PROPOSAMENAK

Kontxa: estropada eta ondare

Euskal Itsas Museoak eta Aquariumak '#Kontxa100' egitasmoa jarri dute abian, zazpigarren aldiz. 1923ko estropada gogoan, erakusketak eta askotariko jarduerak antolatu dituzte igandera arte

Aquariumeko eta Itsas Museoko ordezkariak, Gipuzkoako Aldundikoekin eta Donostiako Udalekoekin, aurkezpenean. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Zazpigarren aldiz egin dute ehun urte atzera, eta 1913ko Kontxako estropadara joan dira aurten. Donostiako Euskal Itsas Museoak eta Aquariumak #Kontxa100 proiektua jarri dute abian aurten ere: Kontxako estropadaren ondareari balioa eman nahi dion egitasmoa. Arraunaren iraganari eta orainari lotutako erakusketak, argitalpenak eta askotariko jarduerak. Igandean hasi ziren, eta heldu den igandera arte iraungo dute.

Proiektu kultural bat da, Kontxako estropadetako bi igandeen artean gauzatzen dena. Zazpigarren urtez egingo dute jarraian, eta estropaden ondare kultural eta historikoa agerian uztea da helburua, duela 100 urteko estropadetan gertatutakoaren historia berreskuratuz. Horrenbestez, 1923koa gogora ekartzea tokatzen da aurten, eta berezia izan zen: bi aldiz atzeratu beharra izan zutelako, itsasoaren egoera txarrarengatik. Eta itsas ondarearen ikuspegitik ere berezia izan zen, Eusko Ikaskuntzaren Eusko Ikusgayak izeneko bilduman euskal kirolei buruzko Jolasketak. Juegos y deportes. Sport et jeux izeneko filmean estropada hartako irudiak agertzen direlako. Halaxe nabarmendu zuten Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik eta Aquariumeko koordinatzaile Alejandro Larrodek, Gipuzkoako Aldundiko eta Donostiako Udaleko arduradunekin batera egindako aurkezpenean.

Eskaintza oparoa da. Esaterako, Ciaboga aldizkariaren zazpigarren alea argitaratuko dute. Egitasmo horretarako propio sortutako aldizkaria da, eta 1923ko estropadaren xehetasunak bilduko ditu aurtengoak: Antonio Maria Urangak irabazitako bandera hura, itsasoaren egoera txarra... Euskal Itsas Museoaren eta Aquariumaren webguneetan jarriko dute ikusgai, irailaren 8an.

Biharko, bertso saioa antolatu dute Aquariumeko terrazan (19:00). Sarrera doakoa izango da, eta Alaia Martin eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan. Erreserbak Euskal Itsas Museoaren webgunean egin behar dira.

Bi erakusketa ere antolatu dituzte: Euskal Itsas Museoan jarri dute bata —irailaren 17ra arte egongo da zabalik—, eta Aquariumean bestea —urriaren 13ra arte egongo da zabalik—. Kontxa 1923: duela 100 urteko estropada izena du Euskal Itsas Museoan paratu dutenak, eta duela 100 urteko estropada hari buruzkoak erakusten ditu, hain zuzen ere: benetako irudiak eta objektuak jarri dituzte, Orio arraun elkarteak utzitako jatorrizko bandera—haiek irabazi zuten urte hartakoa—, eta garai hartako eskifaietako kideak identifikatzen laguntzeko gonbidapena ere egiten diete bertaratzen direnei.

Aquariumean jarritako erakusketak, Izerdia eta kresala. Sudor y salitre en el Cantábrico du izena. Humberto Bilbao argazkilariaren irudiak jaso dituzte bertan. «Arraunak norbanakoaren eta itsasoaren arteko betiko borroka irudikatzen eta sinbolizatzen du», azaldu du egileak, erakusketaren nondik norakoak azaltzerakoan. Castro Urdialeskoa da Bilbao (Kantabria, Espainia) eta Sudor y salitre en el Cantábrico bere liburuko argazkiak dira erakusketakoak.

#Kontxa100 egitasmoa



Irailaren 10 arte, Euskal Itsas Museoan eta Aquariumean, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.