Kontzertu bat teklatu artean

Micek eta Moxalek zuzeneko kontzertua eman dute BERRIAren erredakzioan, ‘Badok’ musika atariaren hamabosgarren urteurrena ospatzeko.

Micek eta Moxalek emandako kontzertua, BERRIAren egoitzan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Micek eta Moxalek emandako kontzertua, BERRIAren egoitzan. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
Andoain
2024ko abenduaren 17a
18:00
Entzun

Ez da ohikoa izaten kontzerturik izatea erredakzioetan. Lehen aldia da Mice eta Moxalentzat ere. Liburuak, kaxak eta egunkari zaharrak zeuden tokitik baztertu, eta argi fokuak, musika tresnak eta bozgorailuak jarri dituzte ordenagailu artean. Badok musika atariaren hamabosgarren urteurrena ospatzeko, Gure musika fauna proiektua sortu zuen BERRIAk, eta kontzertu hau izan da ospakizuna borobiltzeko aitzakia. 

Ohi ez bezala, 14:30ean ekin diote Micek eta Moxalek kontzertuari, ordu txikietatik urrun. Horixe nabarmendu du Aintzane Usandizaga BERRIAlagunak —kontzertua ikustera etorri da—: «Formatu bitxia iruditu zitzaigun: eguerdian, erredakzioan... Eta animatu egin gara». Josu Etxeberriarekin etorri da, eta berak kontzertuari esker deskubritu du BERRIAren erredakzioa non dagoen: «Ez nekien erredakzioa hemen zegoenik».

Mice eta Moxal Miren Narbaizaren eta Hannot Mintegiaren izen artistikoak dira, eta, urteurrenerako, Itoizen Tximeleta Reggae bertsioa sortu zuten. Gaur BERRIAren erredakzioan jo dute, lehen aldiz zuzenean. Abestia «mugarri bat» izan zela azaldu du Mintegiak, eta «gauza txiki baina polit bat» prestatu dutela Narbaizak. 

Soinu teknikariak esan du erredakzio bat izateko ez duela akustika txarra. Hasi da kontzertua. Ondo eskertu dute erredakzioan lanean ari eta tarte batez zuzeneko musika entzuteko beta izan dutenek. Gutxi batzuek lanean jarraitu dute, eta teklatuen soinuak bat egin du Mice eta Moxalen musikarekin. 

Gitarra bat, sintetizadore bat eta bi ahots izan dira hiru ordu laurdenez BERRIAko erredakzioko soinu banda. Moxalen diskoetako abestiak jo dituzte lehenik, Miceren diskoetatik ateratakoak gero, eta, tartean, Tximeleta Reggae-ren bertsioa. 

Une oro ulertu dute elkar bi musikariek: hitzez batzuetan, keinuekin bestetan. Entzule gehienek burua mugituz aditu dituzte melodia asko eta asko; zenbaitek abestu ere egin dituzte. Maria Ortega BERRIAlagunak kontatu du Mice entzuteko gogoz zegoela: «Ondarroako gaztetxera [Bizkaia] joan nahi nuen Mice ikustera, ez nintzen heldu, eta kontzertu honekin kendu dut arantzatxoa». 

Errepertorioa amaitzeko, berriro jo dute Tximeleta Reggae, urteurrenerako propio sortua izan baita, eta «gustura geratzeko» jo dute bigarrenez. Txalo zaparradaz agurtu dituzte langileek eta BERRIAlagunek. Lehenak beren tokira joan dira; bigarrenak Badok musika atariaren poltsa banarekin joan dira etxera. 

Hamabost urtez

BERRIAk 2009an abiatu zuen Badok musika ataria, euskal musikaren ezagutza sustatzeko asmoarekin. Urteurrena ospatzeko, bost bikote musikarik animaliekin zerikusia zuten bertsio bana sortu zuten, eta horietako bikote bat dira Mice eta Moxal. Hendaiako (Lapurdi) Borderline Fabrikan jo zuten guztiek, azaroan.

«Musikaren inguruan mugitzen den fauna» irudikatu nahi izan dutela azaldu du Gorka Erostarbe Badok-en arduradunak, eta «hiperekitaldien garaiotan», «formatu txikiaren eta gertukoaren alde» egin dutela. BERRIAk dokumental bat ere ondu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.