Xanti Elizagoien. Baserritarra eta kontrabandista ohia

«Kontrabandoa lan bat zen, fabrikara joatea bezala»

Mendia aski ongi ezagutzen du, han lan egin baitzuen denbora luzez ilargipean. Gaueko lanean edo kontrabandista ibilia da Elizagoien, baserriko lanak utzi gabe. Bizipen anitz ditu muga artean.

Iker Tubia.
Etxalar
2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Hamaika istorio ditu buruan Xanti Elizagoienek (Etxalar, Nafarroa, 1947). Beldurrik ez du, eta horri esker egin du aurrera. Lanean eman du bizitza guztia, eta hala jarraitzen du. «Jendea lanak ez du hondatzen. Erretiratu? Gustura egiten baduzu lan, ez zara nekatzen», esan du. Saltsero xamarra bada, eta onartu du anitz maite duela besta, lana bezainbeste. Botilak motozerrarekin irekitzen abila ere bada, nahiz eta orain ikusmena ez duen lehen bezain fin. Herriko bestetan ikuskizuna eskaini du horrela. Eta mozorroekin. Maite du mozorrotzea.

Baina Elizagoienen istorio gehienak gaztetako lanari atxikirik daude. Etxalarren anitzek egin bezala, bera ere gaueko lanean aritu zen: kontrabandoan. Argazki zaharrak atera ditu solasean hasi aurretik. Bera ageri da, pailazo jantzirik. Haietako batean, guardia zibilekin batera ere. Hori zuen estrategietako bat kontrabando lanean.

Mozorro horiek zertarako janzten zenituen?

Askotan, igandeetan arropak hartu, pailazoz beztitu, eta guardia zibilekin-eta ibiltzen nintzen, mugan. Haiekin disimulatzen nuen, pentsa zezaten beti ibiltzen nintzela parrandan, eta hurbiltzearekin zer pentsatzen zuten jakiteko. Ez egunero, baina hilabetean behin edo joaten nintzen. Lagun bat ere etortzen zen, ez zena behin ere ibili gaueko lanean, baina parrandazalea zen.

Inportantea zen guardia zibilekin hitz egitea?

Bai, jakiteko zerbait eginen zuten. Jakizu zer pentsatzen zuen bertze jendeak: «Hori guardia zibilekin dabil». Nik nirea. Horrela ibili ondotik, bederatzietan-edo haranetik beheiti joan, neskatoak utzi, autoa mendian utzi, eta korrika joaten nintzen kargaren eske. Ez duzu sinetsiko zer lan egiten genituen gaztetan. Hamaiketan, ogitarteko bat hartu, korrika joan, eta berriz kargatu 30-35 kilo bizkarrean. Horrela hiru orduz.

Eskolan ez zenuen kontrabandoan ikasiko...

Eskolan euskararik ez zen. Baserrian beti euskaraz, maisuak kanpotarrak ziren, eta erdaraz aritzen ziren; beraz, nik eskolan ez dut deus ikasi. Jotzen gintuzten ez genuelako ikasten, baina haiek erdaraz egiten zuten, eta ez ziguten azaltzen. Orduan jo, eta gu izutu. Hamabi urte arte egon nintzen eskolan, baina arrunt gutxi joaten nintzen, jotzen baitzuten.

Hamar urterekin hasi zinen lantxo batzuekin. Nolatan?

Kontrabandistek ostatuan ematen ziguten pintxo txiki bat mandatuak egiteko: paper bat eramateko etxe hartara, edo kale honetan bonbillak harriekin hausteko. Pezeta bat edo 50 zentimo ematearen truke, korrika joaten ginen. Jostetan egiten genuen.

Hamasei urterekin, aukera izan zenuen kontrabandista hasteko. Nola sartzen zineten?

Nagusiak baziren, mendiaz enkargatzen zirenak baziren, eta poliki-poliki joaten zinen hor sartzen. Enpresa bat bezala zen: hiru edo lau kuadrilla zeuden. Hemen denak ibili ginen, nire adinekoak eta zaharragoak denak, eta ni baino gazteago diren batzuk ere bai.

Beraz, ohikoa zen?

Kontrabandoa lan bat zen, fabrikara joatea bezala. Baserriko lana egiten genuen, gero kontrabandoa gauez, eta lo egunez.

