Aitor Gabilondo. Gidoilaria eta ekoizlea

«Kontrolatuak gaude denok, segurtasunaren aitzakiapean»

Netflixek 'El Silencio' telesaila estreinatuko du etzi. Adingabekoen zentro batetik irten berri den gazte bat nola zelatatzen duten kontatu du Gabilondok. Bilbon girotutako thriller bat da.

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Makina bat telesail arrakastatsu sortu ditu Aitor Gabilondok (Donostia, 1972): El Príncipe, Allí Abajo, Vivir sin permiso, Patria eta Entrevías, besteak beste.


Nola sortu zen El Silencio egiteko ideia?

Adingabekoek egindako krimenek beti piztu izan dute nire arreta. Hainbat kasuren informazioa biltzen aritu nintzen. Bestetik, irakurri nuen neska baten ustezko hiltzailea miresleen gutunak jasotzen ari zela. Bi gai horiek uztartuta hasi nintzen fikzioaren ideian pentsatzen.

Gurasoak hil dituen gazte bat da protagonista. Baina pertsonaia guztiek dute alde iluna. Iluntasun horrek garrantzia du istorioan, ezta?

Bai, oso garrantzitsua da. Istorioan behatuko dute ea gazte horrek kalean zer egingo duen. Baina pixkanaka nahi nuen ikus-entzuleek behatzaileak ezagutzea, behatua baino gehiago. Pertsona batzuk obsesionatuta daude gazte horrekin, eta obsesio horrek haien izaera azaleratuko du. Hau da, kamera bira emanez joaten da.

Zergatik Bilbon?

2021. urtea Donostia eta Madril artean pasatu nuen. Iaz, berriz, Bilbo eta Madril artean ibili nintzen; telesailaren hasiera ez nuen gustuko, eta Bilboko eraikinei begira hasi nintzen. Argazki ugari atera, lantaldeari bidali, eta argi ikusi genuen Bilbon girotu behar genuela. Isozaki Atearen inguruan dauden eraikinek Bostonen tankera dute; Gothamena ere bai, akaso.

Ez da turistei saltzen zaien Bilbo.

Ez, ez. Horren kontra joan gara, neurri batean. Benetako Bilbon oinarrituta, gure hiri zinematografiko propioa eraiki dugu.

Ertzain ustelen trama bat bada. Thriller askoren osagaia izaten da polizia ustelena.

Polizia ustelak errealitatearen parte dira: ez ditugu guk asmatu. Munduan ez da Poliziarik egongo ustelkeria dosirik gabe. Telesailean ondo zetorkigun tramarako, nahiz eta ez den istorioaren parterik garrantzitsuena.

Isiltasunek zer irudikatzen dute istorioan?

Isiltasuna alde bikoa izan daiteke: zuhurtasunarekin lotzen da, jende jakintsuarekin; baina isiltasunak ere alde iluna du: koldarkeriarekin, manipulazioarekin eta larderiarekin lotu daiteke. Gazte protagonistaren isiltasunak zalantzak sortzen ditu besteengan.

Telesailean agerian gelditzen da bideozaintzako kameren bidez jendea erraz kontrolatu daitekeela; esaterako Bilbon, ezta?

Bai, hala da. Kontrolatuak gaude, segurtasunaren aitzakiapean. Gazte protagonista kontrolatzen dute, mehatxua hipotesi bat delako. Baina zergatik bera? Berak zigorra bete du, eta libre dago...

Grabaketak ez ziren errazak izango.

Gogorrak izan ziren, bai. Sekuentzia bakoitza hiru aldiz grabatu behar zen: Sergio protagonistaren akzioa, bideozaintza kamerek grabatzen dutena, eta, azkenik, behatzaileen sekuentzia. Lantsua izan zen, baina pozik gaude.

Netflixekin zer moduz?

Ondo. Plataforma horrentzat egin dudan lehen telesaila da, eta dena primeran joan da.

Disney Plusentzat, berriz, Yo adicto telesailean ari zara lanean —Javier Ginerren izenburu bereko liburuan oinarrituta dago—. Nola helduko diozue menpekotasunen gaiari?

Giner Barakaldokoa da [Bizkaia]. Liburuak asko hunkitu ninduen, eta gauza asko ulertzen lagundu zidan. Drogen gaiari heltzen dio, moralkerian erori gabe, eta telesailean ere hala egingo dugu. Buruko gaitzei heltzen diegu telesailean. Bartzelonan ari dira grabatzen, eta gidoilari taldean Jorge Gil gipuzkoarra ere ari da.

Entrevías zure telesailak arrakasta handia izan du Netflixen, Tele5n estreinatu ostean. Bizitza bat baino gehiago dute fikzioek. Nola ikusten duzu hori?

Ematen zuen batek bestea hilko zuela, baina ez da hala gertatzen ari. Egun, telebista irekian askoz jende gutxiagok ikusten ditu telesailak. Baina, gero, plataformetan ikusten dituzte askok, eta, bietako ikusleak batuz gero, ia lehengo berak dira. Kontsumoa dibertsifikatu egin da. Nire desioa da telebista publikoek fikzioaren alde apustua egiten jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.