Kontakizun mosaikoa ahots goran

Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' leitu dute berrehun bat lagunek Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolaturiko irakurraldi jarraituaren hamazazpigarren aldian.

Bilbo Zaharra Euskaltegiko ikasle bat, atzo, Uriberen eleberria irakurtzen. OSKAR MATXIN EDESA 7 / FOKU
Bilbo Zaharra Euskaltegiko ikasle bat, atzo, Uriberen eleberria irakurtzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Xalbat Alzugaray
Bilbo
2024ko ekainaren 6a
17:30
Entzun

Protagonistak hegazkinean ezagutu zuen Renata Violet Thomas, New Yorkeko liburutegi publikoko langilea: «Kirmen Uribe, urte askotarako. Izen hori, ze hizkuntzatan da? Euskaraz. Egiatan? Euskaraz entzuten dudan lehen gauza da. Interesgarria...». Pasarte horretan, idazleak eguneroko zahar bat du esku artean, Europatik AEBetara joan zen arkitekto ezagun baten semeak idatzia.

Bilbao-New York-Bilbao eleberriko pasarte hori ari da irakurtzen Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle bat. Kirmen Uriberen liburua leitu zuten atzo, Bilboko Arriaga antzokiko tapiza gorriz eta harribitxizko argi-estaliz apainduriko foyerrean. Denboraren joan-jinak islatzen dituen kontakizun mardula ozenki leitzea tokatu zitzaien berrehun bat kideri; batzuk telematikoki aritu ziren. Oholtza gainetik, euskaltegiko ikasle eta irakasleek, kazetariek, idazleek, enpresa, erakunde eta instituzio publikoetako zein elkarteetako ordezkariek eta euskaltzainek hartu zuten parte, batik bat. Nahiz eta hamar minutuko gibelapenarekin zihoan irakurraldia, sei orenez aldizkatu ziren obrako pasarteak ozenki leitzeko. Kanpoko plazan pantaila handi bat eman zuten, irakurraldia karrikatik segitzeko, eta zuzeneko emanaldia eskaini zuen eitb.eus-ek.

Leitzen segitu du bertze ikasle batek. Koma bakoitzean hartu behar duen hats ukaldian kontzentraturik, New Yorkera joateko arrazoia zein den galdegin dio Thomasek protagonistari. Lagun bat hango unibertsitatean duela eta, hitzaldi bat ematera gomitatu omen du. Thomas, aldiz, Europara joan zen, haren aitaren, Italian ibilitako soldaduaren, gudu zelaiak bisitatzera. Hark aipatzen zituen lekuetara joan da, Florentziatik (Italia) hurbil dagoen soldaduen hilerrira, bertzeak bertze. Kazetari bati utzi dio lekua ikasleak. Hark ere gerla garaiko istorioekin segitu du, Ondarroatik (Bizkaia) Donibane Lohizunera (Lapurdi) ihes egin zuten pertsonen bizipenak xeheki kontatuz. Bigarren Mundu Gerlak Bordeleko (Frantzia) batailan harrapatu zituen arrantzaleen begietan murgildurik bukatu du ahapaldia.

Irakurketa melodikoa egin dute batzuek; bertzeak, aldiz, elkarrizketa baten aitzinean intonazioa goititu, eta testuan bete-betean murgildu dira. Oholtzara iganik, arrantzaleen bizipenekin emozionatu dira batzuk. Ondotik, uhainez uhain, Kubara zihoan Dos Amigos esklabotza ontziko Muxika kapitainaren izena aipatuz, Ondarroara jiniko Senegalgo marinelen bidaia neketsuan murgildu da kontakizuna.

«Mosaika» osatuz

Bilbao-New York-Bilbao karrikaratu zutenetik hamasei urte pasatu dira, eta lanak «mosaika bat» osatzen duela erran du Jon Maguregi Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendariak. Irakurtzeaz gain, norberak istorio puskak lotzeko ahalegina egin behar du, Europa eta AEBen arteko harat-honat etengabean. Bertzalde, Isabel Isazelaia Zenbat Gara elkarteko kideak eleberria aspalditik irakurri zuela azpimarratu du. Urte guziz, Bilboko euskaltegietako kide anitz batzen diren heinean, euskal literaturako klasikoak zabaltzeko «ekitaldi garrantzitsua» dela aitortu du. Maguregiren ustez, irakurraldiak batzen dituen adin guztietako pertsonen gibelean, antolatzaile bakoitzak emaniko harri ttipi anitzen emaitza da urte guziz antolaturiko irakurraldi jarraitua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.