Gordeka ibili behar zenuten, edo jakina zen nortzuk ari zineten gaueko lanetan?

Jendeak bazekien nor aritzen zen eta norekin. Zuk lanera joaterik ez bazenuen, beste taldeko bati galdetzen zioten. Denek bazekiten lan hori bazela, eta guardia zibilek ere bazekiten. Gero batzuk harrapatzen zituzten, eta beste batzuk ez. Horrelakoetan, zu eskapatzen zinen, eta haiek kargarekin gelditzen ziren. Nik karga bat edo beste berreskuratu dut. Sei karga izanda, guardia zibilak horiek biltzen aritu, eta bat berreskuratu.

Zer lan egiten zenuten?

Mendira joan, Frantzia aldean karga hartu, eta hona ekarri. Errodamenduak, kobrea, kamioien ardatzak —CMC etxea modan zegoen hemen, baina piezarik ez zen—, gurpilak, iratzargailuak, kristalezko galtzerdiak, kafea, almendrak, telebistak... Hemen telebista bat edo bertze bazen, baina kolorekorik ez.

Bakoitzak bere lana zuen?

Hamar bat edo joaten ginen, normalean bat egoten zen bidea zaintzen kargarik gabe, eta, orduan, bertze bat etortzen zen errepidearen ondotik. Bat etortzearekin bertzeak martxa egiten zuen. Hortik bortz minutura bertze bat.

Nork ezagutzen zituen hobeki mendiak: zuek edo guardia zibilek?

Guk, gehienbat. Haiek ezagutzen zuten muga guk baino hobeki, baina guk bertze bideak eta Frantzia aldeko bideak hobeki.

Zergatik erabaki zenuten kontrabandoan lan egitea?

Ez baitzen fabrikarik, eta ez baitzen lanik. Hemen bazen baserriko lana, eta, arratsean, kontrabandoa. Gero, kontrabandoa hasi zen gutxitzen, eta orduan jendea Ameriketara joan zen, edo Frantziara, oihanean arbolak botatzera. Fabrika ere hasi zen. Baina garai hartan merkeago zen menditik ekartzea, aduanan dezente pagatu behar baitzen. Frantziako mugan jartzen zioten zigilua, baina gero ez zuten kontrolatzen. Behin pasatuta aski, ez zen deus deklaratzen.

Gaur egun, pentsaezina litzateke lan hori?

Gaur ezin da, eta egiten baduzu zerbait ere segidan harrapatuko zaituzte. Ezin duzu saldu; saltzen baduzu, ezin duzu deklaratu inon ere, eta gero kontrola dago. Ez du merezi. Hobeki da kafe bat hartu eta lehengo istorioak kontatzea.

Hainbestek egiten bazuten, ez zen gaizki ikusirik egonen, ezta?

Ez, ez. Ez zenuen bertze lan bat, ez zenuen ebasten, orduan ez zen gaizki ikusten. Denak egoten ginen deitzeko esperoan.

Asko irabazten zenuen?

Ez zen gauero-gauero egiten lana, baina hilabete osokoa agian hiru arratsetan irabazten zenuen. Ez dakit zuzen, baina agian fabrikan irabazten zenuen 2.000 pezeta hilabetean, eta gauez bidaia bakar batean 1.000 pezeta.

Zer behar da kontrabandista ona izateko?

Lan pila bat egin, eta jendearekin ongi moldatu. Ibili behar zenuen denekin nahiko hurbil. «Guardia zibil putakumeak!» esaten bazenuen, gaizki; gero egurra.

Beldurra pasatu zenuen kontrabandoarekin?

Beldurrik ez.

Harrapatu zintuzten noizbait?

Behin frantsesek gelditu, eta argazkia egin zidaten. Harrapatu ninduen Interpolek edo, eta ekarri ninduten hona; pasaportea kendu zidaten, eta uste nuen preso eramanen nindutela, baina ez. Gero epaiketa egin zuten, eta ez nintzen joan. Abisua ailegatu zitzaidan, dena ukatu nuen, eta ez zitzaidan deus ere gertatu. Ez nuen Frantziara joaterik bi urtean. Bazuten nire argazkia, baina hala ere pasatu nintzen. Beldurrik gabe, baina beti adi.

Eta saratarrekin ongi?

