Nor ikerketa taldeko kidea da, eta ikus-entzunezko kontseiluak sakon aztertu ditu Patxi Azpillagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959).
EH Bilduk proposatu du euskal espazio komunikatiboa artikulatzen duen Ikus-entzunezko, Interneteko eta Komunikazioaren Kontseiluari buruzko lege bat onartzea. Zer iritzi duzu proposamenaz?
Oso zentzuzkoa da proposamena. Asko aldatu da komunikazioa azken urteotan, eta egun ditugun egiturek ez diote behar bezala erantzuten gure herriak arlo horretan dituen behar eta erronkei. Irrati-telebistako zerbitzu publikoaren ikuspegi estutik harago, beharrezkoa ikusten dut Euskal Herriko komunikazioaren arloko hausnarketa orokor bat, aintzat hartuko dituena, besteak beste, komunikazioaren digitalizazioak dakartzan aldaketak. Halako instituzio batek asko lagun zezakeen hausnarketa horren garapenean eta eztabaida publikoan, baita ikuspegi estrategiko batetik Euskal Herriko komunikazio sektorearen egituraketan ere.
Kontseilu hori sortuko balitz, arduratuko litzateke hedabideen araudia betearazteaz. Askotariko betebeharrak zainduko lituzke, ezta?
Halako kontseiluak eratzen joan dira munduko lurralde gehienetan, interes orokorrekoak diren zenbait arloren funtzionamendua arautzeko eta jarraitzeko. Ziurtatzeko interes publikoak modu egokian hornitzen edota babesten direla, eta baita araudiek eta ezarritako kontrol publikoko neurriek interes haiei erantzuten dietela. Eta ez, hartara, merkatuaren joko hutsari, ezta unean uneko gobernuaren interesei edota alderdien arteko joko politiko hutsari. Haien helburua izan da, nolabait, ikus-entzunezko zerbitzu publikoaren independentzia ziurtatzea eta zerbitzu pribatuak ere irizpide publiko orokor batzuen menpe jartzea. Gurean, berriz, oso garrantzitsua litzatekeenpresa kontzentrazioaren gaineko kontrola. Nolanahi ere, halako kontseilu baten funtzioak egokitzen joan beharko dira unean uneko garapen politikoak, ekonomikoak eta teknologikoak ezartzen dituzten baldintzetara eta erronketara.
Frantzian badago ikus-entzunezko kontseilu bat. Eraginkorra dela iruditzen zaizu?
Frantzian Ikus-entzunezko Kontseilu Nagusia [CSA] dago. Erakunde horrek balio izan dio Frantziari komunikazioaren garapenerako eztabaida publikoa egiteko, eta sektorearen garapena ere irizpide publiko batzuen arabera aztertu eta bideratzeko. Horrek ez du esan nahi ez dutenik gatazkarik bizi izan; aitzitik, zenbait unetan, esku hartze politiko zuzena eta interes politiko eta ekonomikoen arteko uztarketak nabarmenak izan dira erakundearen funtzionamenduan. Baina edozein kasutan, gobernantza eredu edo instituzio horrek ahalbidetu du gardentasun handiagoa eta oreka egokiagoa herritarren, politikarien eta enpresen arteko interesen jokoan.
Eta Kataluniakoak, ba al du nahikoa indarrik?
Estatu espainiarraren egituraketa politikoan, erkidego autonomoak Estatuarekiko subsidiarioak dira komunikazioaren arauketan. Hark propio utzitako eremuetan baino ezin dute jardun, eta hainbat komunikazio eragile eta jario autonomia erkidegoen erregulazio eskuduntzetatik kanpo geratzen dira. Kataluniako CAC erakundearen ibilbideak, hain zuzen, horixe erakusten du: alegia, badirela zenbait arlo non erakundearen eragina oso mugatua den. Hala nola Espainiatik sortutako telebista sistemaren egituraketa; irratian, berriz, zabalagoak dirahaien ahalmenak. Baina, Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluaren jardunak erakutsi du oso erakunde esanguratsua izan dela Kataluniako komunikazio espazioaren kontzeptua bera adosteko eta sozializatzeko, hura katalanaren inguruan ardazteko, eta Estatuko komunikazio egituraren eraginaz ere ohartarazteko Katalunian.
Ikus-entzunezko kontseilu bat eratuko balitz Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, sektoreko profesionalek eta hedabideek haren lana aitortuko lukete?
Baietz uste dut, azken batean, sektorearen funtzionamendura gobernuarekiko eta unean uneko politikoen interesekiko menpekotasun txikiagoa eta kudeaketa modu gardenagoa ekarriko lituzkeelako. Eta hori uste dut ez dela bakarrik herritarron nahia, baizik eta arloko eragile guztien interesen alde ere jokatzen duela.
Patxi Azpillaga. EHUko irakaslea
«Kontseilu bat eragile guztien onerako da»
EH Bilduk ikus-entzunezko kontseilu bat sortzea proposatu du. «Zentzuzkotzat» jo du eskaera Azpillagak. Halako erakundeek gardentasuna bideratzen dutela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu