Alkoholikoa

Bego: «Kontziente naiz ezin dudala edan, baina beste pertsona guztiek ez dute zertan arazorik eduki alkoholarekin»

Bego alkoholikoa da, eta Alkoholiko Anonimoak taldearekin bere bizitza normaltasunera bideratzea lortu du. Orain, gai da Bilboko jaiez gozatzeko alkoholik edan gabe.

Edalontzi huts bat Bilboko jaietako txosnetako batean, joan den asteko ostiralean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Edalontzi huts bat Bilboko jaietako txosnetako batean, joan den asteko ostiralean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
irene baranano
2024ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

Munduko txoko askotan, alkohola da jaun eta jabe jaietan. Aisialdi mota asko alkohola kontsumitzearen inguruan eraiki dira, eta ez dago jai eredu alternatiborik. Halere, badaude pertsona batzuk Aste Nagusian abstemio irauten dutenak, edo tentuz ibili behar direnak, alkoholikoak direlako. Bego —asmatutako izena— arazoak izaten hasi zen alkohol gehiegi kontsumitzeagatik, eta Alkoholiko Anonimoak komunitatean aurkitu zuen irtenbidea. Orain, Aste Nagusia berriro ere gozatzen ikasi du, era ezberdinean.

Zelakoa da alkoholik gabeko Aste Nagusia?

Ezberdina da, baina Aste Nagusia da hala ere. Ni alkoholikoa naiz, baina jaiak beste edozeinek bezala disfrutatzen ditut. Ekintzak eta ordutegiak ezberdinak dira, baina orain guztiaz jabetzen naiz, eta hurrengo egunean dena gogoratzen dut; gauzei gehiago erreparatzen diet.

Aste Nagusian, espazio gehienetan bezala, alkohola kontsumitzea erabat normalizatua dago. Leku eta ekintza horiek saihesten dituzu?

Lehen, denbora-pasa nagusia txosnetan edatea zen. Errekuperazio prozesuaren hasieran, beraz, txosnak saihestu behar izan nituen; kontzertutik, zuzenean etxera. Orain, txosnagunera joatea ez dut jardueratzat hartzen, baina bertatik pasa naiteke eta sozializa dezaket; esate baterako, su artifizialak ikusteko zain nagoenean, edo kontzertu baten ostean. Gero eta errazagoa da. Jada ez dut kalimotxo bat hartzeko gogorik sentitzen, baina adi egon behar dut, oker txiki bat egin eta berriro ere has bainaiteke. Jaietan, erosoago sentitzen naiz alkoholetik urrun: adibidez, Plaza Barriko kontzertuetan plazaren erdigunera bilduta, tabernetatik urrun. Alkoholismoa dudala dakiten pertsonekin joateak ere asko laguntzen du.

Lagun taldea aldatu behar izan duzu?

Alkoholiko Anonimoak elkartera heldu nintzenean, etxekoekin eta gertuko bi lagunekin geratu nintzen; baina, alkohola baztertu ahala, zirkulua zabalduz joan naiz. Hasieran, Alkoholiko Anonimoak-eko lagunekin geratzen nintzen, eta, gero, lagunak berreskuratuz joan naiz: ikastolako lagunak, alaben kuadrilletako gurasoak...

Alkohola ez hartzeko zure erabakia zalantzan jartzen dute ingurukoek?

Lehenengo jaietan, lehen Aste Nagusiko edo enpresako bazkarietan, beldur handia pasatzen nuen. Poteak ordaintzeko dirua jartzen genuenean, aitzakia pentsatzen nuen: buruko mina edo hilekoa nuela, edo antibiotikoren bat hartzen ari nintzela. Gero, gehienetan, ura eskatzen nuen, eta, normalean, inork ez zidan galdetzen zergatik eskatzen nuen ura; ez nuen aitzakiaren beharrik izaten.

Zuk zeuk, arazo bihurtu zitzaizulako utzi zenion alkohola edateari, baina beste pertsona batzuek printzipio politikoengatik erabaki dute abstemio izatea. Printzipio horiekin bat egiten duzu?

Alkoholiko anonimook ez dugu ezer alkohol kontsumoaren kontra. Eskoletan hitzaldiak eskaintzen ditugunean, nerabeei helarazi nahi diegu arazorik balute guregana etor daitezkeela laguntza bila, besterik ez. Nik badakit alkoholismoaren gaixotasuna dudala eta ezin dudala edan, baina beste pertsona guztiek ez dute zertan arazorik eduki alkoholarekin.

Azkenaldian, gero eta gehiago entzuten da aisialdi eredua aldatzeko beharra dagoela. Zer proposatuko zenuke alkohola jaien oinarritik kentzeko?

Oso ondo ikusten dut jai eredua. Aste Nagusiko jarduerak ikusteko irrikan nago, poz-pozik etortzen naiz urtero, makina bat ekintza dago goizetik gauera, gustu guztientzat. Aste Nagusira etorri besterik ez dago ikusteko helduek, haurrek, gazteek... denek ondo pasatzen dutela. Ez nuke ezertxo ere aldatuko.

Zer aholkatuko zenioke alkoholarekin arazoak dituen pertsona bati?

Ikusten badu alkoholak arazo fisikoak edo emozionalak sortzen dizkiola, edo edatean ez dakiela bere burua kontrolatzen, laguntza eskatzeko gomendatuko nioke. Ni saiatu nintzen bakarrik aurre egiten, gutxiago edaten, beranduago hasten, jaietan bakarrik edaten... Ez nuen lortu; baina Alkoholiko Anonimoak-eko kideekin, bai.

Irudikatzen duzu alkoholik gabeko Aste Nagusia? Uste duzu heldu daitekeela?

Ez. Ni alkoholikoa naiz, baina Aste Nagusian edaten duten pertsona gehienak ez. Alkohola estimulatzailea da, eta sozializatzen laguntzen du, egoera dibertigarriak sortzen ditu. Nik ikasi dut alkoholik gabe gozatzen, eta gai naiz egun osoa abesten eta dantzatzen egoteko, baina gaueko bederatzietarako akituta egoten naiz. Besteek alkoholarekin goza badezakete, jarrai dezatela.

LOTSABaKO

Zein duzu konpartsarik gogokoena?
Kaskagorri.

Aste Nagusiaren kolorea?
Morea.

Txupinerarik kutunena?
Guztiak miresten ditut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.