ATZEKOZ AURRERA. Carlos Santana. Igerilaria

«Kontxa da munduko igerilekurik onena»

74 urte baditu ere, sasoia sobera du Carlos Santana igerilari donostiarrak. Gaur, 44. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldian parte hartuko du; orain arteko zeharkaldi guztietan izan da.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Igeri egitea osasunarentzat oso ona dela berretsi du Carlos Santana igerilariak (Donostia, 1940). Ia bizitza osoa igerilari profesional moduan ibilitakoa da, eta lehiaketa askotan parte hartu izan du. Hala ere, ez du gelditzeko asmorik. Gaur, 12:00etan jokatuko da 44. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia, eta Santanak hantxe parte hartuko du berriz ere. Orain arte egindako zeharkaldi guztietan izan da, behin ere hutsik egin gabe.

Lehiaketa garrantzitsuenetakoa duzu Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia, orain arteko guztietan parte hartu duzulako.

Halaxe da. Oso oroitzapen onak ditut lehiaketaren inguruan. Aurten ere dena emateko prest nago!

Aurtengoa 44. zeharkaldia da. Nolako bilakaera izan du?

Oraingo zeharkaldiak ez du zerikusirik lehen zenarekin. Aurten, guztira 1.800 igerilarik eman dugu izena, eta lehen zeharkaldietan ez ginen iristen 25era. Bestalde, ibilbidean ere aldaketak izan dira: lehen, Zarauzko portuan amaitzen zen; orain, berriz, hondartzan.

Beraz, igeriketa mundua aldatuz doa.

Zalantzarik gabe. Esan bezala, garai batean oso gutxik parte hartzen genuen, hain zuzen itsasoaz gain ez zegoelako igeri egiteko beste lekurik. Gaur egun, ordea, edonon daude igerilekuak, eta, hortaz, edozeinek du igerian ikasteko aukera. Horrez gain, gaur egun segurtasun handiagoa dago: adibidez, denek egiten dituzte berotze ariketak eta luzapenak igeri egin aurretik eta ondoren. Hasierako garaietan ez zegoen halako kontzientziarik.

Zer esan nahi du zuretzat igeri egiteak?

Igeriketak gauza asko eman dizkit; batez ere, osasuna. Adituek diotenarekin bat nator: lesio gutxien eragiten duen kirola da. Entrenamenduen ostean dutxa bat hartuta, oso erlaxatuta gelditzen zara. Denei gomendatzen diet kirol hau.

Igeri egiteko afizioa familiatik al datorkizu?

Arraroa bada ere, ez. Dena den, nire seme-alabei dakidan guztia irakatsi diet, eta oso ondo ikasi dute igerian. Semeak ere lehiaketa batzuetan parte hartu izan du.

Zein da igeri egiteko leku onena?

Itsasoa, zalantzarik gabe. Ur gaziak flotagarritasun handiagoa ematen du. Ur gezatan igeri egitea gogorragoa da.

Nora joan ohi zara igeri egitera?

Kontxako badiara. Sekulako zortea dugu: Kontxa da munduko igerilekurik onena. Ezin da beste edozerekin alderatu. Itsaso zakarra badago ere, lasai egin daiteke igeri han.

Gorputza zaintzeko modu berezirik ba al duzu?

Bizimodu normala egiten dut, eta egunean egunekoa jaten dut. Ez dut gauza arrarorik egiten. Azala zaintzeko, berriz, krema hidratatzaile bat erabiltzen dut.

Nola gogoratzen duzu igeriketa profesionalean hasi zinen garaia?

14 urte nituela parte hartu nuen lehen aldiz igeriketa lehiaketa batean. Urumea ibaian izan zen, eta Loiolako zubitik Maria Kristina zubiaren pareraino joan ginen. Garai hartan, ura oso kutsatuta zegoen, eta ez zegoen uretarako betaurrekorik. Ibaiko zikinkeria guztiaren artean ibili ginenez, meatzariak bezain belztuta heldu ginen.

Ia bizitza osoa daramazu igeri: guztira, hirurogei urte.

Hala da. Urte hauetan ez naiz erretiratu igeriketa mundutik. Gipuzkoako ia txapelketa guztietan parte hartu dut, eta baita Bizkaiko batzuetan ere. Igeriketa hegalekin ere egin izan dut, eta Bidasoa ibaiaren jaitsiera lehiaketan —Endarlatsako zubitik Hondarribira— zein Pas ibaiaren igoeran ere ibili naiz —Torrelavegan, Kantabrian—.

Noiz arte jarraituko duzu igerian?

Noiz arte ez dakit, baina osasuna daukadan bitartean behintzat jarraituko dut. Oraingoz, osasunezondo nabil, eta ez naiz kexatzen.

Anekdota asko izango dituzu...

Egia esan, bai. Esaterako, duela urte batzuk Getaria-Zarautz zeharkaldia bertan behera gelditu zen itsaso zakarragatik. Nire lagun batek eta nik, ordea, egitea erabaki genuen. Bikote batek pasealekutik oinez jarraitu gintuen Getariatik Zarautzera, eta, gero, ea erotuta ote geunden galdetu ziguten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.