Euskara

Korrika, era birtualean ere bai

Ez soilik aurrez aurrekoa: aurten, martxoaren 25ean, Korrika birtuala egiteko aukera ere egongo da, Game Erauntsiari eta AEKri esker; batik bat, nerabeengana iristeko.

Donibane Garazi, Errobi ibaia alboan duela.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Nagienek izan dezakete aurten ere aitzakiaren bat Korrikan lasterka ez egiteko; ez, aldiz, euskararen aldeko pausoak emateko. Izan ere, Game Erauntsia elkarteak eta AEK-k egindako hitzarmen bati esker, 22. Korrika era birtualean egiteko aukera egongo da. Euskal Herriko zazpi hiriburuak zeharkatzea izango da helburua, Amurriotik (Araba) hasi eta Donostiaraino, Minecraft bideo jokoa erabilita. Martxoaren 25ean izango da, 18:30ean, eta, beharrezkoa ez bada ere, antolatzaileek aurrez izena ematea aholkatu dute.

Game Erauntsia elkarteko kideetako bat da Maitane Jungitu, eta Korrika birtualaren aurrekariak izan ditu gogoan. Azaldu duenez, elkarteak 2015ean antolatu zuen lehendabizikoz, baita 2017an ere. Hala ere, aurten proposamena AEKri bidali, eta elkarlanean aritzeko baiezkoa jaso zuten. «Era honetako bideo jokoen bidez, zailagoa den audientzia batera iristeko aukera dago, hala nola nerabeengana; nekeza da adin tarte hori Korrikara erakartzea». Horregatik, baloratu zuten «aukera on bat» izan zitekeela birtualaren alde egitea, eta, elkarteak, gainera, helburu zuen euskara bideo jokoen arloarekin uztartzea ere. «Badirudi ez direla bateragarriak, baina hori gezurra da; horrelako ekimenek erakusten dute posible dela».

Bada, aurrekariak egonda, eta Euskal Herriko maparen lehen haziak ereinda, azken asteotan txukunketak egiten aritu dira parte hartzaileak, auzolanean, ibilbide ofiziala ahalik eta gehien errespetatzeko asmoz. Esate baterako, Amurrioko plazaren erreplika bat egin dute zerbitzariak eskura jarritako baliabideekin, eta baita Mauleko plaza eta Gasteizko Buesa Arena kirol aretoa ere. Izan ere, Jungituk zehaztu duenez, lehen asmoetako bat hiriburuak eta leku sinbolikoak atontzea izan da, nahiz eta parte hartzaileen sormenari ere bide eman nahi izan dioten. Horren adibide da Murgia (Araba) eraiki izana, baita Zugarramurdi ere(Nafarroa) .

Are, eraikuntza horietarako elkarlanean aritu dira parte hartzaileak, esteka batean sartzea aski izan baita parte hartzeko. Eta elkarren artean komunikatzeko, berriz, Discord zerbitzaria erabili dute; deiak egiteko aukeraz gain, badu txata eta komunikazio gelak sortzeko aukera ere, Jungituren hitzetan. Beraz, modu horretan lagundu dute elkar, edo, besterik gabe, aritu dira egindakoaren berri ematen.

Lekukoa, hamar aldiz

Hamar kilometro egingo dira ibilbidean, eta, beraz, hamar aldiz pasatuko da lekukoa, baina horretarako izena eman behar da martxoaren 23a baino lehenago; horien artean, zozketaz erabakiko da nork eramango duen, eta aukera egongo da AEK-ko sariak ere eskuratzeko. Ordea, lekukoa eramateko interesik eduki ezean ere, Jungituk aholkatu du izena emateko, zerbitzariak duen gaitasunarengatik parte hartzea itxi beharko dutelako agian. Hala ere, abisatu du sare sozialei adi egiteko, bertan emango dutelako informazio gehiagoren berri.

Dena den, parte hartzeak ez du zertan aktiboa izan, zuzeneko emankizuna egingo baitute Twitchen bidez. «Bideo jokoen kontsumorako baliabide bat da, bideo jokoak era pasibo batean kontsumitzeko ere balio duena, besteek nola jokatzen duten ikusiz», azaldu du Jungituk, Interneten euskara sustatzeko ere balio duela gaineratuta.

Beraz, era aktiboan edo pasiboan izan, elkarteko kideak parte hartzeko deia egin du, eta bideo jokoen inguruko ikuspegia aldatu beharra ere aldarrikatu du. «Estereotipo negatiboekin lotuta egon ohi dira, baina, kasu honetan, gauza positibo baterako ari gara erabiltzen; euskara ardatz hartuta, sormena eta elkartasuna sustatzea da asmoa». Gainera, ziurtatu du «giro ona» egongo dela, eta Korrika birtulean parte hartzeaz gain mini jokoetan ere jokatu ahalko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.