ATZEKOZ AURRERA

Kordoiak eta pankartak

San Blas azokak 76 ekoizle eta 160 abelburu elkartu ditu Abadiñon. Goizetik bildu da jendetza, ekintzaz betetako programazioaz gozatzeko. Protesta egiteko eguna ere izan da.

Gorabide elkarteak urtebete darama hitzarmena negoziatu nahian. BERRIA.
Olatz Silva Rodrigo.
Abadiño
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
«Zenbat dago Trañatik Abadiñora?». Irrikan zegoen atzo goizean jendea Traña-Matienan (Bizkaia), tren geltokitik hurbil dagoen autobus geltokian. Abadiñora ahalik eta lasterrena heldu nahi zuten. Izan ere, egun garrantzitsua zuten han: San Blas azokako eguna. Abadiñoko Udalak lotura autobusak jarri zituen trenetik azokara hurbiltzeko. Hala ere, askok nahiago izan zuten oinez joan. Pandemia aurreko irudia berreskuratu zuen herriak atzo, inoiz baino postu gehiagorekin eta ekintzaz betetako programazioarekin. Orotara, 76 ekoizle eta 160 abelburu bildu ziren. Goiz-goizetik bildu zen jendetza azokaz gozatzera.

Autobusa hartzen zutenek hamar minutu baino gutxiago behar zituzten Abadiñora ailegatzeko. Hala ere, manifestazio batek goizeko autobus batzuk oztopatu zituen. Gu gabe ez dago zaintzarik lelopean, azokaren esparrua gurutzatu zuten zahar etxeetako langileek, kamiseta berdeak jantzita.

Zelaietako trinketeko aparkalekutik ere igaro ziren, han baitzegoen azokaren esparru nagusia: nekazaritzako merkatua. Ekoizleek bertan jarri zituzten salgai urte osoan landutako produktuak. Joseba Villacorta Erlan eztia saltzen ari zen. «Aurten oso ezti gutxi atera dugu, eta hori saltzera etorri gara; bereziki urte txarra izan da, lehortea dela eta», aitortu zuen. Villacortarentzat, azokek alde polita dute: «Jendearekin topo egiteko aukera dugu, gure lan egiteko modua azaltzeko eta elikadura osasuntsuaren kultura sustatzeko».

Eztia eta gaztaz gain, esnekiak, fruta, sagardoa eta txakolina ere bazegoen salgai. Eta, San Blas azokan falta ezin dena: San Blas opila. Besteak beste, Maite Leanizbarrutiak eraman zituen opilak, Elorriotik (Bizkaia): «Eguna primeran doa. Euskal pastelak ekarri ditugu, eta denak saldu ditugu; opilak ere ari dira saltzen». 28 urte daramatza azokara joaten. «Azoka oso berezia da niretzat; Elorriokoa izanda, jende pila batek ezagutzen gaitu. Pentsatzen dut ekoizle guztiak ariko garela ondo saltzen, jende pila bat dagoelako». Plazatik hurbil, San Blas erroskillak eta opilak saltzen ari zen Cristina Tejedo, baita eztarria zaintzeko kordoiak ere: «Bederatzi egun igarota, erre egin behar da». Berak ere bazuen kordoia jantzita. Txikitatik saldu ditu horrelakoak. «Aitona hasi zen, gero aita, eta orain ni».

Ordubete taloa erosteko

Ganadu azokarako karpa irekiak jarri zituzten Trinketaren atzealdean. Horren ondoan zegoen Probalekuan, berriz, herri kirolak antolatu zituzten eguerdian. Ordu berean, bertsolariak jaia girotzen hasi ziren agertoki nagusian. Bertsoak entzun bitartean, jendea ilaran zegoen plazan, taloa erosteko zain. Elur Telleria taloak egiteko postu batean zegoen. Seguratik (Gipuzkoa) joan zen Abadiñora: «Taloak egiten dituen hirugarren belaunaldikoa naiz. Ilusio handiz etortzen gara, eta pandemiaren ondoren, oraindik gehiago; giro itzela dago». Gizon eta emakume bat Telleriaren aldamenera heldu ziren. Euren txanda zen: «Ordubete daramagu ilaran».

Taloa eskuan, bertsoak entzuten ari ziren Igone Beldarrain eta Andima Fernandez ama eta seme mungiarrak. «Ahal dugunean etortzen gara, buelta bat eman, taloa jan eta erosketa batzuk egitera», azaldu zuen Beldarrainek.

Zahar etxeetako langileek bezala, Gorabide elkarteak protesta egiteko erabili zuen eguna. Elkarretaratzea egin zuten, otsailaren 8an greba egingo zutela argi uzteko. «Urtebete daramagu hitzarmena negoziatu nahian, 2019an iraungi zelako», azaldu zuen Begoñe Markina langile batzordeko kideak.

Jende jarioa etengabea izan zen goizean. Eta, Leanizbarrutiaren ustez, oraindik egunaren momenturik «onena» falta zen; jende gehiago espero zuen gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.