Juantxo Zeberio

«Kontzertua entzuten ari diren %90ei berdin zaie zu edo beste bat egon»

Txikitan, etxean zuten pianoa jotzen hasi zen Zeberio. Geroztik, hamaika abeslari eta talderekin batera egin du lan oholtza gainean, eta askotariko estiloak jorratu ditu; Donostiako Zinemaldian egon berri da, Zabaltegiko topaketak girotzen.

Maite Alustiza.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Musika gertutik bizi duen familia bateko kide da Juantxo Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1968). Gurasoak musikazaleak ditu, sei anai-arrebetatik hiru musikariak dira, eta abesbatza zuzendaria beste bat.

Abestea ez da zuena, ezta?

Abestu bai, baina zorionez ez jendeaurrean, bestela... Anaia pare bat ibili dira abesbatzetan, eta bat abesbatza zuzendaria da. Kantatu beti egin behar da, baina jendeaurean ez gehiegi, nire kasuan behintzat.

Musika dendak gustura izango zituen zuekin Olentzerok!

Txikitan, gurasoen aldetik zaletasun handia zegoen; diskoak, kontzertuekiko interesa... Musikaren presentzia handia zegoen gure etxean. Gaur egun badago ideia bat: zerbaitetarako balio duten gauzak egitea.Garai batean aitonak-eta esaten zuten: «Hau egiten duzu, baina hortaz aparte zer? Honekin ez duzu dirurik aterako!» Gu, zorionez edo zoritxarrez, ezertarako balio ez duten gauza horietan hasi ginen, eta horretan ibili gara.

Ez nuke zuen bizilaguna izan nahi…

Etxe askotan baino gutxiago jotzen genuen beharbada; nire emaztearen etxean ez dira musikariak, eta gehiago kantatzen eta jotzen dute elkarrekin! Beste edozein ume bezalakoak ginen. Kirola egiten genuen, pianoa jotzen genuen…

Piano, piano… urrun heltzen dela diote.

Ez nuen pianoa jotzea nik aukeratu, baina ogibide bihurtu da azkenean. Etxean pianoa zegoen, anaia asko ginen eta denak hura ikasten hasi ginen. Momentu batean bonbilla bat pizten da, eta hasiera batean gurasoen nahi edo borondatez izandako gauza bat zaletasun bihurtzen da, eta ogibide ondoren.

Talde latinoak, folka, jazza… rock talde batean noizko?

Horretan ere jo izan dut! Ez taldekide gisa edo denbora luzez, baina aritu izan naiz. Beti sailkatu egiten zaituzte, Benito [Lertxundi] dela, Maddi [Oihenart] dela. Baina, pentsa salsa talde batean eman nituela hasieran kontzertu gehien! Egia esan faltan sumatzen ditut bateria, gitarra… Ez beharbada, rock estandarra, baina gogoa daukat intentsitate gehiagoko zerbait egiteko. Buruan daukat, baina ez dakit noiz izango den.

Eta Zeberiotarren talde bat, zergatik ez?

Egiten ditugu saioak, talde moduan ez bada ere. Sarri kolaboratzen dugu elkarrekin, baten kontzertuan besteak jotzen du eta abar. Anaiak Et Incarnatus orkestra zuzentzen du, eta askotan biltzen gara hor laurok.

Inauterietako abestiekin egin zenuten disko bat. Ez da harritzekoa.

Dudarik gabe Tolosan inauteriak dira, eta inauterietako musika errepikatzen den gauza da. Kantu asko oso politak eta bereziak dira. Orain dela hamabost urte maketa bat egin nuen hainbat lagunekin, Inauterikeriak izenekoa. Balts bat ere moldatu nuen anaiaren ezkontzarako, eta hortik tiraka hasi ginen. Zergatik ez dugu disko bat egiten jendeak inauterien aurretik bere etxean entzuteko? Beste erokeria bat izan zen, baina gustura gaude emaitzarekin.

Konposatuta dagoena konposatzea ez al da alferrikakoa?

Lan oso interesgarria da, baina konplikatua. Batzuetan norbaitek esaten dizu moldaketak egiteko, eta, gehiago edo gutxiago gustatu, aurrera egiten duzu. Baina, normalean, ukitzen nauten kantuak hartzen ditut. Etxe batean zutabeak dituzu, baina gero jar ditzakezu leihoak kolore batekoak, teilatua bestekoa…Moldaketa bat egitea hori da, hor dagoen doinu hori zure galbahetik pasa, eta beste begirada bat ematea.

Lertxundi ala Oihenart aukeratzea aita eta amaren artean aukeratzea bezalakoa da?

Oso ezberdinak dira, ez daukate zerikusirik. Esango nuke paralelismo bakarra hizkuntza dela, euskara. Eta euskal kulturan bizi diren bi pertsona direla. Bakoitzak bere mundua dauka, Benito da Benito, instituzio bat. Hor zu zoaz bere bidetik; jende askoren bizitzan eta soinu-mapan zeresan handia daukaten kantuak egunero jotzea da. Maddirekin beste gauza bat da, askoz txikiagoa dela esan daiteke. Baina jendearen erantzun eta emozio aldetik oso antzekoak dira. Jendeak ezagutzen dituen abeslariak dira, beraiek daude erakusleihoan, eta ni horien barruan sartzen naiz.

Norbait konturatzen al da zu agertokian zaudela?

Errealista izanda, ez; aspalditik daukat onartuta. Musikaria zarenean hori ez badaukazu garbi, jai daukazu. Agertoki batera igotzen zarenean argi dago handikeria puntu bat dagoela; zerbait erakutsi nahi duzu, bestela etxean geratuko zinateke. Kontzertua entzuten ari diren %90ei berdin zaie zu edo beste bat egon.

Erakusleihoan egoteko badituzu irakasle lanak.

Lanaldi erdian nago orain, eta horrek askatasuna ematen dit, baita sormenerako ere. Egun osoa etxean nire buruarekin egoteak ikara pixka bat emango lidake. Artistak askotan beste mundu batean gaude, eta gustatzen zait bizitza errealera ateratzea, musika eskola batera joatea, eguneroko martxa… Erakustea ere gustatzen zait, eta umeek ere asko erakusten dizute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.