ATZEKOZ AURRERA. Jokin Telleria KA taldeko koordinatzailea

«Kontsumitzaile bainoago, prosumitzaile izan nahi dugu»

Bateria jotzailea da, eta Xpressionk kultura sustapenerako elkarteko koordinatzailea. Hain zuzen ere, elkarte horrek koordinatzen du KA Kultura Alternatiboa taldearen jarduna.

Iker Tubia.
2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bi urte dira KA Kultura Alternatiboa taldea sortu zela, eta, dagoeneko, 300 lagunetik gora biltzen ditu, eta hamaika jarduera antolatu ditu. Hori ospatzeko, jaialdia eginen dute bihar Donostiako Dabadaban. Koordinatzaile lanetan dabil Jokin Telleria (Donostia, 1981).

Kulturaren alorrean, sinergia da bide bakarra?

Helburuaren arabera. Ematen du gizarte honetan lehiatzeko hezi gaituztela, eta guk nahi dugu gauzakomun bat egin. Oinarrizko kulturaz aritzean askotan pentsatzen dugu hasten ari diren gaztetxoak direla, baina hemen denetarik dago, adin guztietakoak, eta ez dute baliabiderik ikusgarritasuna lortzeko. Elkartasunaren bitartez dagoen hori guztia erakutsi nahi dugu, eta, gainera, bateragune bat izan gure artean kolaboratzeko. Premisak dira: oinarrizko kultura zabal eta aberatsa, eta elkartasuna.

Zer esan nahi du artista batentzat bere lana ikusezina izatea?

Artista batek esaten zuen zela masturbatzea eta txortan egitea bezala. Bakarrik bazaude ez duzu jendearekin feedback hori lortzen, nazkatzen zara, eta koadroak ohe azpian gordetzen dituzu. Lana ez bada erakusten, finean, ez zara existitzen.

Zeren alternatiba zarete?

Merkatuak eta instituzioek baliabide pila bat dituzte, eta jendearengana erraz iristen dira. Badirudi kultura ofizial hori bakarrik existitzen dela. Baina guk kultura alternatiboa aldarrikatu, ikusarazi eta bultzatu nahi dugu. Jende gehiena kontsumo kulturara doa: jaialdi handiak, kultura hiriburuak eta abar. Guk kontsumitzaile ez ezik, prosumitzaile izan nahi dugu.

Kultura alternatiboa izanda, Donostia 2016n parte hartzeak kontraesanik sortu dizue?

KAren barruan iritzi asko daude. Nirea hau da: instituzioak eta harenesku dauden baliabideak guztionak dira, eta, gure ustez, jende gehiena oinarrizko kulturaren barnean dago. Beraz, instituzioekin kolaboratzea ez dut uste kontraesana denik, betiere, ez badigute gure askatasuna eta ikuspuntua baldintzatzen.

Olatu Talkaren ondoren Resaka egin zenuten, instituzioen babesik gabe. Zein izan zen emaitza?

Olatu Talkarekin asteburu batez dena posible da, kalean gauza asko egin daitezke, eta datorren asteburuan, zer? Hori aldarrikatu genuen, asteburu horren ondoren badagoela bizitza. Guk normalizazioa lortu nahi dugu, eta ez bakarrik gauza puntualak eta handiak egitea.

Kultur hiriburutza ere urte bateko kontua da? Ez du segidarik?

Haiek esaten dute legatu bat utziko duela. Guk argi daukagu kultura beti egon dela, eta hiriburutzak ez gaituela baldintzatu behar. Diru gehiago dagoelako, orain denok kultura egitera? Kultura modu normalean egin behar da, guztien artean hitz egiten, eta herritarrek lantzen duten kultura bat lortuz. Hiriburutzaren kontzeptua, egia esan, ez dut oso ondo ulertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.