Asteburuko proposamenak

Konpromisoaren azoka

Bioterra azokaren 21. aldia bihar hasiko da, Irungo Ficoba erakustazokan. 'Konpromiso ekologikoa' izango da aurtengo leloa. 130 salmenta postu jarriko dituzte, eta beste hainbat ekintza antolatu: hitzaldiak, tailerrak, erakustaldiak...

Bioterra azokako salmenta postu bat, aurreko ekitaldi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Bioterra azokako salmenta postu bat, aurreko ekitaldi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2024ko ekainaren 6a
05:00
Entzun

Bioterra azokak garbi dauka zein duen funtsa: «Ingurumena errespetatzen duten eta harekin harmonian funtzionatzen duten produktuak eta jardunbideak sustatzea». Ez da harritzekoa, horregatik, aurtengo ekitaldirako lelo hau aukeratu izana: Konpromiso ekologikoa. «Bioterrak planetaren osasunarekin duen konpromisoa azpimarratzen baitu». Bihar hasiko da produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan, eta igandera arte egongo da zabalik —sarrera dohainik da—.

Bioterrak ez du etenik izan 2003tik. Azoka urtez urte egin da Ficoba erakustazoka zabaldu zutenetik. Huts egin ezinezko ekitaldia bihurtu da. «Komunitate bat biltzen da Bioterraren altzoan: gero eta jende gehiago, gero eta konprometituagoa», nabarmendu dute antolatzaileek. Eta horregatik haien keinua: «Aldi honek leiho bat ireki nahi dio aktibismoari. Bioterra ere ingurumen arazoak konpontzeko gizarte mugimendu bat den aldetik, banaka izan nahiz kolektiboa izan».

Programa handi eta zabala osatu dute. 130 enpresa erakusketari baino gehiago bilduko dira, eta bestelako 50 jarduera baino gehiago antolatu dituzte. «Izan ere, ikustera eta ezagutzera ez ezik, ikastera eta hausnartzera ere etorri behar da Bioterrara. Alde horretatik, kontua da akordio handiek, eguneroko ekintza eta erabaki txikiekin batera, Lurra leku jasangarriagoa izaten lagundu behar dutela».

Ozeanoen Mundu Eguna

Aurtengo azokaren berritasunetako bat da Ozeanoen Mundu Egunarekin bat egingo duela —larunbatean da—. Bioterran egingo dituzte, horregatik, Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astearen ekitaldietako batzuk. Gai horri buruzko hitzaldiak eta mahai inguruak sartu dituzte programan. Besteak beste: Planetaren mugak ozeanoetan mahai ingurua —Marta Pascual BC3ko ikerlaria eta Maite Mompo Stop Ecocidio kanpainaren zuzendaria ariko dira—; Nacho Deanen hitzaldia—munduari oinez eta igerian buelta ematea lortu duen lehen pertsona da—; eta Surfrider gobernuz kanpoko erakundeak egindako ikus-entzunezko proiektuaren emanaldia —jasangarriagoak izateko euren ohiturak aldatzen dituzten hiru pertsonari buruzko lana da—.

Ozeanoen Mundu Egunarekin lotutako hitzaldiez gain, ingurumenarekin lotutako beste zenbait gai ere sartu dituzte programan. Irene Baños ingurumenean eta klima aldaketan espezializatutako kazetari eta dibulgatzaileak azalduko du nola eman ekoantsietatetik ekimenerako jauzia. Nicolas Olea medikuntzako katedradunak bere hitzaldirako aukeratu duen gaia: Plastiko bidezko kutsadura: ekonomia zirkularraren porrota.

Izango dira tailerrak, eta izango dira sukaldaritza erakustaldiak ere. «Bioterrako bisitariei gehien gustatzen zaizkien proposamenak dira sukaldaritzakoak», nabarmendu dute antolatzaileek. Gaiak ere halakoak dira: hartzidura, guztientzako moduko sukaldaritza ekologiko jasangarria, zentzumenen bidezko nutrizioa, eta eseniar ogiaren arte zaharra.

Kosmetika ekologikoa eta ekonomia zirkularra izango dituzte hizpide Emaus fundazioaren gunean. Tailerrak eta hitzaldiak izango dituzte bertan: osagai naturalen kimikak larruazala eta ilea nola hobetzen dituen erakutsiko dute; itsasoko farmaziari, algei eta itsas urari buruz ariko dira, eta kosmetika naturaleko tailerrak emango dituzte.

Bioeraikuntzari buruzko erakusketa eta hitzaldiak egongo dira Eraikiz gunean. Eraberritzeetarako jardunbide egokiak eta bioeraikuntzarako jarraibideak hartuko dituzte hizpide, eta basogintza jasangarriari buruzko hitzaldiak eta dokumentalak ere izango dira. Eta urteroko Yoga Eguna izango da igandean, eta mural bat pintatzeko aukera familian, eta baratzezaintzari eta bizikletari buruzko tailerrak —bigarren eskuko bizikleten azoka ere egingo dute, aurreneko aldiz—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.