Kontzientzia eta elkartasuna

Desgaitasunen bat duten haur saharar errefuxiatuak ekartzen ditu urtero Rio de Oro gobernuz kanpoko erakundeak Izurtzara, uda pasatzera.

Izurtza. Izurtzako harrera kanpamentua; mendebaldeko Saharako haurrak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Izurtzako harrera kanpamentua; Mendebaldeko Saharako haurrak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iratxe Muxika
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Begiraleak galdegin dio ea galletarik nahi duen. Ezetz erran dio, buruarekin. «Eta txokolate pixka bat?». Irri txikia atera zaio. Elkarri eskutik hartuta sukaldera abiatu dira, kanpoko belardian zeuden-eta, gerizpean; gainerakoak siestan dira artean. Sukaldera iristeko, lehenbizi, jolastokia eta jantokia pasatu behar dira; eta paretako marrazkien ondoan dago sukaldera ematen duen atea. Hozkailu aurrean geratu da haurra. «Zenbat ontza nahi dituzu?». Hatz lodia eta erakuslea erakutsi dizkio. Norbere ontzak eskuartean, irri txikiz atera dira sukaldetik. 

2012an jaio zen Rio de Oro, sahararrak laguntzen dituen irabazi asmorik gabeko elkartea, Durangaldean (Bizkaia). Lehen proiektua eskualde horretako Izurtza herrikoa izan zen: Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentutik desgaitasunak zituzten haurrak etorri ziren, 2012ko uztaila eta abuztua pasatzera. Aurtengoa hamabigarren uda da haur sahararrak Izurtzara etortzen direna. «Haur asko etortzen dira familietara, baina guk antzeman genuen desgaitasunak zituzten haurrentzat are zailagoa zela lurraldetik ateratzea», azaldu du Maitane Egidok, Izurtzako harrera kanpamentuko begiraleak. «Udako kanpamentua sortzea erabaki genuen eta, hala, kanpoan geratzen zen biztanleria horrengana heltzea». 

«Udako kanpamentua sortzea erabaki genuen eta, hala, kanpoan geratzen zen biztanleria horrengana heltzea»

MAITANE EGIDOIzurtzako begiralea

10-12 haurrentzako lekua dago Izurtzan, baina badauzkate bertze proiektu batzuk ere: «Oporrak Bakean egitasmoarekin, hemengo familietara bideratzen ditugu haurrak, eta, urtean behin, karabana solidarioa egiten dugu», kontatu du Egidok. Oinarrizko elikagaiak bidaltzen dituzte errefuxiatuen kanpamentuetara. Horretaz gain, Ermuan (Bizkaia) bertze etxe bat dute. «Urte guztian izaten dira haurrak etxe horretan, tratamenduak jaso behar dituztelako edo erietxera joan behar dutelako». 

Mariam Mohamed Deidi 2018an etorri zen estreinakoz Izurtzara, eta geroztik urtero bueltatu da. Behar bereziak dituzten haurrekin aritzen da lanean, errefuxiatuen kanpamentuetako eskoletan. «Eskolan jaso nuen hona etortzeko gonbidapena», oroitu du Deidik. Egidok dio «ezinbestekoa» dela begirale sahararrek egiten duten lana, eta, gainera, «beharrezkoa» dela kanpamentuak zentzua izan dezan eta umeekin komunikatu daitezen. Bi begirale saharar daude Izurtzan. 

Bi begirale horiez gain, boluntarioak joaten dira etxera, astebete pasatzera. Ostiralero hamar begirale berri izaten dira. Boluntario izateko, baldintza batzuk bete behar dira: adinez nagusia izatea eta kontzientzia hartzea. «Guk nahi genuke boluntarioek egitasmo hau proiektu politiko gisa ulertzea, ez esperientzia gisara soilik», azaldu du Egidok. «Etxe honetan konpromisoa eta elkartasuna behar dira; argi eduki behar dugu zer eskatzen duen borroka honek eta zer erantzukizun dugun». Biek ala biek sentitzen dute, bide batez, «eragin ona» izan duela Rio de Orok inguruan. «Uste dut askoz ere presenteago dagoela Sahara orain», baieztatu du Egidok. «Garrantzitsua da hori». 

Bideo deia

Bi hilabete pasatzen dituzte haurrek etxetik kanpo, baina harremana izaten dute familiarekin. Talde bat egiten dute, eta Izurtzan egiten dutenaren berri eman, «etxekoak lasai eta pozik egon daitezen», Deidik dioenez. Bideo deia egiten dute, astelehenetan eta ortziraletan. «Igerilekura joan garela kontatzen diete, edo parkera, edo zer jan dugun; pozik jartzen dira amak». Amatasunak, dena dela, kolektibo oso bat biltzen du Saharan, ez ama bakarrik. «Saharan haurra bizilagunak zaindu dezake, edo izebak, edo lagun batek», azaldu du Egidok. «Saharak erakutsi dizkigun ohitura ederretako bat da hori». Izurtzako begiraleak, gainera, familia bakoitza hurbiletik ezagutzen ahalegintzen dira: Tindufera bidaiatzen dute, eta haurren etxeetara joaten dira. «Gure ardura ere badelako familiarekin politikoki eta emozionalki elkartzea». 

Mariam Mohamed Deidi eta Maitane Egido, Izurtzako harrera kanpamenduko bi begiraleMarisol Ramirez/FOKU
Mariam Mohamed Deidi eta Maitane Egido, Izurtzako harrera kanpamentuko bi begirale, uztailaren 11n. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Izurtzara datozen haurrak, baina, ez dira bakarrik etortzen: hegazkina haurrez beteta iristen da. Batzuk familietara doaz; bertzeak, berriz, kanpamentuetara. Begiraleek ere haiekin bidaiatzen dute. «Aurten bi hegazkinetan etorri gara», kontatu du Deidik. Loiura (Bizkaia) iritsitakoan, frontoian agurtzen dute elkar: «Bakoitza dagokion lekura joaten da, eta Izurtzakoak han izaten dira gure esperoan». 

Haur batzuek lehenengo aldia dute kanpamentuan; bertze batzuek, ordea, ez. Gutxienez bi urtez ekartzen dituzte jarraian, ez dadin aldi baterako kontua izan. Gaixotasunik edo harrera berezirik behar badute, berriz, behar eta ahal bertze urtez etortzen dira. Guztiei egiten zaizkie, dena den, osasun probak: «Lehengo astean odola atera zieten, astelehenean hortz klinikara joan ziren, eta orain begien azterketa tokatzen zaie», azaldu du Egidok. Bada, ordea, halabeharrez etorri gabe geratzen den haurrik: «Batzuek ez dute etorri nahi izaten, baina etorri nahi dutenen kasuan aukeraketa bat egiten dugu», aipatu du Egidok. «Kanpamentuetako eskoletara joaten garenean, ikasle bakoitzari fitxa bat egiten diogu, bakoitzak zer behar dituen ikusteko». Beharraren arabera ekartzen dituzte, baina ahalegintzen dira inor ez kanpoan uzten. «Arduradunarekin mintzatzen gara, eta haurrak ahal bezala banatzen ditugu: batzuk Guadalajarara [Espainia], Valentziara [Herrialde Katalanak]…», esan du. «Oreka bilatu behar da». 

«Gure arrazismo barneratua lantzen ari gara, eta, bidenabar, dagokigun erantzukizunez eta arduraz jokatzen». Modu horretan borobildu ditu Egidok bere adierazpenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.