ATZEKOZ AURRERA. Wednesday Silva. Kreoleraduna

«Kreolerak koofiziala izan beharko luke»

Silvak portuges kreolera du ama hizkuntza, eta ez du uste galzorian dagoenik. Urteak daramatza Euskal Herrian, eta azpimarratu du euskara ikasteko orduan jarrera dela garrantzitsuena.

JON URBE / @FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Iñigo Satrustegi Gasteiz
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ginea Bissauko kreolera izango dute mintzagai gaur Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Horretarako, Wednesday Silva (Bissau, Ginea Bissau, 1976) gonbidatu dute hilabete honetako Hitz Adina Mintzo zikloaren hitzaldira. Silva ginearra da jaiotzez, baina Oñatin (Gipuzkoa) bizi da gaur egun.

Gaurko hitzaldian kreolerari buruz arituko zara. Nola sortu zen kreolera hori?

Ni portuges kreoleraren hiztuna naiz. Pidgin hizkuntza gisa definitzen da, hau da, bi hizkuntza edo gehiago hitz egitearen ondorioz, bakarra sortzen denean. Gure kasuan, portugesa da oinarria. Portugesek erraz uler dezakete gure hizkuntza, baina baditu balantera, papelera edo manjakera hizkuntzen elementuak, zonaldearen arabera.

Eta zein da kreoleraren egoera?

Nik esango nuke egoera ona dela. Txosten jakin batzuen arabera, ez da horren ona, baina ni ez naiz horiekin fidatzen, ezagutzen ditudan ginear guztiak kreoleraz mintzatzen baitira. Portugesa da hizkuntza ofizial bakarra, baina eskolatuak daudenak baino ez dute ezagutzen. Kontuan hartu behar da zer ehuneko dagoen alfabetizatua, gainera. Kreolera da gure komunikatzeko hizkuntza: etxean, kalean, baita eskolan ere. Adibidez, jolastokira ateratzen ginenean, kreoleraz egiten genuen, eta kalean portugesez aritzen direnak pijotzat hartzen dira.

Ez da hizkuntza ofiziala.

Hori da. Guztiok erabiltzen dugun arren, ez dago alfabetizatuta, eta, gainera, ez du errekonozimendu instituzionalik. Nire ustez, koofiziala izan beharko luke, Cabo Verden bezala. Hala ere, ahozkoan baino ez da egiten. Horregatik, administrazioan harrera kreoleraz egingo dizuten arren, paperetan portugesez azalduko da dena. Gure arteko komunikazio informaletan ere berdin gertatzen da: Whatsappean, esaterako, portugesez idazten dut.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Ginea Bissaun?

Hizkuntza ofiziala portugesa da, baina ginear gehienon ama hizkuntza kreolera da. Gero, bestalde, badira etnia desberdinek hitz egiten dituzten beste hainbeste hizkuntza.

Zein da erronka nagusia orain?

Ez dut uste desagertzeko arriskuan dagoenik. Gineako populazioa aztertuz gero, ez da hizkuntza nagusia, baina hitz egin daiteke eta hitze egiten da. Hizkuntza minoritarioa da, ez gutxitua.

Gaur egun kreoleraz egiteko aukerarik ba al duzu?

Asko ez, inguruan ez dudalako ginearrik. Bilbon ezagunen bat badaukat, eta haiekin bai kreoleraz aritzen naiz, baita nire anai-arrebekin ere. Egia da hainbeste urteren ondoren zertxobait herdoilduta dudala eta espainolezko hitzak sartzen ditut.

Nola bukatu zenuen Oñatin?

Pixka bat kasualitatez, egia esan, [Portugalen] ikasten ari nintzen, eta lagun oñatiar bat neukan han. Gero, masterra ikasteko eskaera egin nuen, eta onartu egin zidaten; beraz, hona etorri nintzen. Duela 14 urtetik bizi naiz hemen.

Zaila izan al zen integratzea?

Ez pentsa. Ezagunak nituenez, integrazio prozesua oso arina izan zen. Euren kuadrilletan sartu nintzen, eta esan daiteke ez nintzela bakarrik etorri. Gainera, ikasketak bukatutakoan lana topatu nuen, beraz, Oñatin geratzea erabaki nuen.

Euskara ikasi zenuen zuk. Zaila izan al zen?

Euskal Herrira iritsi nintzenean, ez nuen ezer ulertzen, eta nire lagunek gaztelerara jotzen zuten. Orduan erabaki nuen euskaraz ikasi behar nuela. Bi urte eman nituen euskaltegian, eta, gaur egun, gai naiz euskaraz bizitzeko. Idatziz euskara batuan egiten dut, baina ahozkoan oñatiarrez. Ez dut uste zaila denik; jarrera kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.