Mutiloabeitiko (Nafarroa) IDAB-CSIC-Agrobioteknologia Institutuko Nekazaritza Iraunkorra eta Klima Aldaketa saileko arduraduna da Iker Aranjuelo (Oiartzun, Gipuzkoa, 1976). Landareak aztertzen ditu, eta klima aldaketara nola egokitu ikertu. Hitzaldia emanen du gaur, Iruñean, 17:30ean, Civicanen: Klima aldaketaren eragina Nafarroan; zer egin dezakegu 'etxean'?.
Honek ez du atzera-bueltarik?
Atzera-buelta guztizkorik agian ez. Tenperatura ahalik eta gutxien igotzea lortu: horixe egin dezakegu. Baina aldaketa batean gaude: azken urteetan, tenperatura gradu eta erdi igo da. Iruñean tesia egiten hasi nintzenean [1998an], CO2 balioak 350 ppm[milioiko parte] ziren; gaur egungo ikerketetan, berriz, 409 ppm. Orain, jendeak ezagutzen du klima aldaketa, eta hori garrantzitsua da, baina ez da berria: aspaldi ari ziren adituak abisuak ematen.
Zerbait egiteko denborarik bada oraindik?
Bai, horregatik ari dira ekiten, eragina murrizteko. Pentsatu beharko genuke zer ekonomia eta zer bizimodu ditugun, iraunkorrak diren edo ez. Gobernuek gauzak egin behar dituzte, baina ez da hori bakarrik. Etxean gauzak egitea garrantzitsua da. Adibidez, CO2 isurietan garrantzi handia dute elektrizitateak eta garraioak, eta erabiltzen ditugu. Etxean asko egin dezakegu.
Zer egin liteke etxean?
Elektrizitatearen gastua ikusita, berogailuarekin gastatzen da gehien urtean. Neguan ez da behar termostatoa 28 graduan izatea: egon zaitezke 19-20 graduan eta jertsea jantzita. Agian faktura ordaindu dezakezu, baina ez da bakarrik gaitasun ekonomiko kontua, energiaren erabilerak eragina duelako.
Zer beste aholku ematen dizkiezu gazteei hitzaldietan?
Energia eraginkortasuna, sakelako telefonoak etengabe ez aldatzea, arropak konpontzea eta berrerabiltzea, gertuko janaria kontsumitzea eta garraio publikoa erabiltzea.
Adibidez, auto elektrikoa erosteko aholkua ematen diezu?
Elektrikoa bultzatzea oso garrantzitsua da, ez duelako CO2 emisiorik eragiten, baina elektrizitatearen jatorria da arazoa. Ideia garrantzitsua da, baina ez dago neurririk hori garbi-garbia izan dadin. Energia iturri garbiagoak lortu behar dira.
Beharrezkoa da gazteei halako aholkuak ematea?
Uste dut baietz. Kontsumoan sartuko diren edo sartu diren pertsonak dira. Garrantzitsua da jendeari informazioa ematea, zer egin nahi duen erabakitzeko: jakin dezatela ekintzek badutela ondorio bat. Ohartu behar dugu kontsumoa ez dela soilik diru kontua, gehiago da.
Oraindik ere bada klima aldaketa ukatzen duenik. Halakoekin frustrazioa sentitzen duzue?
Bai, dezente. Esaldi horien atzean ez daude ikerketa zientifikoak, interes ekonomikoak baizik. Interneten ere mugitzen dira, Youtuben-eta. Horregatik, oso garrantzitsua da informatzea. Australiako lehen ministroak esan zuen klima aldaketa ez dela garrantzitsua, baina ekonomia baietz, badela. Australiak diru asko lortzen du ikatzaren salmentarekin: horregatik dio hori.
Zer iruditzen zaizu 2030 agenda? Sinesten duzue?
Ideia ona da, baina kontua da eredu ekonomikoa berriz pentsatu behar dela, eta jendeak mentalitatea aldatu. Eta behar da dirua ikerketa egiteko. Ideiak ongi daude, baina atzean ez bada, ez interesik, ez dirurik, titulu batean geratuko dira.
Zer eragin izan du klima aldaketak Nafarroan?
Hamarkada bakoitzean 0,5 eta 0,2 gradu artean igotzen ari da tenperatura. Euria ere gutxitu da, %5-10. Klima aldaketak eragina du landareen ekoizpenean, adibidez. Gradu bakoitzeko igoerak ekoizpena %10 murriztu dezake. Gainera, eltxoak eta bakterioak ugaltzen dira, eta landareek gaixotasunak izateko arriskuak handitzen dira.
Zer eragin du klimaren aldaketak zerealen ekoizpenean?
Tenperatura igota, 30 urtean gari, arto eta babarrun ekoizpena jaitsi egin da munduan. Soilik arrozari datorkio ongi tenperatura igotzea.
Zuek hori ikertzen duzue. Zer ondorio atera dituzue?
Garia, kinoa, soja... zenbait zereal analizatzen ditugu, eta helburua da jakitea zer barietate diren hobekien ekoizten direnak tenperatura altuagoko eta ur gutxiagoko baldintzetan. Landareak ureztatzeko erabiltzen da ur gezaren %70. Joera ura gutxitzea bada, zentzua du behar gutxiago duten landareak erabiltzeak. Ez da bakarrik ekoizpena: ikusi dugu tenperatura eta CO2 isuriak igota jaten dugun ogi irina kalitate txikiagokoa dela.
Nekazaritza egoera berrira egokitu behar da?
Bai. Nafarroan, hegoaldera joanda, ekoizpena asko gutxitzen da. Garrantzitsua da zentzuzko nekazaritza egitea. Zentzurik dauka hegoaldean ur pila bat gastatzeak artoa ereiten? Beste labore batzuk erabili daitezke: adibidez, kinoa.
ATZEKOZ AURRERA. Iker Aranjuelo. Agrobioteknologia Institutuko ikerlaria
«Kontsumoa ez da soilik diru kontua»
Klima aldatzen ari da, eta egoera horretara egokitzeko lanean ari da Aranjuelo, landareekin ikerketak eginez. Uste du jendeak etxean gauza asko egin ditzakeela aldaketa leuntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu