SARI BANAKETA

‘Kooperatibismoa gara!’ izeneko lanak irabazi du Euspot lehiaketa

Aretxabaletako Arkupe kultur etxean banatu dituzte sariak, eta iragarki onenarena Jone Markuleta, Irene Azkargorta eta Danel Teran egileek jaso dute. Publikoaren saria, aldiz, 'Elkartu, berdindu, konfiatu eta babestu' spotak jaso du. 700 boz baino gehiago jaso ditu sarean Amaia Catania, Maddi Iturrikastillo eta Nekane Ziardegi egileen lanak.

'Kooperatibismoa gara!' lan irabazlearen fotograma batzuk. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2022ko ekainaren 2a
21:19
Entzun

«Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna baloratu dira ondoen». Hori adierazi dute Euspot lehiaketaren epaimahaiko kideek, aurtengo lan irabazlea saritzerakoan: Kooperatibismoa gara! izenekoa. Aretxabaletako (Gipuzkoa) kultur etxean egindako ekitaldian jaso dute 1.000 euroko saria egileek: Jone Markuletak, Irene Azkargortak eta Danel Teranek. Publikoaren saria —500 eurokoa— Elkartu, berdindu, konfiatu eta babestu spotak jaso du. 700 boz baino gehiago jaso ditu sarean Amaia Catania, Maddi Iturrikastillo eta Nekane Ziardegi egileen lanak.

Gazteak kooperatibismora gerturatzea eta kooperatibismoaren balioa nabarmentzea izan dira XI. Euspot lehiaketaren helburuak aurten. Parte hartzaileek, 30 segundoko iragarki batean, kooperatibismoa hartu dute gai nagusitzat. Parte hartzea «itzela» izan dela nabarmendu dute antolatzaileek —Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, Aretxabaletako Udala, Arteman komunikazio agentzia, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi ikastola izan dira antolatzaileak—: 95 lan aurkeztu dituzte lehiaketara —iaz baino zortzi gehiago—. «Euspot Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen», nabarmendu dute —aurkeztutako 29 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira; beste 66ak, 18 urtetik beherakoek eginak—.

Mondragon Unibertsitateko ikasle askok bidali ohi dituzte lanak lehiaketara, eta unibertsitate horretako ikasleen iragarkirik onena ere saritzen dute —500 euro—. Aurtengo ekitaldian berdinketa egon da sail horretan, eta bi iragarkiren artean banatu dute saria: Kooperatiba baten parte izateko prest? spota —Uxue Poveda eta Oier Markotegirena—, eta Etorkizunaren pieza spota —Unai Aranguren, Julen Iglesias eta Olatz Asuarena—.

Aretxabaletako kultur etxean egindako ekitaldi horretan saritu dituzte musika sinkronizazio onena, 18 urtetik beherakoena eta Arizmendiko ikasleena ere.
 

Formazio saioak
«Spot egileen harrobia indartzea» da Euspot lehiaketaren helburu nagusietako bat, eta helburu hori aintzat hartuta eskaini dituzte aurten ere formazio saioak Euskal Herriko hainbat ikastetxetan. «Saio horien helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan, 4.000 ikaslek baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentrotan», nabarmendu dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.