Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiak azkeneko urteetako ikusle daturik handienak bereganatu zituen atzo ETB1en: Arraun Lagunak taldeak irabazitako estropadak %31,7ko ikusle kuota bereganatu zuen —euskaldunen artean, %54,7koa—. Emakumezkoen estropadetan 2008tik izan den daturik handiena da hori. Urdaibaik irabazitako estropadak, bestalde, %39,3ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %57,8koa—. 2002. urtetik gizonezkoen estropadak izan duen daturik handiena da hori.
10:45ean hasi eta 14:00etan amaitu zen emanaldiak 184.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen. Gehien ikusi zen minutuan, 12:42ean, ETB1ek %46,3ko ikusle kuota izan zuen —katearen batezbestekoa %2koa izan ohi da—. EITBko webean eta aplikazioetan, bestalde, 25.227 herritarrek ikusi zuten estropada Internet bidez, zuzenean.