Baionako bestak. Potreta. Panpi Saint-Marie. ELB-ko laboraria

«Kostaldearekin zubiak eraiki behar ditugu»

Egunero Chaho kaian dabiltza ELBko 30 bat laborari apairuak proposatzen. Aurtengo berritasuna da, eta biziki kontent dira.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Besten erdian da Laborarien Xokoa, eta leku interesgarria dela dio Panpi Saint-Mariek: «Sekulako plaza da guretzat, erakusteko ELB, mozkinak; agertzeko, halaber, badela beste laborantza ikusmolde bat».

Zer-nolako harrera duzue festazaleen partetik?

Ohar baikorrak entzuten ditugu, jateko ona dela, gune polita dela, ez dela garesti… Ostalerrekin izan den polemikaren berri ere badute. eta sostengatzen gaituzte. Inpresio biziki ona dut.

Besta egiteaz gain, festazaleek ontsa jan nahi dutela ere senti duzu?

Bai, bai. Beren erranetarik ateratzen dudan ondorioa da senti dutela ostalerrak haietaz baliatzen direla. Batek erraten zidan steak zati bat frijitukiekin 26 euroan jan zuela. Izugarri kario da! Ez dugu logika horretan sartu nahi. Guk atzarki landua eta kalitatezkoa bost euroan eskaintzen dugu! Luzera begira hemen instalatzea, kalitatea eskaintzea eta mezu bat pasaraztea, hori dugu helburu.

Egia da jatetxe anitzek dituztela bestak baliatzen prezioak emendatzeko. Zuek, beraz, ez zarete logika horretan sartu.

Haiek ikuspegi labur batean dira, zenbait egunez nahi dute urteko negozio zifraren erdia-edo egin. Gure ikusmoldea ez da hori. Gurea denboran kokatzen da, harremana eta konfiantza sortu nahi dugu. Guk badakigu egungoa ez dela egun gelditzen, festazale horiek beharbada gure mozkinen biharko erosleak izanen ditugu. Pedagogia lan bat badugu egiteko hiritarren eta kontsumitzaileen gain. Konpreniarazi nahi diegu posible dela hemengo mozkinak jatea, ez baitezpada garestiki. Harreman justu batean aritu behar dugu, guk ere bizi behar dugulako, baina arrazoi batean, eta hori konfiantzan oinarritzen da. Izan dira eskandaluak, zaldikia behiki gisa saldu izan da... Horren ondoan beste laborantza mota bat badela erakutsi nahi diegu. Egian eta balio batzuetan finkatzen den laborantza da. ELBkook hori barneratua dugu, badugu ardura kolektibo bat, ez dugu tronpatu behar jendea.

Beraz, zehazki, zer eskaintzen diezue festazaleei?

Mozkin gehienak Idokikoak dira, kalitatezko karta batean oinarriturik eta biologikoak ere badira. Ogia Herriko dugu. Normala egitea posible genuen, baina hor ere pedagogia lana egin nahi izan dugu. Hemen beti izan da ogia, baina galdu zen, eta EHLGk berriz bultzarazi nahi du. Hanburgerrak ere proposatzen ditugu, EHZ-an hasi ginen eta arrakasta handia du. Ez nuen sekula pentsatuko ELB-ren izenean hanburgerrak salduko genituela! [irriz] Baina ez da izenari mugatu behar, kalitatezko gauzekin egiten bada, ona da! Merkatua ere bada, nahi izanez gero erosi.

Sindikatu bat zarete. Beraz, harri batez bi txori; zuen borroka sindikala diruztatzea helburu duzue?

Gu sindikatu pobrea gara. Kotizazioekin bakarrik bizi gara, hiru langile ditugu; beraz, dirua behar dugu. Orain zaila da, edo behar ditugu kotizazioak emendatu edo beste diru iturri batzuk xerkatu. Pentsatu dugu kotizazioak emendatu ordez hobe dugula laborariei galdetzea hemen egun bat lanean aritzea. Errazki bildu ditugu laborariak. Gainera, kontent dira jiteaz, giro biziki onean gara, antolaketa onean. Etxaldetik ateratzeak on egiten du; gainera, arrazoi on batentzat denean oraindik gehiago!

Beste urteetan hemen izatea espero duzue?

Hala espero dugu. Sekulako plaza da guretzat, erakusteko ELB, mozkinak, beste laborantza ikusmolde bat… Lehen urtea da, tarrapatan egin dugu; beraz, alde pedagogiko hori hobetzekoa da, esplikatzeko beste tresna batzuk sortu behar ditugula. Jendea hemen delako! Bakarrik Ipar Euskal Herrian, kostaldean den jende hori guztia asetzeko badugu merkatua; beraz, zubiak behar ditugu eraiki, eta hau da zubi bat. Lurrama zubi bat da, hau ere bai… Lurrama ttipi bat behar da bilakatu.

Besta egitera eskapatuko zarete ala bakarrik lanerako etorriak zarete?

Laborari anitzek galdegiten zidaten ea eskapatzen ahalko ziren bestara. Gazteek nahiko dute hara joan, baina gehienak hemen berean gelditzen dira, elkar ikusteko okasioa ere badelako. Kalma delarik, biltzen dira multzoka, trago bat edanez eta izugarri kontent dira. Hemen berean egun goxoa pasatzen dugu, lanean giro goxo-goxoan, eta, beraz, azkenean besta ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.