ATZEKOZ AURRERA. Jakoba Errekondo. Paisajista

«Krisiak sekulako mesedea egin digu»

'Bizi baratzea, garaian garaikoa garaiz' liburua argitaratu berri du landareetan adituak. Baratzezaletasunaren eztanda gertatu dela dio, eta hurrengo mugimendu handia basogintza izango dela.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Asteartean aurkeztu zuten liburua, eta atzo bigarren edizioa prestatzen ari ziren. Jakoba Errekondok (Usurbil, Gipuzkoa, 1961) Bizi baratzea, garaian garaikoa garaiz liburua plazaratu berri du Argia-rekin. Agronomialaria, paisajista eta irrati bidezko aholkularia da aditua. Baratzezaintzaren inguruko «urteetako jakintza» bildu du liburuan.

Maiatzaren erdialderako aterako du Argia-k liburuaren bigarren edizioa. Espero al zenuen astebetean 2.000 aleko edizioa motz geratzea?

Bai. Hau ez da liburu bat, baratzeko fruitu bat da. Ez da Durangorako produktua. Ondo heldutako barazkia da.

Irratian eta beste mila saltsatan ari zarela, ikusten al duzu baratzegintzaren inguruko interesaren eztanda gertatu dela?

Bai, dudarik gabe. Jendea baratzera itzultzen ari da. Krisiak sekulako mesedea egin digu denoi. Baratzea ez da bakarrik lurra lantzea eta tomate edo letxuga batzuk jatea: bizitza kalitatea da, elikadura burujabetza, elkartrukea, zelako jendartea eraikitzen ari garen, ingurumena nolakoa... Gipuzkoan, azkeneko hiru urteetan, gutxienez 1.100 familia hasi dira baratze publikoetan lanean, eta beste 1.000 bat familiak urrats bat harago eman dute Basherri kontsumo taldetan.

Beste lurraldeetan, antzera?

Nafarroan askoz lehenago hasi ziren. Bizkaian askoz sendotuago daude taldeak, EHNE sindikatuak helburu estrategikotzat hartu zuelako. Gipuzkoan, ordea, garatzen ari da, nahiz eta EHNE eta ENBA sindikatuak kontra egon. Gipuzkoan sindikatuok oso atzerakoiak dira.

Baratze publikoek baserritarrei lehia egiten dietela argudiatzen dute. Arrazoia dute?

Ez dira konturatzen horrek jende kontzientziaduna sortzen duela, eta, barazkiez gain, bertako eta kalitatezko esnea, gazta, babarruna, haragia edo patata eskatuko dutena. Nik ez dut astirik inor konbentzitzeko; beti dago berandu dabilen jendea. Nekazaritza ekologikoarekin berdin gertatu zitzaigun duela 30 urte. Orduan, gizartearen bazterrekoak ginen; orain erdian gaude.

Baten bat haserretuko da krisiak mesede egin digula entzuten badizu.

Horixe egin digula mesede. Lehen, ur aparretan bizi ginen. Gure urrats ekologikoa murriztu egin du krisiak. Euskaldunok bi Euskal Herri eta erdi behar ditugu gure bizimoduari eusteko. Hau da, beste bat eta erdi ari gara lapurtzen. Krisiak txikiagotu egin du hori.

Baratzegintza liburu ugari daude, baina ez dira egokiak isurialde atlantikoko klimarako. Hutsune hori bete nahi izan duzu?

Bai. Hemen oso eguraldi berezia daukagu: munduko leku gutxitan egiten du hemen baino euri gehiago. Baina ditugun liburuak itzulpenak dira, italiarrenak, ingelesenak, frantsesenak... Oso lur ezberdinekoak, alegia, eta sekulako arazoa sortzen du horrek.

Zelako konponbideak erakusten dituzu?

Trikimailuak. Esaterako: non jarri tomate landarea? Jendeak uste du tomatea edozein tokitan etortzen dela. Begiratu katuak non egiten duen kuluxka. Lekurik gozoena, beroena eta eguzki begian dagoena aukeratzen du. Tomatea non jarri esaten dizu.

Norentzat idatzi duzu?

Liburua neure amarengan pentsatuz idatzi dut; hark ulertzeko moduan azaldu nahi izan ditut gauzak. Hiztegiarekin ikaragarrizko arazoa sortu zait: aitzurrarekin azaleko landareak kentzeari lurra agerian uzteko gure etxean izakitu esaten diogu, baina aldameneko herrian, zopizartu; Nafarroan, azarkatu; eta Iparraldean, sarraskatu. Beste hizkuntzetan aspaldi dago erabakita zein erabili. Euskaraz ez.

Nola erabaki duzu?

Gehien erabiltzen dena, edo errazena. Liburuaren amaieran hiztegi bat jarri dut, biribiltzeko.

Ez al da gehiegizkoa baratzea iraultzarekin edo independentziarekin lotzea?

Politikari batek independentzian benetan sinesten duela jakiteko, lurrarekiko zelako atxikimendua duen galdetu beharko genioke, zer jaten duen, nondik erosten duen... Horiek ekarriko digute independentzia, ez besteek, beste sagardotegi batera begira baitaude.

Duela 30 urte arrazoia bazenuen, honez gero jakingo duzu 20 urte barru zer egongo den modan.

Basoa. Zer egingo dugu geure basoekin? Pinuak huts egin du, orain eukaliptoa sartu nahi dute... Eta benetako eztabaida ez dugu oraindik hasi. Zer egur mota nahi dugu? Edo papergintzaren mafiari jarraiki segituko dugu? Berezko basoak berreskuratu, kalitatezko zura sortu, eta biomasarekin geure energia beharrak ase. Lur batek ematen duena lur horretan geratzea da iraunkortasuna. Ehunka urterako egitasmoak egiten hasi behar dugu. Hori da independentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.