ATZEKOZ AURRERA

Krabelin gorriak, izenak gogoan

Hamar urte bete dira Bangladeshko Rana Plaza eraikina erori eta ehungintza sektoreko mila langile baino gehiago hil zirenetik. Setem elkarteak omenaldia egin zien hildakoei Iruñean.

Bangladeshko Rana Plazan duela hamar urte hildako langileen omenez Setem elkarteak egindako ekitaldia, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Beltzez jantzi zen atzo Iruñeko Sarasate pasalekua, kalea doluz bustiz. Krabelin gorriak banan-banan sakabanatu zituzten Setem elkarteko kideek. Hamar urte pasatu dira Bangladeshko Rana Plaza eraikina erorita ehungintzan lanean ari ziren 1.138 lagun hil zirenetik. Ahanzturaren kontra egiteko, pasalekuaren erdialdean haien izenak idatzi zituzten, eta, horietako bakoitzaren aurrean, haien argazkiak. Piztutako kandelen eta intsentsuaren usainaren artean, beltzez jantzitako emakume bat agertu zen, eta poliki-poliki hari hori batekin josten hasi, Bangladeshen hildako langileen mamua balitz bezala.

2013ko apirilaren 24an erori zen Rana Plaza eraikina, Dhaka hiriburuan. Nazioarteko marken arropa egiten zuten 1.138 pertsona hil ziren, eta 2.000 lagun baino gehiago zauritu. Biktimen senideek eta bizirik atera zirenek kalte ordainak eskatu zizkieten enpresei, eta, bi urteko kanpainaren ondoren, eskuratu zituzten.

Hildakoak gogoratzeko elkartu zirela esan zuen Banesa Cisneros Setemeko kideak, baina baita egoera salatzeko ere: «Enpresakoek bazekiten eraikinaren baldintzak ez zirela seguruak. Aurreko egunean eraikina hustu zuten,arriskutsua zelako, baina langileak lanera itzultzera behartu zituzten mehatxuen bitartez». Oholtza batean igota, Cisnerosek irakurritako oharra hainbat elkartek sinatu zuten: Martes al Sol, Nafarroako Ehungintza Foroa, Emauseko Trapuketariak, Joskera Ahaltsua, Madre Coraje eta Geltoki. Ozenki irakurritako hitzek herritarrak erakarri zituzten, eta isil-isilik kartelak irakurtzera hurbiltzen ziren.

«Rana Plazan gertatu zena ehungintzaren historiako tragediarik handiena izan zen», adierazi zuen Cisnerosek. Hizlariaren ahotsa pasalekuan zabaldu zen bitartean, turista talde bat agertu zen kale amaieran, entzungailuen bitartez gidaren azalpenak entzuten. Omenaldira hurbiltzerakoan, turista horietako batek entzungailuak kendu, eta ingelesez galdetu zion eskuan krabelin gorri bat zeukan emakumeari pankartaren esanahiarengatik: Rana Plaza gogoan. Akordioa sinatu!. Esanahia ulertu eta gero, turista herbeheretarra taldetik aldendu zen, eta krabelin gorri bat hartu zuen, omenaldian parte hartzeko asmoz

Hizlariak, oholtzatik jaitsi, eta lekua utzi zion Suakai elkarteko Claudia Oses biolinistari. Instrumentua bere kutxatik atera, eta jotzen hasi zen. Biolinaren lehendabiziko notekin batera omenaldira hurbildu zirenek hildakoen izen zerrendaren gainean beren krabelina utzi zuten, emeki. Herbeheretarrak, besteen ekintzak ikusita, bere lorea hartu, eta oroitarriaren gainean kokatu zuen.

Zenbakiak baino gehiago

Osesek kontzertutxoa amaitu eta gero, Cisnerosek mikroa hartu zuen berriz: «Zenbaki horiek izen eta deiturak dituzte. Rana Plaza erortzea ez zen istripua izan; eragotzi zitekeen». Etorkizunean berriz ez gertatzeko, 2021ean 195 markak Nazioarteko Akordioa sinatu zuten. Hala ere, oraindik akordioa sinatu ez duten hainbat enpresa daude: Levi's, Decathlon, Amazon eta Ikea, besteak beste. «Ez dugu atsedenik hartuko zigorgabetasun korporatiboa amaitzen duten legeak arautu arte. Rana Plaza berriro ez!», esan zuen Cisnerosek. Minutu bateko isilunea egiteko eskatu zuen hizlariak, duela hamar urte ehungintzako enpresan hil zirenen omenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.