Kosmogonia partituretan

Urtantaren lehen kontzertua egin dute Hondarribian. Nestor Basterretxearen bizitokian haren serie kosmogonikoa musika bilakatu da. Diziplina ezberdinetako artistak aritu dira ikuskizunean.

Et Incarnatus Orkestra eta Donostiako Orfeoia, herenegun, Hondarribian. BERRIA
Et Incarnatus Orkestra eta Donostiako Orfeoia, herenegun, Hondarribian. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Hondarribia
2024ko uztailaren 24a
05:00
Entzun

Liturgia hasi da. Hondarribiko (Gipuzkoa) Arma plaza beteta dago. Eguzkia apaldu denean, zerua itzaltzen hasi den une horretantxe, hasi da erritua. Errementariek izkina batean dagoen sutegia piztu, eta hauspoak argiz bete du plaza. Donostiako Orfeoiko kideak aulkien artean dauden korridoretik gerturatu dira eszenatokira. Argizari Ederra herri kanta kantatzeari ekin diote, eskuetan kandela bana dutela, eta, kantaren amaieran, plaza isildu denean, oholtzan utzi dituzte, ertzetan. Orduan hasi da dena.

Urmugaren Urtantaren lehen emankizuna berezia izango zela aurreikusi zuten, eta halakoxea izan da, ikuskizun bakana udako gau giro epelean. Nestor Basterretxearen (Bermeo, Bizkaia, 1924–Hondarribia, 2014) bizitoki izan zen herrian haren serie kosmogonikoa musika bilakatu dute, euskal mitologia partituretara eramanez; haren eskulturak doinu bilakatu dira, marrazki, eta argi, ezen kantaz kanta, hitzez hitz, artistari gorazarre egin diote haren jaiotzaren ehungarren urteurrenean. Arma plaza tenplu txiki bat bihurtu da horrela, eta hantxe agertu dira jainkoak eta jeinuak, deabruak eta sorginak, elezaharren artean... Eta Mari, Amalurra, Intxixu. Eta Majue...

(ID_17217220638005) Urtantaren kontzertua Hondarribian.
Hondarribiako Arma plaza mukuru zegoen kontzertuan. BERRIA

Et Incarnatus orkestra izan da haria. Migel Zeberio zuzendaria aritu da euskal kanta zaharrak eta konposizio berriak uztartuz aurtengorako propio sortutako errepertorioaren tenpoak zehazten, berera eta denera, diziplina ezberdineko artistekin osatutako ikuskizunean denari adi. Maika Etxekoparren eta Olaia Inziarteren ahots arras leunak izua, kea, sua, Ni sorgin bat naiz kantatzen, akelarre batean bezala, sorginak erre zituzten lekuen izenak zerrendatzen. Eta, ondoren, akaso unerik hunkigarriena: Baga, biga, higa, eta errementariak mailuarekin kolpe txiki erritmikoak ematen ingudean.

Marrazkiak gotorlekuan

Jon Esnaola konpositore gazteak sortutako piezek eskultura seriea izan dute oinarrian: «Basterretxea eta magia izan ditut buruan momentu oro piezak konposatzean. Ni ere asko hunkitzen nau mitologiak. Beste mundu batera eramaten gaitu, mundu mistiko batera, eta badirudi galdu egin den mundua dela, baina hor dago». Eta eskultorearen iruditeria mitologikoak, musikaren formaz gain, marrazki forma ere hartu du ikuskizunean. Xabier Lozanoren argiztapena gotorlekuaren paretan proiektatuta, zuzenean; koloreak, formak eta letrak, iradokitzaile. Asisko Urmeneta ere harat-honat, gidoilari, eta, horrela, sortzaile guztien artean, beste sortzaile handi hura omentzen, hura ere diziplina ezberdinetan aritu baitzen, mundu ikuskera berezi batekin, eta haren legatu oparotik edaten, iturri zaharretik ur berria nola, plaza tenplu bilakatuta.

Itzaltzuko Bardoa amaiera aldean: «Gaur mende batzuen ondotik, kondairaren oihartzuna entzun nahirik lur honi so». Eta, azkenik, denak batera Carmina Burana kantata, beste une ahaztezin bat. Arantzazun (Gipuzkoa), euskal kulturaren tenploan, sinbolismoz betetako lekuan, emanaldi hori bera errepikatu zuten atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.