Jaiak. Santixauak Ermuan

Kontzertuak jaietan nagusi

Musika kontzertu ugari izango dira gaur Ermuan, Valdespina Markesaren eta Orbe Kardinalaren plazetan

Txarangen aurkezpena eta kalejira egingo dituzte gaur Ermuan, 19:00etan hasita. BERRIA.
2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Dagoeneko festan buru-belarri sartuta daude Ermua (Bizkaia) eta bertako herritarrak, eta oraindik, egun asko dituzte aurretik. Hilaren 14an abiatu zuten jaietako programa, eta 27ra arte luzatuko dira santixauak. Ermuarrek, beraz, beste lau egun dituzte aurretik parrandan jarraitzeko.

Aurtengo programan, askotako ekitaldiak bildu dituzte udaleko kideek, eta, noski, adin guztietako herritarrentzako ekitaldiak antolatu dituzte. Gainera, ez barietate aldetik bakarrik, kantitate aldetik ere ondo beteta dator. Gaurkoan, esaterako, kirolari tartea eginez irekiko dute egitaraua. Izan ere, arratsaldean, gaztetxoentzako Santixauak txirrindularitza proba antolatu dute. San Pelaio iturritik abiatuko da lasterketa, 16:30ean, eta Betiondon egongo da helmuga.

Jarraian, Droga Mendekotasunaren Prebentzioko Udal Zerbitzuen eskutik, motxila banaketa egitasmoa egingo dute, mezu hau azpimarratuz: Ase zaitez, baina emozioz!. Patxi plazan egingo da banaketa, 17:00etan.

Kaleetan jai giroa bermatzeko, txarangen aurkezpena eta ohiko kalejira egingo dituzte herriko kaleetan zehar. 19:00etan izango da, eta une oro Irulitxa musika-bandak animatuko du ibilbidea.

Kontzertuak, bosnaka

Valdespina Markesaren plaza erritmo biziko musikaz beteko da gauean. Beti Txarto taldeak antolatutako Rock Jaialdia izango da han, eta gaua girotzeko, bost kontzertu antolatu dituzte. Ficus txalapartariak, Dientes de luna, The Nekrobikes, Mala Fortuna eta Quoadar taldeak arituko dira zuzenean.

Orbe Kardinalaren plaza ere musikak hartuko du. Gaueko 23:00etan dantzaldia, Pasarela orkestra taldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.