Nagusitu ohi den kontsumo ereduari izkin egin, eta gero eta ugariagoak dira bestelako balioak biltzen dituzten proiektuak. Hein batean supermerkatu itxurari eutsita ere, egun are nabarmenagoak dira hortik harago doazen denda ereduak, hala nola ekoizpen ekologikoa, justua eta arduratsua bide dituztenak, ekoizleen lan baldintzetan ez ezik kontsumitzaileengan ere arreta jartzen dutenak.
Euskal Herrian ere badira dozenaka adibide, eta horietako batzuk dira Ereindajan, Bioalai, Hendaia Koop, Labore Bilbo eta Landare. Irabazi asmorik gabeko elkarte eta kooperatibak dira, eta langileak daude, baina kudeaketa bazkideen artean egiten dute. Kontsumitzeko ere hala izan behar da, edo onuraduna, Ereindajanen izan ezik —librea da—. Tokian-tokian eragin nahi dute, eta zenbait dira horretarako ezarritako helburuak, nork beretik bada ere antzerakoak direnak.
Nolabaiteko «azoka garaikide bat» izateko sortu zuten duela lau urte, esaterako, Ereindajan kooperatiba Bergaran (Gipuzkoa), jendearen kontsumo ohiturak aldatzen ari zirela-eta, Aitziber Plazaola kidearen esanetan. «Bertakoa, osasungarria, justua eta kooperatiboa izatea dugu ardatz; gure iparra agroekologia da, gure gorputzak eta lurrak zaintzea».
Kontzeptu horri buruzko xehetasunak eman ditu Gasteizko Bioalai elkarteko lehendakari Koldo Reyk, haiek ere bide bera hartu baitute. Hain justu, «ingurumena, politika eta sozioekonomia» ei dira lerroak, eta orekatuta behar dute egon: «Ingurumenaren ikuspuntutik primerako ekoizpena bada baina esklaboak baldin baditugu, guk hori ez dugu nahi». Haren hitzetan, agroekologiaren bidea lantzean dago gakoa, eta horretan dihardute 1993tik, nahiz eta hasieran produktu ekologikoen eskaera komunak-eta egiteko sortu zen Bioalai.
Izan ere, egun ez da lan nekeza produktu ekologikoak bilatzea, edozein supermerkatutan aurkitu baitaitezke, bai bederen etiketa baten pean; baina ez da erraza izaten horien atzean dagoen jardunaz ohartzea, Hendaia Koop-eko kide den Jokin Etxebarriaren arabera. «Gauza bat da produktu biologikoekin lan egitea, bainaguk kasu handia egiten diegu lan baldintzei ere». Uste du halako egitasmoek modua ematen dutela ekoizleek, batik bat gazteenek, proiektuak abiatzeko, «modu duin batean» bizitzeko aukera bermatzearekin batera. Bada, hori gogoan izanda zabaldu zuten haiek ere denda bat Hendaian (Lapurdi), Baionako Otsokop-eko esperientziara hurreratuta.
Eta Landare eta Labore Bilbo ere ez daude asmo horietatik urrun. Ez dira atzean gelditzen, ibilbide ezberdinak izanda ere kontzeptu berberak baitarabiltzate beren jardunaz hitz egiteko.
Hain justu, duela 30 urte ekin zioten Landare proiektuari, afari batean. Kontsumo talde bat sortu nahi, eta, azkenean, haztearekin bat, erakusmahai bat jarri zuten Iruñeko merkatuan. Orain, denda bat dute Arrotxapea auzoan eta beste bat Atarrabian (Nafarroa). Labore Bilbok, berriz, 2016an hasi zuen bidea, elikadura burujabetzari buruzko jardunaldi batzuetan piztutako interesaren ostean, hura lortzeko, eta Santutxu auzoan dute egoitza.
Produktuen jatorria
Kontsumo arduratsua helburu, proiektu guztietan behatzen dute produkzio ereduaz gain produktuen jatorria ere, ahal den neurrian bertakoaren alde egitea baita asmoa. Landaren, esate baterako. «Produkturik freskoenak, hala nola barazkiak eta fruta batzuk, gertukoak dira, baina Euskal Herrian ekoizten ez dena kanpotik ekarri behar izaten dugu», Fernando Ustarroz partaidearen esanetan.
Gauza bera gertatzen da gainerako dendetan ere. Plazaolak eta Reyk, adibidez, nabarmendu dute ahuakateak Malagatik (Espainia) ekartzen dituztela. «Hala ere, nork jakin zer gertatuko den klima aldaketarekin! Entzuna dut kostaldean norbaitek badituela ahuakateak... Eusko Labelek agian hamar urte barru izango ditu!», erantsi du Reyk.
Kanpoko ekoizleekin aritzeak, gainera, batzuetan badakar beste plus bat ere: bitartekariekin hartu-emana izan beharra. Alaitz Ajuriagerrak egoera hori bera izan du gogoan, eta aipatu du Labore Bilbon bitartekaririk gabe lan egiten saiatu arren «ezinezkoa» dela hori guztiz bermatzea.
