Korrikarekin lotutako 'BatZuk. Euskararen lau aurpegi', etzi, ETBn

Maika Etxekopar, Dani Alvarez, Elena Caballero eta Ander Larunbe dira dokumentaleko protagonistak

Maika Etxekopar Zuberoako antzerkilari eta musikaria, dokumentalaren irudi batean. ETB.
urtzi urkizu
2017ko martxoaren 11
00:00
Entzun
AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak bideoklip bat eta dokumental bat egiteko enkargua egin zion Hiru Damatxo Ideia Faktoriari, aurtengo Korrikari bultzada emateko. Bideoklipa abenduan estreinatu zuten, eta, azkeneko asteetan, BatZuk. Euskararen lau aurpegi dokumentalaren proiekzioak egin dituzte. Telebistaz aurreneko aldiz datorren astelehenean ikusi ahalko da dokumentala, ETB1 katean, 22:30ean.

Kepa Matxainek zuzendu du dokumentala. Gogorarazi du Korrikaren inguruan azkeneko urteetan ikus-entzunezko erreportaje asko egin direla, eta urteko mezuaren inguruan ardaztu ohi direla. «Dokumental berri honetan, batez ere, Korrikak aurten plazaratu nahi duen mezua hartu dugu aintzat. Aurten, BatZuk leloarekin euskaldun izateko aniztasuna dagoela zabaldu nahi dute. Kontatzeko moduan eta edukian saiatu gara leloarekin bat egiten».

Korrikaren aurreko ikus-entzunezkoetan pertsona ugari agertzen ziren. Hiru Damatxok aurten dokumentalean lau lagun aukeratu ditu, eta horien bizitzetan eta euskararekin duten harremanean sakondu dute. «Ez hori bakarrik. Forman ere beste era batera saiatu gara. Ez genituen jarri nahi kameraren aurrean hitz egiten, besterik gabe. Haien eguneroko bizitza grabatzen saiatu gara», azaldu du Matxainek. Lau protagonistak honako hauek dira: Maika Etxekopar antzerkilari eta musikaria, Dani Alvarez EITBko kazetaria, Elena Caballero La Basu rap kantaria eta Ander Larunbe erdi eskoziar erdi iruinsemea eta Iruñeko herri mugimenduetan ezaguna. «Dokumentalean ez dira inoiz agertuko kameraren aurrean hitz egiten, baina off-eko ahotsaren bitartez kontatuko dute zein den euskararekin duten istorioa».

Hiru Damatxoko kideak nabarmendu du dokumentalak amaieran ez duela tesirik edo ikasbiderik. «Lau lagun horien istorioa kontatzen da, eta kito. Istorioetako batekin bukatzen da». Hori ere «nahita» egina dagoela azaldu du lanaren zuzendariak: «Korrikak nahi zuen euskaldun izateko modu asko daudela islatu, eta guk ere erabaki dugu hau argazki bat dela. Beste batzuk izan zitezkeen, baina lau hauek daude,beste askoren artean. Gero, ikusle bakoitzak atera ditzala bere ondorioak».

Telebistako emanaldiaren ostean, EITBk nahieran zerbitzuan zazpi egunez jarriko du ikusgai. Asteartetik aurrera, gainera,AEKren Youtubeko kanalean ikusi ahalko da. Euskaltegietan, DVDa zabaltzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.