Koldo Azkona. Musikaria

«Kontzertuak ematea zaila egin zaigu, hainbat ate itxi dizkigutelako»

Danserie Ensemble taldeak 1512. urte inguruko musika joko du gaur Atarrabian, Nafarroako Erresumaren inguruko doinuak eta testuak biltzen dituen 'Antzinako negarra' ikuskizunean.

Koldo Azkona —ezkerretik lehena— Danserie Ensemble taldeko kideekin. CLEMENTE BERNAD.
Edu Lartzanguren.
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Koldo Azkona (Iruñea, 1960) Danserie musika taldeko flauta jotzailea da. Errenazimentuko eta barrokoko musika lantzen dute, eta iaz Lachrimae antiquae 1512 Antzinako negarra diskoa argitaratu zuten. Nafarroako Erresumako musika bildu zuten horretan. Kontzertua emango du taldeak gaur, 19:30ean, Atarrabiako (Nafarroa) kultur etxean, konkistari buruzko biltzarraren akten aurkezpenean.

Joera handia dugu Nafarroako erresuma idealizatzeko, baina zuen lanak ez al du argi erakutsi Iruñeko gorteak Frantziako modari jarraitzen ziola?

Bai. Inon ez dira gauzak puru eta garbiak. Garai hartan, gaur bezala, modak zeuden: Frantziako musika erabiltzen zen, Espainiakoa ere bai, Ingalaterrakoa, Italiakoa... Baita musika tresnak ere, eta musikariak ere mugitu egiten ziren. Nafarroako Erresuma igarobidea izan zen beti, Pirineoak hor daudelako. Herri musikan gauza bera gertatzen zen: Donejakue bidea hemendik pasatzen zen, eta Nafarroa Beherean kantatzen zirenetan eta gaur ere kantatzen direnetan eragin handia dago.

Beraz, elite atzerrizale eta herri xehe euskaldun sortzailearen artean bereiztea ere mitologia egitea litzateke?

Bai. Eragin handiak ziren, baita goitik behera ere: dirudunen musikatik maileguak hartzen zituen herri musikak, eta kontrara, musikari kultuek ere hartzen zituzten herri xeheak sorturiko musikak. Oso dinamikoa zen hori.

Branle dantzak adibide ona dira, gorte dantza gisa hasi eta jauzien aitzindari izan zirelako?

Bai, adibide garbia da. Frantziako XV.-XVI. mendeko dantza da, eta Zuberoan branlia egiten da gaurdaino, eta Nafarroa Beherean jauziak. Ez dira berdinak, noski, mendez mende hemengo modutara moldatzen joan direlako.

Lachrimae antiquae 1512 antzinako negarra emanaldian literaturak ere badu bere lekua. Zertan laguntzen du Joanes Leizarragaren testu batek musika ekitaldi batean?

Musika testuinguruan sartzea gustatu izan zaigu beti. Garai hartako testuen bidez egiten dugu, eta jendeak eskertu egiten du hori. Gai honekin hori egin nahi izan dugu. Esaterako, Nafarroako errege-erreginak eskumikatzeko emaniko bulda erabili dugu, baita beste testu asko ere. Baina zailtasunak izan ditugu, batzuek 1512. urtea ikusi bezain pronto aurrejuzkuak agerian utzi dituztelako. Zaila izan zaigu kontzertuak ematea, besteak beste modu independentean ibili nahi izan dugulako eta hainbat ate itxi dizkigutelako.

Ezin al dugu gertaturikoaren alde pozgarria ikusi: hau da, erakusten duela kulturak oraindik baduela ahalmena ezaxolagabekeria astintzeko?

Guk nahi genuena egin genuen, eta geure gain hartu genuen emaitzak sor zitzakeen gatazka. Baina halako lana egiten denean, ekoizpen aldetik dirua jarri behar duzunean eta musikariak musu truk ari direnean, erakundeek jotzeko halako zailtasunak jartzeaikaragarria da. Badakigu, halere, Nafarroan nola gabiltzan.

2012. urteko zurrunbiloa gero eta urrutiago egotea ez al da aukera zuentzat lan hau patxadaz hartzeko eta beste modu batean aurkezteko orain?

Bai. Orain beste formatu batean emango dugu. Konkista ondoren ere Nafarroak hor jarraitu zuen bezala, guk ere aurrera jarraitzen dugu, zailtasunak zailtasun, zein garaitan bizi garen jabetuta, baina kultur lana egiteko asmoz. Axularrek esan zuen bezala, ezer egiten ez duena hildakoen pare delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.