Ideia berberari eutsi diote gainontzeko kideek ere, uste baitute zuzeneko harremana izanez gero jakinekoa dela dirua ekoizlearengana doala zuzenean. Horregatik, denda batzuetan saiatzen dira produktuen jatorria ongi adierazten: ekoizlea eta banaketa zuzenekoa izan den ala ez, barazki eta fruten kasuan behintzat. Are, bidezko merkataritzara ere jotzen dute, besteak beste txokolatea eta kafea eskuratzeko.
Dena den, horrek badu irtenbide bat: sasoiko produktuak kontsumitzea, gaur egungo kontsumitzaileek oro har horren gaineko jakintza murritzagoa badute ere. «Egun, supermerkatuetan, urte osoan gauza berak ditugu, eta, beraz, galdu egin dugu informazio hori lortzeko era, baina garrantzitsua da berreskuratzea», esan du Reyk. Elikagaiez gain, supermerkatu horietan higienerako eta garbiketarako produktuak ere egon ohi dira, besteak beste.
Burujabetzarako bidea
Kooperatibetako ordezkarien hitzetan, egitasmo hauek nabarmendu egiten dira «momenturik larrienetan», eta hala izan da azken hilabeteetan ere. «Koronabirusarekin ikusi dugu zer muga dauden, eta orain Ukrainako gerrarekin ere bai», gogoratu du Hendaia Koopeko Etxebarriak. «Baina guk bertako ekoizleekin lan egiten dugunez, ziurtatua dugu produktua, eta balio indibidualistak saihesten ditugu». Hain zuzen, Etxebarriak uste du jendea elikagai erresilientziaren garrantziaz ohartu dela une horietan, eta, beraz, elikadura burujabetzarako bidean jarria du etorkizuna. Reyk ere iritzi bera du, Hego Euskal Herrian kamioi gidari batzuek eginiko azken greba gogora ekarriz. Haren arabera, horrelakoetan gizartea ohartu da «menpekoa» dela eta, produktua zenbat eta gertukoagoa eta zuzenagoa izan orduan eta eragin gutxiago duela gainontzekoak.
Are, Ajuriagerrak gehiago sakondu du gaian, eta aldarrikatu du Euskal Herriak elikadura sistema burujabe bat nahi baldin badu «apustu indartsu bat» egin behar dela, hiru ardatzen pean: «Bata da herritarrak kontsumoan ahalduntzea; bestea, lehen sektorea biltzea; eta azkena, plan estrategiko bat markatzea». Gaineratu du laborantzarako lurrak berreskuratu behar direla, eta hori eragile ezberdinekin egin behar dela, administrazioekin, sindikatuekin eta herritarrekin. «Kontsumitzen dugunaren %10 bakarrik da bertakoa, eta beste dena, kanpokoa; batez beste lauzpabost mila kilometroko ibilbidea egiten du jatekoak gure etxera iritsi arte».
Beraz, bide horretan dute jarria arreta proiektu kideek, ikuspegi indibidualistatik at. Plazaolak, esate baterako, azaldu du herri mailako kezka bat dela hori, eta hortik saiatzen direla eragiten, elikadura mahai bat ere badutelako Bergaran bertan, burujabetzaren norabidean zehaztu ahal izateko zer ardatz diren estrategikoak, elkarrekin ekiteko.
Ajuriagerrak eta Etxebarriak, berriz, adierazi dute norbere proiektua egonkortzean dutela jarria indarra, epe motzera begira bederen. «Halere, arazo bat litzateke denda handitu beharra, baina ona: zenbat eta gehiago hazi, zenbat eta produktore gehiagorekin lan egin, ahalik eta gehien sustatuko genuke bertako laborantza eta beste», zehaztu du Hendaia Koopeko kideak.
Dena den, handitze horretan, tamaina hartu beharraz ohartarazi dute Ustarrozek eta Reyk. Uste dute «ederra» litzatekeela horrelako proiektuak zabaltzea, baina tokian tokikoak eta autonomoak izanda, sareak sortuta, baina «munstrorik» sortu gabe. «Gizarte hau zuzentzen dutenek beti nahi dute bakarra eta handia dena, monopoliora eramango dituena, baina gizarte eta gizaki bezala ez dugu hori behar; bizi garen gizarte kapitalista honetan saiatzen gara era horretan ez den modu batean eramaten aurrera horrelako proiektuak», zehaztu du Bioalaiko lehendakariak.
Kontsumoak badu bestelako bide bat
Elikadura burujabetzaren bidean, eta agroekologia ardatz hartuta, azken urteotan hainbatek hautatu dute bestelako kontsumo eredu bat bultzatzen duten dendak zabaltzea Euskal Herrian. Bertako produktu ekologikoaren alde egiten dute, ekoizteko moduari arreta jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu