Rock zaleentzat toki ezaguna da Liverpooleko The Cavern aretoa. Besteak beste, The Beatles taldeak hor eman zuen bere lehen kontzertua. Rockaren «santutegi» moduko bat da Peio Artetxerentzat (Areatza, Bizkaia, 1990) areto hori, eta orain, bere taldearekin batera, bertan jo duela esan dezake. Izan ere, Kristonak taldeak herenegun jo zuen The Cavernen. 2020an jotzekoak ziren, eta pandemiak zapuztu zuen plana. Hiru urteren ondoren euren ametsa betetzea lortu du taldeak.
Zer moduz kontzertua?
Oso ondo atera zen. Azkenean, The Cavernen jotzeko aukera izan genuen. 2020tik genuen dena lotua bertan jotzeko, baina, pandemiaren ondorioz, ezin izan ginen joan. Data atzeratuz joan ginen pixkanaka, eta, azkenean, ostegunekoa sortu zen. Oso urduri pasatu genuen egun guztia. Hala ere, guk asko disfrutatu genuen; oso berezia izan zen.
Azken finean kontzertu arrunt bat baino gehiago izan zen zuentzat.
Bai. Guk talde bezala badugu eskarmentua kontzertuetan: hamabi urte daramatzagu oholtzetan eta 200 kontzertu baino gehiago eman ditugu, horien ia %99 Euskal Herrian. Hona etortzea amets bat betetzea izan da. Ez bakarrik amets bat, baita erronka bat ere. Ikertzen ibili gara, eta guk dakigula behintzat, ez da ez Euskal Herriko talderik, ez euskaraz kantatzen duen talderik egon hemen kontzertu bat ematen. Gu lehenengoak izatea erronka bat eta sari bat izan da.
The Beatles taldeak bere lehen kontzertua eman zuen leku berean jotzeko aukera izan duzue. Nola sentitu zineten bertan jotzean?
The Cavernek bi areto ditu. Horietako bat The Beatlesen museo antzeko bat da. Taldearen bertsioak jotzen dira areto horretan. Bigarren aretoa kontzertuetarako dago prestatuta, eta bertan jo genuen guk. Ez bakarrik The Beatlesek, rock munduko talde askok jo dute hor. Oso talde garrantzitsuek jo dute, eta gu ere tartean egon gara. Aretoaren historiaren parte izan garela sentitu dugu.
Zer-nolako publikoa zegoen? Jendeak gozatu al zuen?
Euskaldun asko etorri ziren, eta Liverpooleko jendea ere bazegoen. Euskal Herritik etorritako jendeak ahalegin bat egin zuen bertan egoteko, eta eskertzekoa da. Euskal Herriko edozein herritan jotzen dugunean beti ikusten dugun jendea dago, eta Liverpooleraino ere etorri ziren batzuk. Jendeak asko gozatu zuen, eta baita guk ere. Guretzat historikoa izan zen; amets bat. Baita publikoarentzat ere.
Taldea Eskean Kristo zen lehen, eta Kristonak bilakatu da orain. Pandemia inflexio puntu bat izan zen zuentzat.
Bai. Pandemian, taldeko kide bakoitza Euskal Herriko punta batean zegoen. Berriro entseatzen hasi ginenean, erabaki genuen aldaketa bat egitea, gu ere aldatu ginen eta. Bere garaian, Eskean Kristo izena behin-behinekoa zela erabaki genuen. Beti izan genuen buruan izena aldatzea, eta pandemiaren ondoren erabaki genuen garai egokia zela. Gure neurrira egindako izen bat nahi genuen. Ez genuen aldaketa bat nahi, moldaketa bat baizik, gu garenetik gehiegi aldendu gabe.
Izena aldatu duzue, baina taldearen esentziari eutsi diozue, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Taldearen jarrera eta esentzia berberak dira. Orain dela 12 urte genuen gogo eta energia bera dugu orain ere.Aldaketak, batez ere, arlo musikalean etorri dira; konposatzeko orduan. Gustu desberdinak izan ditugu, eta horrek eragina du sortzen den produktuan. Hala ere, gure ildoa beti izan da berdina: rock-and-rolla.
Zuen kanta batek dioen bezala, bizirik zaudete orduan.
Bai, hori da. Herenegun jo genuen lehen kanta izan zen, eta diskoko lehen kanta ere bada. Mundu guztiari bizirik gaudela esateko modu bat izan da, baina bada aldarrikapen bat ere. Aldarrikapena dela diot, hamabi urte igaro eta gero energiaz beteta gaudela esateko modu bat da, baita euskal rocka bizirik dagoela zabaltzeko ere.
Hemendik aurrera zein da bidea? Baduzue kontzertu gehiagorik programatuta?
Kontzertuak ematen ibili gara orain arte, diskoa aurkezten. Kontzertu bakarra dugu lotua oraingoz: azaroaren 11n, Zollon [Arrankudiaga, Bizkaia]. Gure asmoa gauza berriak prestatzen jarraitzea da. Bestalde, urtero euskal gabon kanta baten bertsio bat kaleratzeko erronka hartu genuen iaz, eta aurten ere kaleratuko dugu bat. Rock estilora eramango dugu. Rock izar ezagunek gabon kanten bertsioen diskoak kaleratzen zituzten, AEBetan batez ere. Guk ere gauza bera egingo dugu.
ATZEKOZ AURRERA. Peio Artetxe. Kristonak taldeko baxu jotzailea
«Kontzertua guretzat historikoa izan da; amets bat»
Liverpooleko The Cavern aretoan jo duen lehen euskal taldea izan da Kristonak. Aretoaren «historiaren parte» izan direla sentitu dute taldekideek. Euskal Herritik eurak ikustera joan zen jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu