Kontrabira bat munduari

Sarrionandiaren 'Munduari bira eman zion ontzia' liburuaren irudiekin osaturiko erakusketa bat jarri dute Iruñeko Planetarioan. Martxoaren 5era arte egonen da ikusgai.

Munduari bira eman zion ontzia
Joseba Sarrionandia eta Lander Majuelo, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Nike markako zapaten kutxa bat Magallaesen eskuetan, Kim Phuc Trinidad itsasontzitik ihesean, eta XVI. mendeko indigena brasildar bat Illarramendiren kamiseta jantzita. Halako dozenaka irudik betetzen dute Iruñeko Planetarioko aretoa, bata bestearen ondoan paretetan zintzilikaturik. Illarramendirenaren parean pausatu da Joseba Sarrionandia: «Inolako tesirik egin gabe historia kontatzeko beste modu bat irudikatu nahi izan dugu».

«Gure egungo bizimoduaz gogoeta egiteko aitzakia bat da lan hau».

JOSEBA SARRIONANDIA Idazlea

Aristides Hernandez Ares marrazkilari habanarrarenak dira irudiok, Sarrionandiaren Munduari bira eman zion ontzia libururako propio eginikoak. Lehen mundu birako zertzeladak ditu hizpide, amona baten eta haren bilobaren hitzetan, eta liburuaren ilustrazioen erakusketa antolatu dute Pamiela argitaletxeak eta Karrikiri elkarteak, elkarlanean.

Irudiak bitxiak dira, kolore bizikoak; mihise gainean eginiko akrilikoak dira batzuk, eta aluminiozko plantxetan inprimaturikoak besteak. Lehenengoak originalak dira, gainera. Ordenan jarrita daude, liburuko kontakizunari segika. Irudiek elkarrizketak ilustratzen dituzte, baina narrazioz kanpokoak erakutsi ere bai. «Gure egungo bizimoduaz gogoeta egiteko aitzakia bat da lan hau», esan du idazleak. Preseski, hori islatzeko, anakronismoa erabili du Aresek bere pinturetan: esaterako, USB kable bat edo kalkulagailu bat txertatu du XVI. mendean.

Joseba Sarrionandiaren 'Munduari bira eman zion ontzia' liburuaren ilustrazioetako bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Joseba Sarrionandiaren 'Munduari bira eman zion ontzia' liburuko ilustrazioetako bat. IÑIGO URIZ / FOKU

Halaber, Pamielako editore Lander Majueloren aburuz, liburuak modua ematen du lehen mundu bira antikolonialismoaren ikuspegitik lantzeko, eta, hain zuzen ere, azpimarratu du erakusketak parada ezin hobea eskaintzen duela ikuspegi hori praktikara eramateko. Izan ere, Euskal Herrian mundu biraren ikuspegi kritiko eta dekolonialik apenas dagoen, Majueloren irudiko, baina-z jositako ubera baita Elkanok eta gainerakoek munduan zehar utzitakoa.

Buruari ere bira

Hain justu, kolonialismoa pedagogikoki azaltzeko asmoz, unitate didaktiko bat sortu dute Oihane Garmendia eta Mirentxu Oteiza irakasleek, liburuaren ilustrazioetatik abiaturik. Garmendia filosofia irakaslea da, eta adierazpen filosofiko eta artistikoan oinarrituriko proiektu bat sortu du. «Liburua irakurri aurretik, bertako irudi bat erakusten diet ikasleei, inolako testuingururik eman gabe, eta, marrazki horretatik abiatuta, galderak sortzen dituzte». Horren ondoren, hipotesiak botaz eta irudiak analizatuz, eztabaidan aritzen dira. «Amaitutakoan kontatzen diet istorioa». Oteizak, berriz, euskara ikasten dabiltzanekin erabiltzen ditu ilustrazioak. Bisitan doazen eskoletako eta euskaltegietako ikasleek parada izanen dute proiektuaz ikasteko. Dena dela, gainerako bisitariek planetarioaren ohiko ordutegian ikusi ahalko dute erakusketa.

Garmendiarendako, egundokoa da euskarazko liburu bati «halako lekua ematea». Izan ere, erakusketa martxoaren 5era arte egonen da Iruñeko Planetarioan, eta antolatzaileek espero dute harrera bikaina izatea. Majueloren iritziz, toki ezin hobea da hori: «Zerua, nabigazioa eta mundua ikertzeko leku bat da, eta horregatik antolatu nahi izan dugu erakusketa hemen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.