Euskal Herriko zazpi hiriburuetako alkate eta auzapezak gizonezkoak dira, Euskal Elkargoko presidentea tartean. Gauza bera gertatzen da Arabako, Bizkaiko etaGipuzkoako diputazioetako ahaldun nagusiekin. Eusko Jaurlaritzako lehendakari ez da inoiz izan emakumezko bat. Salbuespena Nafarroako Gobernuan dago: aurreko presidentea andrea izan zen, Yolanda Barcina, eta gaur egungoa ere bai: Uxue Barkos. Eta mundu zabalean? Gaur egun, hemeretzi andre baino ez daude beren estatuetako presidente edo lehen ministro; Etiopian, urrian, aurreneko aldiz, emakume bat izendatu zuten presidente: Shalework Zewde. Alemanian, Angela Merkel 2005etik da kantzilerra, eta, CDUko buruzagitza utzi badu ere, estatuburu izango da aurrerantzean ere.
Egoera ez da kasualitatea. Arrazoi sakonak daudela uste du Jone Martinez-Palacios EHUko Politika Zientzietako eta Administrazioko irakasle eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kideak: «Eremu politikoetan, errepresentazio politikoaren borroka bat dago, eta hori androzentrikoa, klasista, arrazista, kapazitista eta adinzentrikoa da». Bizitza esperientzia zehatz bat unibertsalizatzeko borondate bat dago horren atzean, irakaslearen iritziz: «Hau da, ertain-goi klaseko gizon zuri heterosexualena, 35-65 urte arte dituzten gizonena. Pribilegiozko posizio batean daude horiek, eta denon bizitza antolatzen duten kontzeptuak definitzeko aukera gehien dutenak dira». Gizon horiek izan dira espazio politikoan instituzioetan goi karguak orain arte bete dituztenak. «Aldiz, emakume arrazializatuak, gazteak, gay eta lesbianak heterodoxotzat jo izan dira, arriskutsutzat. Testuinguru horretan, erraza izan da justifikatzea eremu politikotik bestea kanporatzea».
Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministro eta gobernuko bozeramaileak uste du azkeneko hamarkadetan berdintasunaren alde egindako bidea «sekulakoa» izan dela: «Baina asko falta da lortzeko. Benetako konpromiso politiko eta soziala behar da genero berdintasunaren alde, arlo guztietan». Espainiako Gobernuan egun ministro gehiago dira emakumezkoak gizonezkoak baino. «Parekotasunaz» harago, PSOEren gobernua «feminista» dela esan du Hezkuntza ministroak: «Gobernu feminista da, genero ikuspegia transbertsala delako gobernuaren ekintzan eta presente dagoelako erabaki eta politika guztietan».
Martinez-Palaciosen arabera, emakumeak goi karguetan duten presentzia aztertzeko, kristalezko sabaia —arlo profesionalean gora egiteko duten mugaketa— zoru itsaskor —emakumeen lanen kalitateari egiten dio erreferentzia— figurak erabili ohi dira. «Testuinguruen arabera, egitura objektibo batzuk egon ohi dira andreak arlo politikoan sartzea mugatzen eta zailtzen dutenak; adibidez, modu heteropatriarkalean antolatutako familia, legeak eta zaintzen antolaketa desorekatua». Alor horiei egin die erreferentzia Zelaak ere: «Familietako ardura kargarik handienak emakumeei eragiten die, eta horrek zuzenean eragiten du andreen alor profesionalean. Kristalezko sabaia hautsi egin beharra daukagu».
Virginia Woolf Basqueskola
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emakume politikoei laguntza emateko, Virginia Woolf Basqueskola sortu dute Eudelek eta Emakundek. Talde sustatzaileko ordezkarietako bat Josune Irabien Marigorta Amurrioko (Araba) alkatea da —EAJkoa da—. «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumezko alkate eta zinegotziak elkartzeko, prestakuntza jasotzeko eta politikoki eragiteko leku bat da. Duen balio nagusia da emakumezko politikarien pluraltasuna eta aniztasuna erakusten duela». Alderdi politiko desberdinetako kideak daude, herri txikietakoak zein handietakoak. Sare horrek helburu argia duela azaldu du Irabienek: «Emakumezko hautetsien berdintasun erreala lortzen laguntzeko aldaketak eragitea arlo politikoan, emakumezkoen eta gizonezkoen partaidetza soziopolitiko parekidea zailtzen duten estereotipoak eta rolak zalantzan jarriz». Sareak babesa ematen die udaletan sartu diren emakumezko hautetsiei, eta jarraibideak ematen ditu arduren banaketa eta denboraren erabilera ekitatiboagoak izan daitezen. «Era horretan, bizitza publikoaren eta pribatuaren arteko kontziliazioan ere laguntzeko».
