Egunkaria itxi zutenean, Casas Madrilen kazetaren alde sorturiko taldean aritu zen. «Gure helburua kasua zabaltzea zen, ezagutaraztea». Horretarako, hainbat ekitaldi eta hitzaldi antolatu zituzten: «Egun osoko jardunaldiak ere antolatu genituen institutu batean; jende asko bildu zen». Aitortu duenez, ia bi hamarkada geroago auzi hura oholtzan ikusteak harridura sortzen dio, baina, batik bat, poz ikaragarria.
Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohia eta BERRIAko zuzendaria eta Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. / J. Danae, Foku
Bilboko Arriaga antzokiak, Donostiako Viktoria Eugeniak, Gasteizko Principalek eta Espainiako Centro de Arte Dramatico Nacionalek elkarlanean ekoitzitako lana da Sisiforen Paperak. Hain zuzen, azken horrek antzerkia sustatzeko duen antzokia da Maria Guerrero. Erakunde publiko horretako zuzendari Alfredo Sanzolek gertaerei fikziozko interpretazioa emateko asmoa duen proiektu gisa deskribatu du obra. «Egunkarian gertatu zenaren eta prozesu judizialean mamitu zen guztiaren arteko kontrastea sortzen da. Asmo handiko obra da, oso berezia», azaldu du.
Gainera, adierazi du erakundeak nagusiki tematikagatik zuela produkzioan parte hartzeko interesa: «Interes handia genuen Espainiaren historian funtsezkoa den istorio hau kontatzeko». Garrantzi handikoa iruditzen zitzaien epaile baten erabakiek bizitza pertsonal eta profesionala eten dieten pertsonaien istorioa kontatzea.
Estreinaldi berezia
Estreinaldi saiora hainbat pertsona joan dira. Bertan izan da Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria eta BERRIAko zuzendaria ere. Horrez gain, Jose Ricardo de Prada eta Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko magistratuak eta Egunkaria auzia landu zuten zenbait kazetari ere joan dira, besteak beste.
Madrilen 'Egunkaria'-ri babesa emateko sortu zen taldeko lau ordezkari. Ezkerrean, Otamendiren alboan, Marije Gallego, eta erdian, Pedro Casas. / J. Danae, Foku
Ttantaka taldea arduratu da obra taularatzeaz, Fernando Bernues zuzendariaren gidaritzapean. Bernuesek Madrilgo estreinaldiaren aurretik adierazi du beste edozein antzokitako helburu bera dutela: «Agertokiaren gainean kezkak, tentsioak, gatazkak eta zalantzak jarri eta balorazioak partekatu nahi genituzke, horrek hausnarketak eragin ditzan, nolabait, denok begirada irekiagoa izan dezagun». Halaber, uste du Madrilgo publikoaren erantzunak balio berezi bat duela: «Ezarritako beste errealitate edo diskurtso batekin topo egiteko jarrera baikorra dute». Estreinaldiaren aurretik, ostegunean saio bat eman zuten Madrilen, eta Bernuesek adierazi du sentsazioa «oso ona» izan zela: «Funtzioa bukatzean behin eta berriz errepikatzen zen hitza ausardia zen». Obrak helarazten duen ausardia, eta obra bera Madrilen erakusteko ausardia.
Madrilen du jatorria antzezlanak, nolabait. 2003an Musikaren Sarien emanaldia zuzentzea egokitu zitzaion Bernuesi, eta, kanturik onenaren saria jasotzean, Fermin Muguruzak hedabidearen itxiera salatu zuen. Txistu jo zioten. Hantxe erabaki zuen Bernuesek egunen batean kontatu beharko zuela.
Madrilen, berriz
Hamahiru aktore eta gitarra jotzaile bat igotzen dira oholtza. Aktoreen artean Mireia Gabilondo dago. Epailearen rola jokatzen du Gabilondok. «Bere gainean erortzen da gertatutakoa; bere erabakia izan zen Egunkaria ixtea eta hainbat pertsona auzipetzea. Desastre horren neurria hartu zuen pertsona da», zehaztu du obran rol ezinbestekoa duen aktore gipuzkoarrak. Gogorarazi du epaileak, zalantzak izan zituen arren, gero egin zuena inongo daturik izan gabe egin zuela.
Madrilen aritzearen inguruan, Gabilondok aitortu du obra Euskal Herritik kanpo erakusteak ilusioa eragiten diola: «Oso pozgarria da». Sisiforen Paperak antzezlana «gertatu behar ez zen, baina tamalez gertatu zen pasarte bat» kontatzeko aukera gisa ikusten du. «Kontatu beharra genuen».
Euskal Herrian hasitako auzia Madrildik —Auzitegi Nazionaletik— igaro zen duela ia bi hamarkada, eta berriz itzuli da; pandemia baten erdian itzuli ere. Horregatik eta beste zio batzuengatik, egoera desberdina da. Alabaina, Euskal Herrian egin bezala, Madrilen ere esku zabalik hartu dute antzezlana. Horren erakusle estreinaldiak emanaldiaren bukaeran jaso duen txalo zaparrada beroa. Aktoreek lau aldiz atera behar izan dute oholtzara ikusleen txaloak jasotzera.