Konstelazio berri batera

Elkar estudioetatik euskal musikari handienak pasatu dira. Tresneria guztia Donostiatik Adunako poligonora eraman ostean, punta-puntako grabaketa estudio bat zabaldu dute han. Izarrek konstelazio berri bat izango dute aurrerantzean.

Gari Elkarren Adunako (Gipuzkoa) estudio berrian. GORKA RUBIO / FOKU
Gari Elkarren Adunako (Gipuzkoa) estudio berrian. GORKA RUBIO / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Oskorri, Hertzainak, Kortatu, Itoiz, Ruper Ordorika... Euskal Herriko musikari esanguratsuenetako askoren diskoak grabatu dituzte Elkarren. Garirena izan da azkenetakoa: Behin bizitzea. Urtarrilaren amaieran amaitu zuen abeslariak soseguz betetako bere lan intimoenaren grabazioa, eta hitz ederrak baino ez ditu estudio berriarentzat: «Leku goxoa da, txikiagoa, eta oso erosoa. Eraikin nagusitik aparte egoteak lasaitasuna ematen dizu zure lanean murgiltzeko, atmosfera bat sortzeko. Hamabost egunez egon gara han, zortzi orduz grabatzen. Oso trinkoa eta pozgarria izan da».

Adunako (Gipuzkoa) estudioan osorik grabatutako lehen diskoa da Garirena. Elkarrek azaroan amaitu zituen estudio berria muntatzeko lanak, eta, tartean kanta solteak grabatu badituzte ere, urtarrilean grabatutako lanarekin beste etapa bati ekin dio. Izarrek konstelazio berri bat izango dute aurrerantzean. Taldeak jada «kultur fabrika» osoa dauka Adunan. Mikel Esnal zuzendari kudeatzailearen hitzetan, disko eta liburu fabrika bat da Adunakoa: «Elkarrena bezainbeste, artistena eta kultur eragileena ere bada estudioa; izan ere, horien sormenik gabe kaxa huts bat baino ez litzateke izango. Guk haien eskura jartzen dugu. Haiek ematen diote zentzua azpiegiturari». 

elkar estudioa
Andres Kamio, Ruper Ordorika eta Victor Sanchez, estudio berrian, Adunan. ELKAR

Horri erantzuten dio grabaketa leku berriak. Haizpea poligonoko estudioa, eraikin nagusitik bereizita dago, eraikin autonomo batean; batean liburuak egiten dituzte, eta bestean, berriz, diskoak. Intsonorizazioa bermatuta dago horrela. Estudioa, berez, aurrekoa baino txikiagoa da, baina punta-puntakoa. Bi grabazio gela independente ditu, 110 metro koadrokoa bata eta 21 metro koadrokoa bestea, eta, alboan, 50 metro koadroko kontrol gela bat. Hortxe dago estudioaren bihotza: 56 kanaleko SSL 4000G+ mahaia. 

Tresna hori da berria ez den gauza bakanetakoa; mahaia harribitxi bat baita, konstelazioaren izar nagusia. Elkarrek 2000. urtean erosi zuen, eta zalantzarik ez zuten eraikin berrira eraman behar zutela. Andres Kamio Jitu-k azaldu duenez, odisea txiki bat izan zen altxor hori garraiatzea. Portuetxeko estudioa udaren amaieran hasi ziren desmuntatzen, eta azkenean, mahaia atera ahal izateko, kontrol gela eta grabazio gela bereizten zituen kristala askatu behar izan zuten. Elkarreko musika saileko arduradunak zehaztu duenez, zulo horretatik atera zuten mahaia: «Pisua zen beste arazoa. Arinagoa izan zedin, 56 kanalak banan-banan askatu genituen. Mahaiak berez 750 kilo pisatzen ditu, eta hankarik eta kanalik gabe, 400 kilo pisatzen zituen». Azkenean lortu zuten mahaia konstelazio batetik bestera eramatea, hamabost kilometroko bidea eginda. Orduan, galdera zen mahaia berriz piztuko ote zen. «Kezkatuta geunden. Mahaia 23 urtez egon zen piztuta, etengabe, eta hiru aste zeramatzan itzalita». Kamioren irribarreak epopeiaren amaiera iragartzen du. Zorionez, tramankulua piztu egin zen. 

Ibilbide paraleloak

Iñaki Garitaonandia Gari-ren eta Elkar estudioaren ibilbideak paraleloan doaz. Elkarrek izan dituen hiru estudioetan grabatu ditu diskoak musikariak: «Hertzainak-ekin Xoxoa diskoetxean ere grabatu genuen. Jean Phocas hor zebilen. Gero, Elkarren aritu zen urte luzez. Phocasek dena erakutsi zigun. Zer den estudio bat, nola grabatu... Maisua da; totem bat». 

elkar estudioa
Iñaki Salvador, Jean Phocas, Josetxo Silgueiro eta Mikel Laboa, Portuetxen. ELKAR

Elkarren lehen estudioa 1983koa da. Lasarte-Orian izan zuen egoitza. Jean Phocas hasieratik aritu zen teknikari lanetan. Elkarrek Parisen, Bartzelonan eta Madrilen grabatuak zituen diskoak aurretik, baina estudio propioa lortzea zen ametsa. Herri Gogoa diskoetxeari erosi zioten tresneria. Pako Miangolarrak Donostiako Gros auzoan zuen estudio hura bakarra izan zen garai batean. Iñaki Beobidek erabiltzen zuen, eta haiei erosi zieten tresneria. «Beobideren eskuzabaltasunari esker, Herri Gogoa zigiluarekin argitaratutako lanak ere eskuratu genituen». Elkarren ez dute ahaztu urtarrilean hil zen sortzailea.

1992an Lasarte-Oriako konstelazioa utzi, eta estudio handi eta on bat izatea bermatzen zuen beste konstelazio batera joan ziren. Donostiako Portuetxe izango zen kokaleku berria. Phocas 2012ra arte egon zen han soinu teknikari, eta harekin trebatu ziren teknikari gazteagoak: Cesar Ibarretxe, Haritz Harregi, Unai Mimenza eta Victor Sanchez. Garik hitz onak baino ez ditu azken horrentzat: «Phocasek ereindako haziek fruituak eman dituzte. Sanchez hazi horren emaitza da. Plazera izan da azken diskoa berarekin grabatzea. Lan izugarria egin du».

Victor Sanchezentzat, «euskal musikaren teknikari ofiziala» da Phocas. Portuetxen elkarrekin pasatutako garaiak iltzatuta dauzka. Angel Valdes musika arduradun ohia ere izan du gogoan. Portuetxekoa «euskal musikaren tenplua» izan da teknikariarentzat. Xabier Zeberio bat dator definizio horrekin. Biolin jotzaileak Oskorri eta Alos Quartetekin grabatu ditu diskoak estudio zaharrean. Han grabatu zuten azken abestiaren lekuko ere izan zen. Abuztuaren 9a zen. Saharari kantari diskorako Izar polisariar bat kanta izan zen etapa hori itxi zuena. «Markel semea eraman nuen estudiora egun hartan; tenplu hura ezagutu behar zuen», dio Zeberiok.

OLAIA INZIARTE ELKAR ESTUDIOAN
Olaia Inziarte grabatzen, Portuetxen. MAITANE CAMPOS

Eñaut Elorrieta eta Olaia Inziarteren ahotsekin isildu zen estudioa. Egun gogoangarria izan zen, poza nostalgiarekin nahasten den horietakoa. Bi musikarientzat ere egun hunkigarria izan zen, baita abestian parte hartu zutenentzat ere; Joseba Irazoki, Joanes Ederra, Mikel Fagoaga eta Xabier Zeberiorentzat berarentzat. Jonan Ordorika bi egun lehenago hil zen, eta hura ere gogoan izan zuten denek. 

EÑAUT ELORRIETA - ELKAR ESTUDIOA
Eñaut Elorrieta Izar polisariar bat kanta grabatzen, Portuetxen. MAITANE CAMPOS

Elorrietaren Fantasia diskoa zen estudioko sarrerako apaletan zeudenetako bat. Alboan Kortatu, Hertzainak, Mikel Laboa, Janis Joplin eta Ruper Ordorikarenak zeuden zintzilik. «Horma hauek hitz egingo balute... Beste garai batzuk ziren, bobinetan grabatzen zen, eta hiru eta lau astez aritzen ginen. Instrumentuak banan-banan sartzen ziren pistetan». Sanchezek dioenez, bazen goiko geletan lotan geratzen zenik. Parranda ederrak egin omen dira Portuetxen. «Rockero guztiak pasatu dira hemendik». Sanchezek arrazoi dauka: La Polla Records, Cicatriz, Delirium Tremens eta EH Sukarra taldeak pasatu ziren estudio hartatik.

Liturgia kontu bat

«Giroa asko aldatu da». Gari ere bat dator gauzak erabat aldatu direla, eta ez bakarrik lehen analogikoan grabatzen zutelako. Garik berak edizio mugatuko binilo bat grabatu zuen zuzenean estudioetan. Orain analogiko edo digital izateari ez dio garrantzi handirik ematen: «Akaso kontzeptu kontua da: zer nahi duzun adierazi eta nola. Liturgia kontu bat dela esango nuke». 

Elkarrek egin duen apustua behin eta berriz eskertu nahi izan du. Estudio berriak analogikoan eta digitalean grabatzeko aukera emango du, eta, berritasun bat ere badakar: Dolby Atmos formatuan nahasteko aukera, hau da, estereoan, zineman erabiltzen den sisteman. Kamiorentzat, «azpiegitura sendo eta modernoa» izatea lortu dute: «Estudio propioa izateak aukera eman digu 2.100 lan propio baino gehiago ekoizteko. Jon Maia, Kepa Junkera, Fermin Muguruza... Ehunka artistaren lanak grabatu ditugu: diskoak, baina baita podcastak, soinu bandak eta beste ere. Estudio berriak era guztietako grabaketak egiteko aukera ematen du». 

Nazioarteko izarrak ere pasatu dira Elkarren estudioetatik, eta denek utzi dute arrastoa, izar iheskorrek bezala. Konstelazio berri honetan ere izarren hautsa bizigai bilakatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.