Urrats nabarmen bat egin den aldiro, jarrera kontrajarriak eragin izan ditu teknologiaren garapenak, eta gauza bera ari da gertatzen baliabide digitalen hobekuntza azkarrarekin: batzuek mehatxutzat jotzen dituzte lorpenak —adimen artifiziala, kasurako—; baina badaude, kontrara, formatu berriak itxaropentsu hartzen dituztenak. Hainbat aldagaik baldintzatu dezake teknologiaren inguruko iritzia, eta jatorria da horietariko bat. Payal Arora Utrechteko Unibertsitateko ikerlariaren arabera (Herbehereak), pesimismoa gailentzen da Iparralde Globalean, eta adimen artifizialetik babestea da kezketako bat; Hegoalde Globalean, aldiz, oso positibotzat jotzen dute garapen digitala.
Bi hamarkadaz, Afrikako hainbat herrialdetako, Brasilgo eta hegoaldeko beste toki batzuetako gazteek sarearen inguruan duten jarrera aztertu du Arorak, eta, oro har, ondorioztatu du «baikor» daudela. EHUko Gureiker ikerketa taldeak antolatutako Ziberkazetaritzaren eta Komunikazio Digitalaren Nazioarteko XVI. Kongresuan xehatu ditu urteotako irakaspenak, EHUren Leioako campusean. Azpimarratu duenez, baikortasun hori ez da ezjakintasunaren edo informazio faltaren kausa, eta ez du ematen ezkor bilakatuko direnik adimen artifizialak bete-betean harrapatzen dituenean. Aukerek liluratzen dituzte, hain justu. «Gaur egun, Indian, Txinan, Kanbodian, Vietnamen... Han dago Internetik merkeena. Herbehereetan baino askoz merkeagoa da», nabarmendu du ikerlariak. Hala, eskuragarriago dute hura erabiltzea eta garatzea.
«Gaur egun, Indian, Txinan, Kanbodian, Vietnamen... han dago Internetik merkeena. Herbehereetan baino askoz merkeagoa da»
PAYAL ARORAUtrechteko Unibertsitateko ikerlaria
Arrazoiak ez dira soilik ekonomikoak, dena den; askatasunarekin ere badu zerikusia. Sistema politiko «hertsatzaileak» dituzten estatuetan herritarrek sarean topatu baitute askeago aritzeko abagunea, Aroraren irudiko. Afganistango emakumeak ekarri ditu hizpidera. «Haientzat, errazagoa da sareko Poliziari izkin egitea, kalean dabilenari ihes egitea baino». Iranen ere, antzera. Hango emakume ekintzaile batek sare sozialetan jarri zuen argazki bat proiektatu du ikerlariak: lehen planoan, gizon bat eta emakume bat ageri dira; andreak aske du ilea, ez du buruko zapirik, eta gizona musu ematen ari zaio masailean. Adimen artifizialarekin ondutako irudia da: protesta egiteko balio izan du, «baina ez du inor arriskuan jarri», ez baita ageri identifikagarria den herritarrik.
Norena da, baina, Hegoalde Globalean erabiltzen ari diren teknologia merke hori? Ikerlariaren esanetan, Indiak, kasu baterako, azpiegitura publiko digital oso zabala dauka. «Europa harengandik ikasten ari da». Baina diru pribatuak ere egin du habia. Albiste bat aitatu du: Facebook urpeko kable handi bat eraikitzen ari da Afrikaren inguruan, kontinente hartan sarea eskuragarri egon dadila sustatzeko. Eta AEBak ez dira baliabideak ipintzen ari diren bakarrak: Txinak ere jopuntuan du Afrika, baita Indiak ere. «Zergatik? Munduko populaziorik gazteena dagoelako han, eta azkarren hazten ari dena». Hala ere, itxaropentsu dago Arora. «Estatuak pertsonek osatzen dituzte. Eta pertsona asko ados jartzen badira helburu berean, indar handia egin dezakete. Hori boterea da». Jabetza gorabehera, ikerlariak uste du indar horrek balio dezakeela teknologia pribatuen erabilera publiko bat bultzatzeko.
Norentzat?
Pare bat adibide baino ez dira, baina milioika erabilera izan ditzake teknologia digitalak, eta milioika dira, halaber, hari esker sortzen diren edukiak. Nor da, ordea, horien guztien publikoa? Eta nola erlazionatzen dira hartzaileak irakurtzen dutenarekin? Teknologiak, beste behin, parada ematen du harreman horren berri izateko. Thalia Magioglou Westminsterko Unibertsitateko ikerlariak (Erresuma Batua) hedabide digitaletan argitaratu diren albisteen harrera aztertzen du, hala nola albisteotako iruzkinetan oinarrituta, eta psikologia sozialaren irizpideak aplikatuta.
«Polifonia» harrapatzea ahalbidetzen du metodologia horrek, ikerlariaren berbei erreparatuta. «Adibidez, analisi tematikoa ohiko metodo bat da: mapa antzeko bat sortzen da, ideien arteko loturekin eta gatazkekin». Baina horrela ezin da subjektuen kokapena aldatu; alegia, metodo horrek ez ditu kontuan hartzen pertsona bakoitzaren edo talde ideologiko beraren barruan egon daitezkeen kontraesanak. Eta egon, egoten dira. «Eguneroko bizitzan, ideologiak badaude, baina nahastu egiten dira. Ez dago arrazionaltasunik».