Korrika bakarra da euskaltzale asko eta askorentzat. Paregabea. Parekorik gabea. Baina Korrikak baditu ahizpak, beste hizkuntza gutxitu batzuen alde egiten diren lasterketak. Horietako bat da La Passem, okzitaniera babesteko eta hauspotzeko egiten dena. Asteartean hasi zen, Tarben, eta gaur amaituko da, Mont-de-Marsanen (Okzitania). Tartean 1.100 kilometroko ibilbidea egiten ari dira, egunez eta gauez lasterka, Ligams elkarteak antolatuta. Hirugarren aldia du aurtengoa.
Kilometro horietako batean, 920.ean, AEK-ko ordezkarien eskuetan urratu du bidea lekukoak. Larunbata da, eta 16:15erako zain dira AEK-ko kideak Capbretonen (Okzitania). Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea eta Maider Hegi AEKren Ipar Euskal Herriko lehendakaria ere bertan dira. Elordiren esanetan, ezinbestekoa da euskarari ez ezik gainerako hizkuntza gutxituei ere sostengua ematea: «Beharrezkoa ikusten dugu hizkuntza gutxiagotuen sare bat antolatzea. Kasu honetan oso gertukoak dira, eta antzeko egoerak bizi ditugu. Guk 23 Korrika egin ditugu, haiena hirugarren aldia da, baina elkarren eskutik joatea beti da garrantzitsua». Izan ere, Hegiren esanetan, aldebiko lankidetza dute: «Haiek ere gure Korrika guztietara etortzen dira, kilometro bat hartzen dute; beraz, guk ere berdin, elkartasunez».
AEK-ko kideak ordurako daude kilometro markatzailearen ondoan, baina norbaitek eman du abisua: «Ordubete berandu dator». Kontu kontari ari diren bitartean, bozina hotsa. Badator petoneta. Gelditu da, baina ez da petorik barruan; kamisetak eta biserak dituzte salgai. Salmenta ona egin dute. «Mila esker» esanez eskertu diete, euskaraz.
«Beharrezkoa ikusten dugu hizkuntza gutxiagotuen artean sare bat antolatzea».
ANE ELORDIKorrikaren koordinatzailea
Baten batek ikusi du furgoneta: «Badator, badator». Banderak eskuan batu dira AEK-ko kideak: AEK-koak, Korrikakoak, ikurrinak... Itxura batera, Korrikaren nahiko antzekoa da: furgoneta bat du aurrean, musika eta esatari eta guzti. Elordik hartu du lekukoa lehenengo. «Tipi-tapa tipi-tapa, Korrika», oihukatzen dute korrikalariek. Eta festa eta aldarrikapena nagusitu dira. «Pichon-pachon, pichon-pachon, La Passem!», erantzun diete furgonetatik.
Eta denek egin dute bat: «Pichon-pachon, pichon-pachon, La Passem!». Giro ona nagusi: «Hainbeste entsegu egin ditugu, eta, azkenean, euskaraz esan dugu». Eskuz esku igaro da lekukoa kideen artean. Kilometroa amaituta, eskerrak emanez agurtu dute elkar batzuek eta besteek.
Ahizpa gehiago
Korrikaren gisara, bi urtez behin egiten da La Passem egitasmoa. Okzitaniera transmititzeko eta hobetzeko proiektuetara bideratzen dute kilometroak salduz lortzen duten dirua. Korrikaren ahizpetako bat da; ez bakarra, ordea, Elordik azaldu duenez: «Maiatzaren 17an abiatuko da bretoieraren aldekoa [Ar Redadeg], eta AEK-k 20 goizean hartuko du kilometroa. Eta maiatzaren 17an abiatuko da Alsaziako [Frantzia] Korrika ahizpa ere [Sprochrenner]. Beraz, udaberri hau topera bizi dugu».