Zientzia. Rosa Errazkin. Laboratorium museoko zuzendaria

«Krisiak agerian utzi du kultura zientifiko baten beharra»

Zientzia museo bat da Bergarako Laboratorium, eta kimikari bat du buru. Errazkinen ustez, «biziak» ez ezik, museoek «berritzaileak» izan behar dute: «Garapen eragileak gara; tresna bat gara».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Bergara
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Poltsikoan hartuta dituenak adina giltza ditu diskurtsoan, eta pasioz darabiltza denak. Bergarako (Gipuzkoa) Laboratorium museoko ateak parez pare irekitzeko hartzen ditu batzuk, eta museoen egitekoari eta bizi dugun egoerari buruzko bere hausnarketak erakusteko besteak. Errekalde jauregi ikusgarrian dago Laboratorium, Peñafloridako kondearen bizileku izandakoan, ingeles estiloko lorategi heze baten muinoan. Sarrerako atean zain Rosa Errazkin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1968). Zer-nolako sentsazioa jauregi bat, museo bat osorik, arduradunak norberari irekitzea. Haren eskutik aurrera etxean, eta aurrera historian, eta aurrera zientzian. Elhuyar anaiak eta wolframaren aurkikuntza, Chavaneau eta platinoaren purifikazioa... Zientzia instrumentuak, zoologia bildumak, Errege Mintegiko giza anatomia modeloak eta bilduma geologikoak. Barrunbeetara egindako bidaia. Hartz bat biltegian, eta usain sarkor bat laborategian. «Hauxe da Euskal Herriko zientziaren sorlekua».

Zergatik Laboratorium izena?

Duela 250 urte inguru, ilustratu talde batek proiektu berritzaile bat sortu zuen Bergaran. Gizartea matxinada betean zegoen, herria altxatzen ari zen, baina haiek erabaki zuten herriari hezkuntzaren eta zientziaren bitartez eskaintza bat egitea. Krisi egoera sakon batean egonda ere, hezkuntza eta ikerketa zentro bikaina sortu zuten. Europako jakinduriaren eta baliabideen gune nagusietako bat izan zen. Joseph Louis Proust kimikaria, kimika modernoaren aita kontsideratzen dena, irakasle gisa etorri zen Bergarara. Berak antolatu zuen kimikako laborategia, eta Laboratorium Chemicum deitzen zion. Hortik hartu genuen izena.

Ez du ohiko izenik, baina ez da ohiko museo bat ere.

Museologia berrian, hainbat teoria eta ildo daude, eta guk horretan oinarritu dugu gure proiektua: gizarte museo bat da. Ohiko jardueraz gain —izan jarduera didaktikoa, izan difusioa...—, jendearen aurrean garapen eragile gisa agertu nahi genuen; garapenaren alde egin nahi dugu.

Nola?

Ezagutzera emanez zeinen garrantzitsuak diren berrikuntza, zientzia, hezkuntza... Gu adi egoten gara. Tresna bat gara. Herritarrek parte hartzen dute museoan, eta beren egiten dute.

Museoak ez al dira estatikoak?

Museoak gauza biziak dira, eta berritzaileak.

Baina ez dira garairik onenak museoentzat (ere)?

Hainbat mahai ingurutan parte hartu dut azken boladan gai horren inguruan. Jendea dena digitalizatzen ari da, eta dena birtual bihurtzen. Eta hori ondo dago. Egin behar da. Eta osagarria izan daiteke, baina hemen egin dizuedan bisita ezin da birtualki modu berean egin. Birtualki erakutsi ditzakezu koadroak, tresnak, animaliak... baina gurean, gai asko didaktikoak dira, ulermena landu behar da, eta hori modu presentzialean egin behar da. Egia da: egin behar dira bestelakoak. Erdia presentzialki, erdia online, gauza horiek etortzeko gelditu dira, eta ongi daude, baina pieza originalak hemen ikusi behar dira. Eta eskolak berriro museora bueltatu behar dira. Tresna bat gara, eta jendea etortzea nahi dugu.

Eta zer egoeratan zaudete?

Txikiak gara, baina egiten duguna ongi egin nahi dugu. Bisitari kopuruak ez digu asko eragiten, eta guk lanean segitu dugu. Ezkutuko lan asko egin dugu, hori ere asko egiten baita museoetan.

Osasun krisiak agerian utzi duzientziaren beharra?

Zalantzarik gabe. Agerian utzi du zeinen garrantzitsua den kultura zientifiko bat edukitzea. Informazioa egon da, eta badago, baina komunikabideek ez baduzue gutxieneko kultura zientifiko bat, ez dakizue haiek zer ari diren esaten. Eta informazio hori ongi eman behar da. Jendea beldurtuta dago. Zenbat eta ezagutza gehiago, erabakiak orduan eta hobeak izango dira.

Lana, beraz, guztiona da? Kultura zientifikoa behar da, baina dibulgazio lan bat ere bai?

Hori da. Munduko zientzialaririk onena izan zaitezke, baina jakin behar duzu egiten duzun hori esaten; komunikatzen. Euskaldunak sekulakoak gara, sekulako lana egiten dugu, baina nork dauka museo honen berri?

Nork?