Sarakoekin oraindik juntatzen gara bazkaltzeko eta istorioak kontatzeko, anaiak bezala. Jende fidagarria zen, ez zuten ebasten, eta beti laguntzen zuten. Agian, korrika Guardia Zibila gibeletik, eta mugan lagundu. Edo guk, jendez eskas ibiliz gero, eskatzen genien laguntzeko.

Edozer pasatzen zenuten?

Anitzetan ez zenuen jakiten zer zen ere. Behin ikusi genuen txekorrarekin armak zetozela. Nagusiari esan genion halakorik ez ekartzeko gehiago, eta ez zuen ekarri. Drogekin ere esan zuten, baina guk hori ez. Guk betiko lana. Guk sano ibili nahi genuen, nahiz eta karga handiak izan.

Lan anitz egin duzu, baina bestazalea ere bazara. Bazenuten bestarako tarterik?

Neska anitz neskato [neskame] joaten ziren, eta gu haiengana joaten ginen igandeetan Donibane Lohizunera, Baionara, Biarritzera [Lapurdi]... libre izaten baitzuten. Gauez, haiekin dantzan eta parrandan aritzen ginen. Egia esan, besta anitz gustatu zait beti.

Baserria, gaueko lana... eta igeltsero ere izan zara. Beti lanean?

Beti lanean. Igeltsero Frantziara joaten ginen lanera, motorrean bi lagun; gero, hogei urterekin erosi nuen autoa. Hirugarren eskukoa zen. Bazen gaueko lana hala ere, eta Saratik Etxalarrera bidean hartzen genituen bi karga: bat, maletategian, eta bestea, eserlekuaren gainean. Mugara ailegatu, utzi karga Frantzia aldean, autoa pasatu hona, korrika menditik pasatu, hartu paketea berriz, etaerrepidera.

Beti ozta-ozta...

Soldaduska aurretik, pasaportea kentzen zizuten, eta ezin zenuen muga pasatu. Nik urte bat egin nuen pasaporterik gabe muga pasatzen. Segi harrapatu arte. Suertea izan nuen.

Bazenuen soldaduska saihesteko aukera, ezta?

Soldaduska ez egiteko, jende nahiko Frantziara joaten zen. Aukera nuen kontrabandoarekin txofer lana egiteko Parisen. «Ez, ez, ni Francori zerbitzua egitera noa», erran nien [irriz hasi da].

Soldaduskan ere eginen zenituen zureak...

Kanpamentua Gasteizen egin nuen hiru hilabetez. Hilabete baten ondoren, kasernako logelazain. Kuartela garbitzeko, dena zementua zen, eta erratzek, garbitu baino gehiago, marrak egiten zituzten. Horrekin ezin nuen; beraz, mendira joan, eta ekarri nuen ainarra makilari lotzeko, eta horrekin segidan garbitu, eta txukun utzi nuen. Sarjentuak erremintak eman, eta instrukziorik egin gabe eman nituen bi hilabete, egunean eskoba bat edo egiten, lasai.

Gasteizen baizik ez zinen egon?

Banderaren zina egin, eta Donostiara joan nintzen. Segidan, pelikula bat grabatzera eraman gintuzten. 25 egun eman nituen Urbasan Patton grabatzen. Han ere primeran. Indioen arropa ederra zen, korazarekin, txanoarekin, aizkora... «Hau inauterietarako eraman behar dut etxera», pentsatu nuen. Mozorroa ohatzearen azpian gorde nuen, eta, ilunabarrean, mendira eraman. Harrien azpian utzi nuen. Donostian nintzela, Urbasara itzuli nintzen trajea hartzera.

Orduan, trajea ere kontrabandoan hartu zenuen.

Bai [irri egin du]. Botekin ere izan nuen istorio bat... Soldaduskan,larunbatean etorri, eta mendira joaten nintzen Francoren botekin. Oso onak ziren. Behin, egin zuen elur pixka bat, eta bertze bidea egin zuen batek esan zigun: «Zuen ondotik ibili dituk guardia zibilak edo, arrastoak dituk han». Nire botenak ziren.

Kontrabandoa utzita, igeltsero jarraitu zenuen?

Andrearen aita hil zelarik, andrea fabrikan finko zegoen. Hango soldata ona zen, eta, beraz, ni baserria eramaten hasi nintzen, lau ordu obran, eta haurrak zaindu eta eskolara ekartzen nituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.