Komunikazioa. Ekografiak

Kontraesanak

Jokin Labaien.
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Kosta egiten zaigu norbere kontraesanez ohartzea. Behin ohartuta, onartzea bezainbeste. Izan badauzkagula jakinagatik. Atzo, Arbelari begira euskaldunon identitatearen kontraesanez ari zitzaigun Beñat Gaztelumendi. Iradokiz amaitzen zuen, kontraesanik ez izatea bera ere ahulezia ez ote den iradokiz.

Anjel Lertxundik, Hitz beste eginaz, galdera egin zigun: Koherentzia? Txundiduraz jarri zen haren belaunaldiko zenbaitzuri so. Aldaketa sekulakoak eman dituzten horien jarrera hartu zuen hizpide. Nola aldatu aurretik, hala aldatu eta gerora egiaren jabe diren horiek. Koherentzia baino dogmatismoa dela haiena.

Egunkariaren irakurketa desordenatuan, Zuriñe Iarrituri egindako elkarrizketa izan zen hurrengo geltokia. Hamaika Telebistan ordubeteko saioa aurkezten du gauero, Korrikak egunero utzitako irudiak eta gonbidatuek ekimenarekin izandako esperientziak tartekatuz.

Ekimen gutxi izango dira Euskal Herrian Korrikaren parekoak. Aldi berean salaketa, aldarri, festa eta ilusio iturri. Herriz herri, pausoz pauso hainbeste herritar elkartzeko gai. Nahita ere, nekez aurkituko zaio aurkako argudiorik, ezpada zergatik ospatu behar izan dugun aurten eta ospatu behar izango dugun bi urte barru. Berriz.

Euskararekiko kontzientziaz bizi diren hedabideek naturaltasunez egiten dute ekimenaren jarraipena. Agian, harekiko duten konpromisoa betetzeko. Baina, baita duen garrantzi informatiboagatik ere. Ez denek, demagun, kate publiko batek albistegiaren azken hondarrerako gordetzen duela aurkeztu den egunean. Hala egin zuen. Edo, egunero ordu erdia eskaintzen diola, baina hirugarren katean, audientzia baxuena duen horretan. Hala egiten ari da. Ondorioz, hainbat ikus-entzulek ez dutela gertatzen ari dena jarraitzeko aukerarik. Hala da. Ez baitu haren kontraesanik handienetako bat onartu nahi. Korrika bera bere atzean dauden horien politikek sortutako ekimena dela. Izatez, zuzenean eta zeharka, haren utzikeria salatzeko egina dela, besteak beste. Kurioski, hedabidearen buruzagitzan dagoenak eta hura postu horretan jarri duten ia denek ez baitakite euskaraz, inork paper batean idatzitako paragrafo eskasa trakets irakurriz ez bada. Eta, noski, haien kazetarietako bat bera ere ez da ausartuko haiei Korrikari buruz galdetzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.