Komunikazio estrategia bat behar dugu. Ezagutzera eman behar dugu egiten duguna. DIPC Donostia International Physics Centerrek lagunduta, European Physical Society erakundeak Gune Historiko izendatu gintuen 2018an. Hori sekulakoa da. Beste bi baino ez daude Espainiako Estatuan: Madrilgo ikasle egoitza eta Fabrako behatokia. Frantzian ere Curie institutua eta beste hiru gehiago. Ikustekoa da mapa. Eta gu han gaude. Eusko Jaurlaritzako museogintza arduradunei-eta esan izan diet horri etekina ateratzen asmatu behar dugula. Izendapen hori lortu dugunetik, elkarte horren ekinbide berritzaile guztietan parte hartzen dugu, eta gauza interesgarriak daude, benetan. Duela 250 urte egin bazuten, zergatik ez dugu orain egingo? Ikasi egin behar da, lan egin behar da, eta inbertitu egin behar da. Baina zientzian inbertitu, ez futbolarietan. Egia da pandemiakaurrera begira jarri gaituela, baina egia da ere museoetara etorriko den jendea ez dela jada berbera izango, jende asko jota geldituko dela, eta honek guri ere erasango digula.

Pandemia baino lehen egindako elkarrizketa batean zenioen: «Krisialdietan eta aldaketa garietan arrakastaz aurrera egiteko funtsezko bitartekoak dira hezkuntza eta ikerketa».

Gure erakusketa iraunkorraren mezua da hori. Erakusketa bat egiten duzunean, mezu bat transmititu behar duzu. Eta hori da gurea. Jatorrizko Laboratorium haren izpirituarekin eta izaerarekin berritzaileak izatea. Gu sortzaileak gara. Jendeari esaten diogu: «Zure proiekturako laborategi bat behar duzu? Guk badaukagu bat». Unibertsitateek, gizarte zientzietako jendeak, enpresariek... hausnarketarako leku bat behar izaten dute. Bada, hauxe da. Gu udal museo bat gara, eta udala ere gurekin bat dator horretan. Museoko taldean gorabeherak egon dira, baina egonkortzea lortu dugu, eta horrekin museoaren etorkizuna bermatzea lortu behar dugu.

Gaitegian aldaketak egon dira?

Lehengo gure zientziaren astea zientziaren hilabetea bilakatu da orain. Hainbat eragilek parte hartzen dute bertan: herritarrek, erakundeek... jende askok. Iazko gaia taula periodikoaren nazioarteko urtea izan zen. Aldi baterako erakusketa jarri genuen, eta aurrera egin. Aurtengo gaia landareen osasuna zen. Baina pandemia etorri zen, eta esan genuen: «Goazen txipa aldatzera». Badakizu zer egin genuen?

Zer?

Merkatarientzako formazio ikastaro bat antolatu genuen,UNEDekin batera. Bergarako Udaletxeko garapen ekonomikoko teknikariak ere parte hartu zuen lanketan. Gero, Goienarekin batera, sare sozialen bidez norberak bere produktuak nola saldu ere irakatsi genuen. Bideoak grabatu ditugu, eta ztbergara.eus webgunean bildu. Gizartean ditugun arazoei eta kezkei keinu bat egiten diegu beti, eta eragileen arteko elkarlana sustatu.

Egoera berriak behartu zaituzte plangintza berri bat egitera?

Gure ildoak berberak izango dira: ikerketa, kontserbazioa eta zabalkundea. Baina egoera hau ongi etorri zaigu aurreko erritmo hura gelditu, eta esateko: «Zer da behar duguna?». Bada, belarriprest egotea. Horixe da behar duguna. Aurrekontuak murritzagoak izango dira, garai zailak datoz, horrek eragingo digu, baina gu goazen geurea egitera. Erakusketak egiten jarraituko dugu, aukera berrietara egokitzen, eta oso garrantzitsua: jendeari galdetzen. Museo askok egiten dute akats hori: galdetu gabe antolatu erakusketak, euren kasara. Badituzu eragileak, badituzu kontaktuak, badituzu irakasle motibatuak... jo haiengana, eta galdetu: «Aizue, hau interesatzen zaizue?». Eta hemengo ikerlariak ekarri, jarri aurpegia haiei, oso-oso onak dauzkagu hemen, eta saiatu behar dugu jendeari errealak direla erakusten. Emakumezkoak ere badaudela erakusten. Errealitatera jaitsi behar dugu, eta ekin.

Online aritzeak eman dizue beste publiko batengana iristeko aukera?

Aurrerapen digitalak aukera berriak eman dizkigu. Asteburu honetan, adibidez, ilustrazio zientifikoari buruzko tailer bat eman behar dugu. Normalean, presentzialki izaten zen. Demagun botanikari buruz: ilustratzaile profesionalak etortzen dira, eta ematen dute. Zer gertatu da aurten? Gure bildumako hegaztiei buruzkoa genuela antolatuta. Presentzialki egitea ez zen posible, noski. Eta erdi presentzial erdi online antolatzea bururatu zitzaigun. Hemengoak direnak etor daitezela, eta besteek jarrai dezatela online. Badakizu nondik apuntatu zaigun jendea? Mexikotik, Kolonbiatik... Laboratoriumaren ikastaro batean, gure hegaztiak marrazten, eta toki horietatik. Hori oso aberatsa da. Pandemiak, beraz, ekarri ditu gelditzeko etorri diren gauzak ere.

Herriko gazteak-eta hurbiltzen dira museora?

DIPC Donostia International Physics Centerren bidez Nobel saridun bat ekarri genuen iaz. Passion for Knowledge jardunaldiak antolatzen dituzte, eta, ezagutzen gaituztenez, eskatu genuen Bergarara ekartzea posible ote litzatekeen. Eta ekarri egin ziguten! Sekulakoa izan zen. Ikusi behar zenituen gazteak herriko plazan harekin argazkiak ateratzen, Messi balitz bezala. Hori sekulako arrakasta da. Helburua beteta. Jende motibatuak lortzen ditu horrelako gauzak. Zientziaren eta hezkuntzaren beharra agerian gelditu dira, inoiz baino gehiago, eta goazen sareak osatzera. Elkarlanean lan egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.