Martinez-Palaciosen iritziz, Virginia Woolf Basqueskola tresna «boteretsua» da. «Tokiko erakunde publikoetatik sortua da, eta orokorrean eskala administratibo horretan egoten dira proposamenik transformatzaileenak». Esperientzia baliotsuak ekar ditzakeela iruditzen zaio: «Balio handikoa dela uste dut, itxaropena sortzen du, eta inspiratzaile bilaka daiteke. Outsiderren arteko sareak josten ditu». Irabienek alderdi politikoengan ere jarri du fokua: «2019ko udal eta foru hauteskundeetarako zerrendak ixten ari dira alderdiak, eta espero dugu aldaketak ikustea, emakumezkoek lidergo posizio gehiago izatearen alde egitea. Zerrendak egiten direnean, ohikoa izaten da emakumezkoak atzerago jartzea».
Egoerari buelta emateko
Emakumeek politikan aurrera egiteko dituzten zailtasunak ez dira propio Euskal Herrikoak. Irabienek Gudrun Mosler-Tornstrom Europako Tokiko Botereen Batzordeko lehendakariaren adierazpen bat ekarri du gogora: «Emakumeak ez badaude behar den bezala eta ezer baino lehen tokiko mailan ordezkatuta, ezinezkoa izango da parekidetasuna lortzea parlamentuetan eta gobernuetan». Munduko Bankuaren azterketa baten arabera, emakumezko politikariek geroago hasten dute karrera politikoa, haur gutxiago izaten dituzte, arduratuago egoten dira nola agertuko ote den beren irudia hedabideetan, eta ibilbide politikoan «anbizio txikiagoa» ematen dute aditzera. Egiteko asko dagoela iruditzen zaio Zelaari: «Gobernuetan, emakumeen presentziak begirada zabaltzen du aldaketa sozialetako errealitateei erantzunak emateko orduan. Baina lortutako eskubideak bermatu eta babestu behar dira; are gehiago,berdintasunaren aldeko neurri asko auzitan jartzen ari diren garaiotan. Alerta egon behar dugu; ezin dugu onartu pausorik atzera ematea».
Goi karguetara iristen diren emakumeek, bestalde, agerikoa ez den bazterketa bat jasotzen dute, Martinez-Palaciosen aburuz: «Nahiz eta fisikoki presente egon erabakiak hartzen diren espazioetan, agente outsiderren [emakumeen] aldetik iristen diren iritzi, ekimen edo proposamen oro desaktibatu egiten dira». Operazio hori gauzatzeko modu «sofistikatuak» daudela azaldu du irakasleak. «Agenda mediatikoa eta eremu mediatikoa, bere horretan, tresna boteretsua izaten da barne bazterketa hori artikulatzeko». Zelaaren ustez, emakumeak goi postuetan egotea jada ez da salbuespen. «Horren ondorioz, hedabide bat oso toki txarrean gera daiteke botere politikoan dagoen emakume baten ahotsa gutxiesten baldin badu. Nire ustez, arazoa iristea da, ez boterean egotea».
Goi karguetan berdintasun gehiago egon dadin, zer beharko litzatekeen argi du Irabienek: «Emakume gehiago egon daitezen, gobernatzen duten emakume gehiago behar ditugu. Halaber, ezinbestekoa da neurri zehatzak hartzea alderdi politikoetan zein erakundeetan, andreek kargu politikoetan sartzeko zein horietan irauteko dituzten oztopoei aurre egiteko». Zelaak hezkuntzan eta beste alor batzuetan ere jarri du fokua: «Ikastetxeetan hezkidetza printzipioa egonkortu behar da, eta neurriak sustatu behar dira kontziliazioa errazteko. Oinarrizkoa da hori gizarte eredu berri bat eraikitzeko». Martinez-Palaciosen ustez, erakunde publikoen funtzionamenduaz eta izaeraz itaundu beharra dago. «Eta galdetu ea erakundeak gobernatzen dituztenak prest ote dauden transformazio erradikalak egiteko. Instituzioak berriro pentsatu behar ditugu, botere harremanetan izaera komunitario, parte hartzaile eta gogoetazale bat integratzeko».
Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberan inoiz baino emakume gehiago aukeratu zituzten azaroko bozetan, eta Zelaak uste du aintzat hartzekoa dela herrialde horretan gertatzen ari dena: «Azkeneko bi urteetan, Emakumeen Martxa eta #MeToo mugimenduak gertatu dira, eta Alderdi Demokratan emakume ordezkarien kopurua asko hazi da. Mundu globalizatu batean, emakumeen presentzia arlopolitikoan gizarte eredu berri baten eraikuntzaren adierazgarri da. Eredu berri horretan, emakumeen zein gizonen eskubideakbermatu eta defendatu beharko dira».
Kristalezko sabaia ez da erori goi politikan
Munduko estatuetako hamarretik batean baino ez dira emakumeak presidente. EHUko irakasle Jone Martinez-Palaciosek nabarmendu du arrazoi sakonak daudela andreak goi politikan murgiltzea zailtzen dutenak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan andre politikariei laguntzeko, Virginia Woolf Basqueskola sortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu