginen zerbait egiteko, eta panpinekin egiteko ideia piztu zen. Orduan ikusi genuen bi pertsonen agendak zirela bat egin beharrekoak. Horretan gabiltza.

Nolakoa izaten ari da lanketa teknikoa?

ASIER RIVERA: Lehenbiziko urratsa Reservoir dogs filmeko hasierako eszena originala aztertzea izan zen. Gero, material originala gure formatu, eskala eta baliabide materialetara egokitu behar izan genuen. Argazki zuzendari gisa, nire funtzio nagusia planoetan ikusten diren irudiak eraikitzea izan da, konposizioan, argiztapenean, optikan eta perspektibaren erabileran zentratuz. Gainera, editore gisa, filmaturiko planoak kudeatu, eraldatu eta gidoiaren ardatzari jarraituz pertsonaien ahotsak irudiekin sinkronizatzea izan da nire lana, narrazio koherente bat lortzeko helburuarekin.

Modu berean egin zenuten Ziber Lehendakari, ezta?

GOENAGA: Bai, teknikarekin esperimentatuz joateko saiakera bat izan zen. Zikings-eko mikro kosmoserako sortu genuen pertsonaia bat izan zen. Umore eta satira aldetik, antza handia dute bi websailek.

Stop motion teknika erabili duzue. Zer abantaila ditu?

RIVERA: Stop motion teknikak denborarekin jolasteko aukera ematen digu. Segundo batean erreproduzitzen diren irudiak lortzeko, haien artean denbora hutsune bat uzten da, eta horrek eszenan jokatzeko aukera ematen du: izan ere, objektu inerteei mugimendua eman ahal zaie. Stop motion teknika argazki asko atera eta horiek elkarren atzetik abiadura handian erreproduzituz mugimenduaren ilusioa sortzean datza. Argazkitik argazkira egileak kamera aurrean dagoena aldatzeko ahalmena du. Hori egitean, errealitatean berez modu naturalean gertatzen ez den egia itxurako ilusio bat sortzen da; gure kasuan, plastikozko figura batzuek hitz egin eta mugitzeko gaitasuna izatea zen xedea.

Umore oso zirikatzailea du lehen atalak. Zerbait probokatu nahian zabiltzate?

GOENAGA: Ez da probokazio bat, kritika bat baizik. Tokikotik hasi eta globalera egingo dugu kritika, baita pertsonaletik kolektibora ere.

Gaztea irratia ere kritikatu duzue lehen atalean. Euskal Herriko komunikabide gehiago kritikatuko al dituzue?

GOENAGA: Gaztearena suertatu da musikaren eta kulturaren inguruko hausnarketa baten erdian. Baina helburu jakina ez da hedabideak propio kritikatzea.

Quentin Tarantinoren Reservoir dogs baliatzea egokia da abiapuntu gisa?

GOENAGA: Omenaldi txiki bat da; Tarantinoren oso zaleak gara. Istorioaren pertsonaiak aurkezteko formula ederra da Reservoir dogs-en hasierako mahai bueltakoa. Ikusleek esan beharko dute Tarantino ondarroeraz nola gelditzen den.

Pozik zaudete websaila Seriesland jaialdian aurkezteko aukera izan duzuelako?

RIVERA: Bai, kontuan izan proiektua 0 eurorekin eta nahiko modu prekarioan garatzen ari garela. Horrenbestez, Seriesland bezalako plaza batean egotea sari bat da guretzat, eta espero ez genuen publiko batera iritsi gara.

Estreinaldiaren ostean, zein izango dira hurrengo pausoak?

GOENAGA: Nahiko genuke proiektua monetizatu. Zikings izango da websail bat, film bat eta izango dira film laburrak. Hiru denboraldiko websaila egiteko asmoa dugu. Bost ataleko lehen kolpea abenduan aterako dugu.

Politikoki zuzenak ez diren fikzio gutxi egiten dira euskaraz. Zein da arrazoia Zikings-en tankerako fikzio gehiago ez egoteko?

GOENAGA: Proiektuek baliabide minimo batzuk eskatzen dituzte, eta ate joka hastean beste batzuk izaten dira mugak jartzen dituztenak. Faltan botatzen dira politikoki zuzenak ez diren lanak, eta Zikings-ek hutsune hori bete nahi du. Tarantinoren estiloko karga dialektikorik ez dago euskarazko ikus-entzunezkoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.