Futbolzale asko Realak eta Athleticek Sevillan (Espainia) jokatuko den Espainiako Kopako finalaren zain daude. Astebete lehenago, ordea, beste final bat ikusteko aukera egongo da Twitch plataforma digitalean: Euskal eSports Txapelketako finala. Euskal Herrian jokatuko den lehenengo futbol kopa digitala izango da, eta edonork izan du bertan izena emateko aukera, jokalari amateur zein profesionala izan. Forzium Team enpresa izan da txapelketaren antolatzailea, eta Guuk telekomunikazio enpresarekin aritu da elkarlanean.
Parte hartuko duten gamer-ek elastiko zuri-gorriaren edo zuri-urdinaren artean hautatu behar izan dutela azaldu du Asier Bengoak, Forzium taldeko sortzaileetako batek: «Izena ematerako orduan, bi taldeen artean bakarra aukeratu behar izan dute». Txapelketaren bitartez, Espainiako Kopako finalaren atarian, «giroa alaitu» nahi dute, bi taldeetako zaleak elkartuz. Asteazkenean egin zuten zozketa, eta talde bakoitzeko 64 jokalari aukeratu dituzte. Hau da, guztira 128 izango dira txapelketan parte hartuko dutenak.
Forzium iaz sortutako start-up enpresa bat da, eta tokian tokiko eduki sortzaileak sustatuz, entretenimendua hobetzea eta berritzea lortu nahi dute. «Gazteok gazteontzat sortutako start-up bat da, eta, txapelketen bitartez, jende gaztearekin harremanetan jarri nahi dugu, haiekin konektatu». Bengoaz gain, Asier Jimenez, Nicolas Ros eta David Amodeo dira Fonziumeko sortzaileak. Bestalde, txapelketa horren bitartez, Guuk telekomunikazio enpresa kirol elektronikoen eremuan sartu da: «Guuk enpresak emandako babesa eta laguntza sekulakoa izan da, eta oso eskertuta gaude», azaldu du Bengoak.
Atzo abiatu zen Euskal eSports Txapelketa, eta hilaren 25era arte kanporaketak jokatuko dituzte. «Benetako munduko txapelketa baten egitura jarraituko dugu: lehenengo kanporaketak egingo dira, horietako batzuk finalaurrekoetara sailkatuko dira, eta ondoren, finala jokatuko da». Hilaren 27an izango da final handia, eta bertan, Ander Cortes streamer bilbotarra arduratuko da Twitch plataformaren bitartez esatari lanak egiteaz. «Twitch, guretzat, telebista berria da, boladan dago, eta Ander Cortesen bitartez, zabalkunde handiagoa lortu nahi dugu», azaldu du Bengoak. Cortesekin batera, dinamizatzaile lanetan arituko dira Amaia Amunarriz influencer-a eta Unai Zaballa —Twitch plataforman 14.000 jarraitzaile ditu—. Bilboko Distrito Zero joko zentroan egingo dituzte lehiaketako partidak, eta Twitch plataformaren bitartez, norgehiagoka horiek zuzenean ikusteko aukera egongo da Interneten.
Parte hartzaile gehienak gazteak direla nabarmendu du Bengoak. Hala ere, adin guztietako jendeak eman du izena: «Bideo jokoei buruz dauden estereotipoak apurtzen ari dira; izan ere, jende heldu asko dago bideo jokoen zalea dena». Sexuen araberako banaketa, berriz, «landu beharreko alderdia» dela nabarmendu du, «oraindik ere» bideo jokoak mutilekin lotzeko joera dagoelako.
Jarraitzeko asmoarekin
Orotara, 400 izan dira txapelketan izena eman duten parte hartzaileak, eta, alde horretatik, «oso pozik» daudela nabarmendu du Fonziumeko sortzaileak: «Egia esan, ez dira gisa honetako txapelketa asko egiten; hortaz, jendea zain egon da, eta parte hartzeko gogoz dago».
Euskal eSports Txapelketa Forziumen jarduna zabaltzeko ekintzatzat jo du Bengoak, baina, aurrera begira, horretan jarraitzeko asmoa dute: «Gure helburua gero eta eduki gehiago martxan jartzea da, eta aldi berean, kolaborazio edo ekitaldi zehatz hauetan ere parte hartzea».
Txapelketako irabazleak Play Station 5 bat, 50 hazbeteko LCD telebista bat eta bideo jokoetara jolasteko eserleku bat lortuko ditu. Bigarren sailkatuak bideo jokoetara jolasteko eserlekua eta entzungailuak eskuratuko ditu; eta, hirugarrenak eta laugarrenak, eserleku bana.
Kopa bat Twitch bidez
Euskal eSports Txapelketa jokatzen hasi dira Interneteko Twitch plataforman. Euskal Herriko aurreneko lehiaketa digitala izango da, eta Ander Cortes arduratuko da esatari lanak egiteaz. Finala hilaren 27an jokatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu