«Bizitzeko modu bat» da dantza Miren Mujikarentzat (Donostia, 1999): 2 urterekin hasi zen dantzatzen eskolan, eta horretan jarraitzen du. Dantza garaikidean ibili ondoren, euskal dantzei ekin zien duela bi urte, Donostiako Egia auzoko Trebeska dantza taldean, bera Grosekoa izanagatik. «Egun seinalatua» da gaurkoa taldearentzat, Konstituzio plazan ariko baita dantzatzen, 20:00etan hasita. Aurten, helduen taldeaz gain, gaztetxoen taldeak ere astinduko ditu oinak.
Urteroko saioa duzue gaurkoa. Zer esanahi du taldearentzat?
Guretzat, Konstituzio plazako emanaldia berezia da; urte osoan emanaldi txikitxoak egiten ditugu, baina ikasturtean ikasitako guztia Konstituzio plazara eramateko da. Oholtza horren gainean egotea oso berezia da donostiarrak izanda.
Nolako emanaldia izango da?
Beste herrietako dantzak ikasten saiatzen gara; aurten, adibidez, Oñatiko dantza eta Leitzakoa ikasi ditugu. Fandangoa eta arin-arina ere egingo ditugu; lehena Lapurdikoa izango da. Aurten, gutxiago arituko gara, eta jantziak aldatzeko larri-larri ibiliko gara denboraz, baina gogotsu gaude.
Nola joan dira prestaketak?
Azken entseguak luzeagoak izaten dira; emanaldiaren eguna izango balitz bezala egiten dugu: saioko hurrenkeran egiten ditugu dantzak, nondik sartu eta nondik atera entseatzen dugu... Urduritasunez betetako entseguak izaten dira.
Ondo uztartzen al dira parranda eta dantza ikuskizuna?
Nik uste dut guztiok dugula emanaldia buruan; parranda badago, baina 16a egun seinalatua da guretzat.
Nolakoa da uda taldearentzat?
Emanaldiaren ondoren lasaiagoa izaten da, urrira arte ez baikara hasiko entseatzen; baina, abuztuaren 16ra arte, lanpetuta ibiltzen gara: materiala bildu, beste herriren bateko dantza taldekoei eskatu, erosketak egin, arropak probatu...
Dantzaria izanik, nolakoak dira festak zuretzat?
Sarri, erromerietan-eta, asko eskertzen da fandangoa eta erromeria dantzatzen jakitea, baita mutxikoetako urratsak ere. Jendea inbidiaz egoten da begira.
Ba al dago aukerarik euskal dantzez gozatzeko jaietan?
Bai, baita gauez ere. Erromerietan, abesti ezagunez gain, fandangoa eta arin-arina ere jotzen dituzte. Tabernetan, ordea, ez dago aukerarik.
Nola daramazue hori?
Emanaldiaren ostean, afaria egiten dugu, eta tabernetara joaten gara. Dantzariak garela ikustean [kamiseta berdina eramaten dute] erromerietako abestiak jartzen dizkigute. Baina gero betikora bueltatzen dira; gainerakoek beste giro bat eskatzen dute.
Osasuntsu al dago euskal dantza Donostian?
Bai, talde asko daude, eta desberdinak dira, gainera. Aurrekoan, esaterako, Kresala taldekoen emanaldia ikustera joan ginen; haiek dantza garaikideagoak egiten dituzte. Aurreskua ere, bakarra izanagatik, dantza talde bakoitzak bere modura egiten du.
Zenbait euskal dantza generoaren arabera banatu izan da, baita gaur egun ere. Nola bizi duzue hori?
Badaude dantza tradizional asko emakumeek ala gizonek egiten dituztenak, baina gure taldean ez da horrela. Duela bi urte sartu nintzen taldean, eta, egia esan, harritu ninduen: nesken dantzetan mutilak ere badira dantzari, eta alderantziz. Ez dago, esaterako, «mutila zarenez mutilez jantziko zara» gisako araurik.
Mutilek janzten al dituzte nesken jantziak?
Zailagoa da; baina, sorgin dantzan, adibidez, gonarekin eta buruko zapiarekin ateratzen dira mutilak.
ATZEKOZ AURRERA. Miren Mujika. Trebeska dantza taldeko kidea
«Konstituzio plazakoa emanaldi berezia da guretzat»
Mujikaren ustez, euskal dantzez gozatzeko aukera badago jaietan, baita gauez ere; tabernetan ez, ordea, jendeak «beste giro bat» eskatzen baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu