ATZEKOZ AURRERA. Roberto Etxebarria. Trikitilaria

«Koplak beste doinu batzuetan jo ditugu»

Miren Etxebarria alaba gazteenarekin batera, 'Hamaikatxu kopla... pandero baten konture!' diskoa plazaratu du Bizkaiko trikitilariak. Sustraietara jo nahi izan dute aita-alabek lan horretan.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Nerea Lauzirika.
Maruri-Jatabe
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Roberto Etxebarria (Gatika, Bizkaia, 1969) oraindik umea zela hasi zen trikitia jotzen. Ordutik, Rufino Arrolarekin eta Kepa Arrizabalagarekin jo izan du, besteak beste. Egun, Miren alaba du bikotekide:batera argitaratu zuten iaz Hamaikatxu kopla... pandero baten konture! diskoa. Irakasle ere badabil.

Etxetik datorkizu musikari sena.

Ez da transmisio zuzena izan, baina bai. Amak komentatzen zidan aititak, denbora gutxiz izan bazen ere, jo izan zuela soinua. Hiru semeetatik gazteena izanda, aukera gehiago izan nituen musika ikasteko.

Amak mezatara bidaltzen ninduen, eta zigarro pakete bat erosteko dirua ematen zidan. Gero, bera sukaldean zegoen bitartean, akordeoia jotzen nuen. Asko gustatzen zitzaizkion koplak. Orain konturatzen naiz engainatu egiten ninduela, esaten zidalako «jo beste piezatxo bat» eta «jo gustatzen zaidan beste pieza hori». Ondu egin nau horrek.

Zure etxean ere errotu da sena.

Bai, seme-alaba guztiek ikasi dute musika. Trikitia ere hirurek jotzen dute. Nire karratutasun horren emaitza da. Miren izan da gehien saiatu dena edo zaletu dena.

Batera egin duzue Hamaikatxu kopla… pandero baten konture!.

Bai. Mirenek badaramatza gutxienez hamar urte plazatan jotzen, nahiko dosifikatuta. 9 urte ingururekin hasi zen, nirekin jotzen tarteka. Eta diskoa azken bost urteetan izan dugu bueltaka. Duela hiru urte hasi ginen, etxetik.

Diskoan panderoa eta ahotsa dira protagonista. Nola okurritu zaio horrelako zerbait trikitilari bati?

Egun, edozein trikitilari pandero jolea ere bada. Eta, ondo edo txarto, baina kantatu ere egiten dugu. Pandero hutsez eta kantuz egindako koplek beti eman izan didate atentzioa; beti izan dut gogo hori, antzinako pandero eta kantuzko abestiak nolakoak ziren irudikatzekoa. Diskoko kanta guztiak egin nahi genituen pandero eta ahots hutsez. Baina etxean esan ziguten gehiegi zela, frikiegia zela, eta gero estudioan ere esan ziguten gogorregia zela. Baina gehienak pandero eta ahots hutsez ere egin genitzakeen kantak dira, arima hori badute.

Azken lana aurkezten ari zarete orain. Nolako harrera izan du?

Harrera ona, gauza politak entzun ditugu. Joan den astean egin genuen azken saioa, eta baditugu beste bi lotuta. Uste dut lana interesgarria dela: koplak beste doinu batzuetan jotzen saiatu gara, batere arrotzak ez direnak, baina jota eta porrusalda ez direnak.

Alabarekin jotzeak berezia izan behar du. Nola daramazue hori?

Etxeko gauzek beti dituzte gorabeherak. Batzuetan, ondo; eta beste batzuetan, ez hainbeste. Baina gure artean ondo konpontzen gara. Batzuetan kostatzen da, baina pozik egongo nintzateke urtebete barru Miren bera gidari izango balitz.

Trikitia eta euskal kultura estu lotuta daude. Banaezinak al dira?

Gai konplexua da. Hitzak zer esan nahi duen ere ez dago argi askotan. Guk ez diogu inoiz trikitia deitu, guretzat beti izan da soinu txikia. Eta berez ez da bertakoa. Garai batean uste izan genuen soinu txikia bertakoa zela, baina Espainian eta beste herrialde batzuetan ere badago. Ez da ezinbestekoa euskal kulturarekin lotutako zerbait egiteko. Baina ni trikitilaria naiz.

Trikitia ez da musika tresna homologatua. Hori ona ala txarra da?

Bizirik iraun du. Badago modua musikaz jakin gabe ere edozein musika tresna jotzen ikasteko. Trikitilarioi esan izan digute musikalki hezi gabekoak garela. Argi dagoena da 1980ko hamarkadatik hona trikitiak gora besterik ez duela egin; osasuntsu dago. Musika tresna homologatua izatea ez da horren garrantzitsua, musika eskoletan behar den maila ematen bazaio eta ikasleak elikatzeko aukera badago.

Luze gabe baduzu beste lanen bat kaleratzeko asmorik?

Bai. Beranduenez urte bukaerarako amaitu nahi dugu; ez dakit lortuko dugun, baina hori da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.