Krisiari umorez erantzuteko

Aktibo Toxikoa bakarrizketa ikusteko aukera izango da gaur Getariko Ketarri tabernan, 20:00etan

Krisi ekonomikoa umorez landuko du bakarrizketan Santamariak. BERRIA.
Erredakzioa
2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Politikari ohi baten istorioan oinarritutako Aktibo Toxikoa bakarrizketa komikoa ikusteko aukera izango da gaur Getariako (Gipuzkoa) Ketarri aretoan, 20:00etan.

Bat Jauregi politikari ohiaren istorioan oinarritzen da antzezlana. Krisiak bere hatzaparretan harrapatuko du, eta laguntza eskatu arren, ate guztiak itxita aurkituko ditu; boteretsuengana, banketxeengana eta alderdiko kideengana joko du Jauregik, baina inor ez zaio laguntzeko prest agertuko. Ondorioz, etxea galdu eta kale gorrian geldituko da, baina ez du amore emango. Elkarretaratze bat antolatu beharrean, beste bide batzuk erabiliko ditu bizi duen egoera salatzeko.

Hori da Patxi Santamaria aktoreak antzeztuko duen Aktibo Toxikoa lanaren abiapuntua. Ordubete inguru irauten duen bakarrizketa komikoa da. Egoera latz bat islatzen duen arren, ikuspegi dibertigarri batetik lantzen du. Obrak antzerkia, dantza, pailazogintza eta mimika diziplinak uztartzen ditu.

Antzezlana krisialdi egoerari aurre egiteko «aitzakia bat» dela adierazi du Patxi Santamariak. Lan horren bitartez, «hausnarketarako bide eman eta barruan daukadan amorrua kaleratu nahi izan dut», azaldu du.

«Antzezlanaren bitartez, krisi egoeraren aurrean aktiboak izan behar dugula adierazi nahi dugu, baina ez aktibo toxikoak, aktibo aktiboak baizik».

'AKTIBO TOXIKOA'

Noiz. Gaur, 20:00etan.

Non. Getariko Ketarri aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.