Bakarkako debuta egin eta urtebetera, Iñigo Ugarteburuk (Zarautz, Gipuzkoa, 1979) bigarren lana kaleratu zuen urrian, For the Unknown (Foehn) izenburupean. Gaur joko du zuzenean, 19:30ean, Bilboko Kafe Antzokian, eta, bihar, 20:00etan, Donostiako Guardetxean.
Nor da For the Unknown izenburuan aipagai duzun ezezagun hori?
Chicagora (AEB) diskoa grabatzera bidaiatu nuenean, ez nekien zein musikarik bukatuko zuten diskoan jotzen, bizipen hark nola eragingo zuen lanean, ezta zer-nolako forma hartzen bukatuko zuten abestiek ere. Hortik dator diskoaren izenburua. Estudiora sartu nintzenean, aldaketak egiteko prest egon behar nuen, diskoan parte hartu zuten musikarien esku nengoelako. Izan ere, konfirmatuta neuzkan partaide bakarrak Joshua Abrams kontrabaxu jotzailea eta Todd A. Carter soinu teknikaria ziren.
Lau abestik osatzen dute zure lan berria. Lau baino ez dira, baina, iraupen luzekoak; 7 eta 15 minutukoak. Konposatzean abestiei beren bidea egiten utzi al diezu?
Abestien iraupenari arreta berezirik eman ez arren, egia da binilo formatuan pentsatuz egiten dudala lan. Hain zuzen ere, biniloaren aurpegi bakoitzak ezin du 20 minutu inguru baino gehiago iraun; bestela, doinuaren kalitatea ahultzen hasten da.
Abesti berrietan sonoritate delikatuagoak, pausatuagoak eta sosegatuak nabari dira.
Helburuak zertxobait aldatu egin ditut bigarren diskoa prestatzean. Hala ere, Back&Forth-en erabilitako estudioko lan metodo bera errepikatu nahi nuen, eta, beste behin ere, hainbat musikariren elkarlanaz gozatu. Dena dela, For the Unknown diskoko abestiei Back&Forth-en baino espazio zabalagoa eman nahi nien, eta soinu hauskorragoa izan zezatela nahi nuen. Askotan, zenbat eta musika tresna gutxiago izan, orduan eta leunago egin behar duzu lan konposatzerakoan eta nahasterakoan, eta kasu honetan horrela egin dugu lan diskoan.
Diskoa urrian argitaratu zenuen, baina irailean jada aurkezpen abestiak argitaratu zenituen. Nolako harrera izan du abesti horrek eta diskoak?
Oso gustura nago singleak eta diskoak eduki duen onespenarekin. Iruzkin oso ederrak eta aberasgarriak jaso ditut lagunen eta ezezagunen eskutik, eta hori beti da alaitzeko motiboa.
Zergatik erabaki zenuen Chicagon grabatzea?
Cafe Teatro taldean nenbilen garaitik ezagutzen dut Todd A. Carter; harekin grabatu genuen Burga diskoa. Back&Forth aurreko lana bidali nion, eta Chicagora bidaiatzeko eta berekin grabatzeko proposamena egin zidan. Disko bakoitza esperientzia berri baten modura planteatu ohi dut, eta aukera hori ezin nuen galdu.
Diskoan musikari ugarik parte hartu dute. Martxoan egitekoa zaren aurkezpen biran haiek ere arituko al dira agertoki gainean?
Zuzeneko emanaldia eta estudioko diskoa bi formatu eta esperientzia ezberdintzat hartzen ditut. Hori horrela, formatu bakoitza modu independentean planteatzea eta lantzea dut gustuko. Diskoan hainbat musikariren laguntza izaten dudan bezala, kontzertuetan bakarka aritzen naiz, baina beste musikari batzuen musika biniloan jartzen dut, eta hori izaten dut lagungarri. Ez dut zuzenean jotzeko aukera askorik izaten, eta oso gustura nago bira Euskal Herrian abiaraziko dudalako.
Iñigo Ugarteburu. Musikaria
«Kontzertua eta diskoa bi formatu ezberdintzat hartzen ditut»
Bigarren diskoa besapean duela itzuli da Ugarteburu Ameriketako Estatu Batuetatik: 'For the Unknown'. Sortzaile zarauztarrak bere lana aurkeztuko du gaur Bilbon eta bihar Donostian, bakarlari gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu