ATZEKOZ AURRERA. Juan Ibarrondo. Idazlea

«Kontsumo gizarteari esker, denbora erosten dugu»

Denbora saldu eta erosi egiten den produktu bilakatu dela uste du Juan Ibarrondok. Hainbat egile klasikoren begietatik aztertu du kapitalismoaren historia idazle arabarrak.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Langilea eta kontsumitzailea. Egungo gizarteak pertsonak bi eginkizun horietara mugatzen dituela uste du Juan Ibarrondo idazleak (Gasteiz, 1962). Zientzia fikziozko eleberrietatik eta eleberri historikoetatik saiakerara salto egin du Convertir el tiempo en oro lanarekin (Denbora urre bihurtu). Bi ataletan banatu du liburua. Hasieran, kapitalismoaren historiaren errepasoa egin du hainbat egile klasikoren laguntzarekin. Bigarren atalean, berriz, egungo gizartea iraultzeko hainbat proposamen egin ditu. Martxoaren 10ean aurkeztuko du liburua, Bilboko Hika ateneoan.

Nola bihurtzen da denbora urre?

Bizitzea egokitu zaigun denbora saldu eta erosi egiten den produktu bilakatzen denean. Kapitalismoak hasieratik garatu du ideia hori. Beraz, lan egiten dugunean denbora erosten dugu. Lanetik kanpo gaudenean, berriz, kontsumo gizarteari esker, denbora erosten dugu. Sistema honetan langileak eta kontsumitzaileak gara, besterik ez.

Zer aurkitu duzu ikerketa egiterakoan?

Kapitalismoaren hasieratik denboraren kontzeptua nolakoa izan den aztertu dut. Nire ustez, etengabeko hazkunde azkarrean oinarritzen da. Etengabeko hazkunde hori gabe, sistema honek ezingo luke funtzionatu. Gaur egun bizi dugun kapitalismoaren ondorengo honetan, gainera, hazkundea ikaragarri bizkortu da denboraren eta espazioaren aldetik.

Nola sortu da hazkundearen behar hori?

Kapitalismoaren funtsetara jo nuen, eta oinarrizkoak diren bi kontzeptu aurkitu nituen: garapena eta aurrerapena. Kapitalismoaren aurreko kontzeptu modernoak dira, baina ondoren etorri zen sistemaren oinarrizko ideiak dira. Gizarte garapena eta aurrerapen teknologikoak erabat mitifikatu dira. Gure arazo guztien konponbide magikotzat jo ditugu.

Historian badira garapena eta aurrerapena kritikatu duten egileak?

Horixe baietz. Beti existitu dira aurrerapenaren dogma kolokan jarri duten korronte kritikoak. Ni horiek berreskuratzen saiatu naiz. Erabat zabaldua dago teknologiaren eta zientziaren garapenarekin mundu zoriontsu bat lortuko dugula. Hollywoodeko filmekin alderatzen dut hori, beti ondo bukatzen direlako. Baina hori idealizazioa baino ez da, historiak ez duelako zertan ondo bukatu. Hori oker bat da, eta uste dut zenbait marxismok bat egin dutela garapenaren ideiarekin, uste baitzuten kapitalismoaren kontraesanek berez sortuko zutela gizarte berri bat.

Marxismoa zientifikoa delako.

Hori da, berez gertatu behar duen zerbait da. Marxisten arabera, etorkizuna gure alde dago, langileen alde. Baina marxismoaren barruan badaude ideia horien aurkako kritikoak ere: Walter Benjamin, adibidez. Gehien landu ditudan egileetako bat da, eta 1920ko hamarkadan determinismo hori kritikatu zuen.

XX. mendeko sistema sozialistetan oso barneratua zegoen lanaren garrantzia.

Lanaren idealizazioa ere jorratu dut. Hainbat marxismok horren alde egin zuten, Stajanovismoak kasurako. Ideologia horrek bultzatu zituen lan eragingarriak eta lanaren gorespena. Marxek esan zuen pertsonak garela lanaren bidez inguruan eragiteko gaitasuna dugulako. Baina lan hori kapitalistek desjabetzen zutela. Badaude ikuspegi hori kritikatu duten hainbat egile, hala nola Paul Lafargue eta hainbat pentsalari anarkista. Langileak eta kontsumitzaileak baino askoz gehiago gara. Harremanak ditugulako gara pertsonak.

Egoera hori ikusita, zer egin daiteke?

Liburuaren bigarren partean landu ditut alternatibak. Nire ustez, ezin dugu alternatiba bakarraz hitz egin. Alternatiben inguruan jardun behar dugu, pluralean. Alde batetik, tokian tokiko egoerak kontuan hartu behar dira. Bestetik, norberaren denbora ere errespetatu behar dela uste dut. Aldaketek ez dutelako denboran bat egingo. Hori da liburuaren tesietako bat: denbora ez da utopiara eramango gaituen bide zuzena, horra hurbiltzen eta urruntzen gaituen mugimendua baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.