Igandean Marijaiari su eman eta Aste Nagusiari agur esan ostean, jaien balorazioetarako ordua iritsi da. Hala, egunotan herritar guztien ahotan egon den Karola guneari buruz aritu ziren Bilboko Udaleko ordezkariak eta konpartsetako kideak atzo. Kontzertu nagusiak egiteko aukeratu zen alderdi hori, eta ikusle kopuru murritza hartzeko tokia izan zuenez hainbat arazo sortu ditu. Hori dela eta, datorren urterako gune hori desagertzea edota ordainpeko kontzertuak egiteko aukera aurreikusi zuen Iñaki Azkuna Bilboko alkateak.
Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak atzo azaldu zuenez,« alkateak 2013ko aurreikuspen ekonomikoengatik arduratuta dagoelako esan zituen esan zituenak, ez dakigulako zer-nolako eragina izango duen krisiak horietan». Horren harira, gaineratu zuen Udalak «printzipioz» ez duela «inolako intentziorik hurrengo Aste Nagusiko kontzertuak kobratzeko». Hala ere, oraingoz, bide hori baloratzeko «goiz» dela aitortu zuen.
Urtasunek adierazi duenez, Karola eremuaren harrera maila zelakoa izango zen bazekiten, eta,horregatik, udaltzaingoarekin kontrol berezia prestatu zuten. Horrekin batera, hurrengo urterako eremu hori alde batera utzi eta «beste aukera batzuk» bilatu beharko dituztela aitortu du, «nahiz eta Bilbon ez egon toki askorik kontzertu handiak hartzeko».
Konpartsek ere euren aldetik jaien balorazioa egin zuten atzo. Kontzertuetarako eremu berriaz ere aritu ziren. Udalak kontzertuak «erabateko porrotera» eraman dituela salatu zuten. Urko Losada eta Itziar Villafañez Bilboko Konpartsetako bozeramaileen iritziz, erabaki hori «txarra» izan zen, «alkateak bere kabuz hartutako erabakia izan zen, gurekin alderatu gabekoa». Izan ere, Aste Nagusiaren prestaketan, konpartsek Botika Zaharrean egiten ziren kontzertuak Etxeberria parkean edota Trenbideko etorbidean izatea proposatu zuten.
Bestalde, kontzertuen pribatizazioari buruz, konpartsakideek uste dute erabaki hori Aste Nagusiaren ezaugarrien kontra joango litzatekeela. Izan ere, jai horretako ekintza guztiak doakoak izan dira orain arteko 34 aldietan. Hala, Azkunari eskatu diote Jai Batzorde mistoari bere kabuz lan egiten uztea, «horrela dena primeran joango baita».
Aste Nagusi arrakastatsua
Kontzertu handiek izandako arazoak alde batera utzita, aurtengo Aste Nagusia «arrakastatsua» izan dela uste dute udaleko zein konpartsetako ordezkariek. Azken horiek azaldu dutenez, txosnetako kontsumoa jaitsi bada ere, jendearen parte hartzea oso handia izan da. Hala, Udaleko arduradunek azaldutako datuen arabera, jaietako bederatzi egunetanmilioi erdi pertsona inguru bildu da Bilbora. Horietatik, Urtasunek nabarmendu duenez, gora egin du atzerritarren kopuruak.
Ospakizunetako ekimen guztiak behar bezala joan daitezen, Jai Batzorde Mistoan elkarlana ezinbestekoa izan dela azaldu dute konpartsetakoek, eta horretan lortutako akordioekin oso pozik agertu dira. Hainbat alderdi politikotako kide askorekin oso ondo moldatzen direla adierazi dute, «haiek gabe ezin izango genuke aurrera egin». Hala ere, alkatearekin ez direla ondo moldatzen aitortu dute Losadak eta Villafañezek: «Alkate on batek suak pizten bainoago, amatatzen jakin beharko luke».
Elkarlanean egiten diren gauzak «oso ondo» ateratzen direla azaldu dute Bilboko Konpartsetako kideek. Hala, Azkunak bere kabuz hartutako erabakiak gogor salatu dituzte, «konpartsok 34 urte daramatzagu jaiak egiten, eta alkateak, aldiz, joan eta etorri egiten dira».
Genero indarkeriako sei eraso
Aurtengo jaietan, umeek jolasteko prestatzen duten Txikigunea tokiz aldatu zuten, Ripako kaiatik Kasilda Iturrizar parkera, hain zuzen. Aldaketa horren aurka zegoen jende ugari, jai eremutik oso urrun zegoelako; hala ere, kokaleku berriak parte hartzaileen %26ko igoera lortu duela jakinarazi du udaleko ordezkariak. Haren ustez, «metro koadro gehiago, zuhaitzak, iturriak, gerizpea, eta han sartzen diren joko eta guneek inoiz baino jende gehien erakarri dute».
Bilboko jaietako zinegotziak aitortu duenez, lapurreten kopuruak gora egin du aurtengo Aste Nagusian, iaz baino 104 kasu gehiago izan dira. Horrekin batera, genero indarkeriarekin lotuta sei eraso gertatu dira; emakumeen aurkako bi sexu eraso izan direla ere salatu du. Horren harira, konpartsetako kideek esan dutenez, «jarrera sexista dutenek eta besteak errespetatzen ez dituztenek ez dute lekurik Bilboko jaietan».
Kontzertu nagusietarako aukeren bila
Aste Nagusian Karolan izandako edukiera arazoak direla eta, beste aukera batzuk bilatuko ditu Bilboko Udalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu