Egiaz eta begiaz

Konpromisoa, ohorea eta izugarrikeriak

Urriaren 12an Gasteizko Plaza Berria hartu zuen Espainiako Guardia Zibilak, udalak —Maider Etxebarria alkatea buru—, bidea irekirik. Hitz hotsandikorik franko izan zen, desfileak, biba eta txaloak... Terrorearen apologia zantar ezin ezainago bat.

2024ko urriaren 12an Espainiako Guardia Zibila Gasteizko Plaza Berrian. ENBATA
2024ko urriaren 12an Espainiako Guardia Zibila Gasteizko Plaza Berrian. ENBATA
Miel Anjel Elustondo
2024ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Ahumadako Dukeak 1844an sortu zuen Espainian kidego militar zorigaitzekoa. Guardia Zibila. Segurtasun publikoaz arduratzen den lehenbiziko polizia erakundea omen dute. Frantziako jendarmeen eta Kataluniako Eskuadra-Mosoen eredura sortua, inondik ere. Sarean arrantzatua da: «Antolamendu militarreko polizia hau Espainiako ideia nazionala harrotzen ari zen une jakin batean eratu zen, 1844an. Kidegoa sortzearen helburua zen Espainiako estatu zentralaren ideia bazter guztietan sentiaraztea, bereziki landa inguruneetan. Canovas del Castillok 1880ko hamarkadan sortutako kazikesistemak laster erakutsi zituen bere alde makurrenak —tokiko jauntxoen gorakada, eta hauteskunde iruzurrak, besteak beste—, eta hura ezartzeko, ezinbestekoa izan zen Guardia Zibilaren ekintza».

Dakigunez, ez da ia berrehun urte honetan Espainiako Guardia Zibilak eragindako desmasia, zorigaitz eta aflikzioen zerrendatzerik egin, baina seguru da, lan beltz horri ekinez gero, hainbat tomotako entziklopedia betetzeko lain izango genukeela. Azken eskarnio handia —nahiz azkenik ez den inoz—, iragan urriaren 12an eskaini zuen Guardia Zibilak Gasteizen. Egunak lehenago, irailaren 28an —27aren biharamunean, horratik!—, beren gisako erakustaldia egina zuen Bilbon, Ramon de la Sota moilan...

Egiteko modua

Beharbada, kate luze bateko lehen kasua izan zen gerra ondoan, nahiz lehenik inoiz ere ez den, beti baita lehenagokorik.

1961eko martxoaren 27an, 20:30ean, kontrola jarri zuen Guardia Zibilak, Gasteiztik Bilbora sartzean, Boluetan, oraingo Aginaga gasolindegi parean, baina bestaldeko espaloian. Hantxe ziren, errepidean, guardia zibiletakoak, Basauriko (Bizkaia) gurutzean. Inguruan beren buruak gordeta, nahi beste polizia, sekretuak ez gutxi. Gasteizko norantzatik zetorren Peugeot argi kabriolet baten zain ziren. Heldu zen ibilgailua, barruan hiru lagun: Jabier Batarrita Elexpuru gidari, Jose Antonio Martin-Ballestero Martinez de Velasco kopilotu, eta Fernando Larizgoitia Mimentza atzean. Guardia zibilek autoa gerarazi zutenaz gerokoa auto judiziala da. Tiro zaparrada handik eta hemendik. Guardia zibilak eta poliziak, autoaren kontra herioan tiroka denak. Guardia zibiletako baten subfusilak lehertu zuen Batarrita.

«Lehen tiro hura eta gero, tiroka eraso zioten polizia denek: gure aitaren gorpuak 49 tiro ageri zituen»

JABIER BATARRITA GAZTELU1961ean Boluetan hildako Batarritaren semea

Iturri onetik jakin genuen, Batarritaren seme Jabierrek kontaturik. «Guardia zibil haren subfusilaren tiroak buru zati bat kendu zion gure aitari. Bertan hil zen, odolustuta. Lehen tiro hura eta gero, tiroka eraso zioten polizia denek: gure aitaren gorpuak 49 tiro ageri zituen». Martin-Ballestero bala bakarrak jo zuen, bizkarrezurrean. Elbarri, betiko. Larizgoitiak ez zuen zauririk ageri. Trauma, betiko.

Auto judizialak hamar akusaturen izenak dakartza. Poliziak: Prudencio Julian Martin Huerta, Felix Maestre Gonzalo, Ricardo Castro Colmenar, Pedro Amigo Dominguez, Jose Maria Sanz Castillo, Francisco Javier Esteban Martin, Isidoro de la Hoz Blanco eta Angel Hernandez Recio. Guardia zibilak: David Valencia Sanchez eta Ismael Gonzalez Martinez. Ahozko epaiketa izan zen, eta aditu ziren lekukotasunak. Bata: «Hura ez zen ohiko operatiboa. Arma luzeak generamatzan». Bia: «Zerbitzu arriskuz betea zela esan ziguten, beste oharrik ez ziguten egin». Hirua: «Baten batek ‘Sua, ekin!’ esan zuela aditu nuen». Laua: «Terroristak zirela esan ziguten, sabotatzaileak, armak zeramatzatela». Bosta: «‘Eurak dira! Sua!’, aditu nuen». Seia: «Ez, autotik ez zuten tirorik egin».

2024ko urriaren 12an Espainiako Guardia Zibila Gasteizko Plaza Berrian.
2024ko urriaren 12an Espainiako Guardia Zibila Gasteizko Plaza Berrian. ZALDI ERO

1961eko apirilaren 12an, epaiketa: «Sumarioak ez du egiaztatu ahal izan autoritatearen zein agentek ekin zion tiro egiteari. Lehen tiroa aditzeaz batera, prozesatuetako batek, auto barrukoek eraso egiten ziotela irudituta, eta beren arduradunek emandako oharrak ere kontuan hartuta —autokoak ustezko terrorista armatu eta arrisku handikoak zirela—, tiro egin zuen bere buruaren defentsan, eta behar bezala bete zuen agindu zioten lana». Estatuaren abokatuak ez zuen ukatu agenteek delitua egin zutela, «zuhurtziagabetasun ausartegia» alegatu zuen, prozesatuak egile arduraduntzat onartu gabe, haatik. Prozesatuak absolbitzea eskatu zuen, eta Estatuak ardura zibil subsidiariorik zuela ere ukatu.

1963an, epaileak prozesatu guztiak errugabetu zituen. Akusazioak sententzia errekurritu zuen, baina bai auzitegiek ebazpena berretsi ere, handik bi urtera.

Gauzak egiteko modua ezarri zuen 1961eko kontrol demonioak.

Garmendia, Etxebarria, Mingorance

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren hitzak dira, Bilboko erakustaldiak janzteko egin zituenak. Marisol Garmendia du grazia. «[Espainiako] Polizia Nazionalak Bilbon egin duen erakustaldi irekia Euskal Herriko normalitate demokratikoaren sintoma ederra da. Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarrekin kolaboratzeko gaude eta herritarrak babesteko eta zerbitzatzeko». Ergelkeriarik gabe-edo, urguilu zuzen batekin esan zuen hori dena Garmendiak.

Eta Garmendia bezainbat ergelkeria gutxirekin, eta Garmendia bezainbat urguilu zuzenarekin, mintzatu zen Jose Antonio Mingorance —Espainiako Guardia Zibilak EAEn duen jeneral burua—, urriaren 12an Gasteizko Plaza Berrian. Mingorancek, hitzari hitz, Guardia Zibilak joan deneko 180 urtean «herritarren eskubide eta askatasunen alde erakutsi duen konpromisoa» goratu zuen.

«Hidalgok guardia zibiletako bati arma kendu eta tiroz josi zuen errendituta eta eskuak gora irtetera zihoan mutila»

XABIER GOIRIGOLZARRIGuardia zibilaren indarkeriaren biktima

Zerutik jakina denez, nahi bestetan erakutsi du Guardia Zibilak garaian garaiko Garmendia, Etxebarria, Mingorance eta gisako ordezkariek hitzean eta hortzean darabilten «herritarren eskubide eta askatasunen aldeko konpromisoa».

Hidalgo kapitaina dute adibide. Manuel Hidalgo Salas, Lea-Artibai eta Busturialdean (Bizkaia) inoiz ezagututako torturatzaile eta borrero krudel bihotz gogorrena. Erandion jaioa —urtea inon ageri ez dela—, guardia zibil sartu zen. Airean egin zuen gora, baina haren merezimendu merezituak gorde dizkigute. Kapitain gradua zuela heldu zen Gernika-Lumora, 1972an, eta bertan iraun zuen 1976ko azarora arte. Urte latzak. Hidalgok izua eta tentsioa erein zituen han eta hemen, eta bere agintepeko guardia zibilek nahieran atxilotu eta tormentatu zituzten herritarrak. «Konpromisoa».

Hilak eta zaurituak ere ordukoak dira. 1972: Mikel Martinez de Murgia eta Jose Benito Muxika, Lekeition. 1973: Joakin Diestre Barroso, Fruizen. 1974: Pedro Bilbao. 1975: Alfredo San Sebastian, Mungian; Blanca Salegi eta Iñaki Garai, Gernikan; Jesus Markiegi, Ajangizen...

Guardia Zibilaren kapitaina

Lekukotasun lazgarria ez da zaharra. Xabier Goirigolzarri mungiarrak emana da RV Erresistentziaren ahotsak liburuan. «Bermeoko kuartela atxilotuz beteta zegoen. Hantxe nengoen ni, eta etorri zitzaidan Hidalgo kapitaina. Etxean bilatu zizkidaten paperak erakutsi zizkioten. Osatu egiten nituen. Bilduma. Orrietako bat ETArena zen. Eta Hidalgok: ‘ETAkoa haiz, hortaz!’. Nik ezetz, panfletoak osatzen nituela, beste gabe. Aurpegia nirearen kontra jarri, eta haserre: ‘Niri ez adarrik jo! Zailduta nagok hi bezalakoekin tratatzen!’. Ez dizuet beldurrik, Hidalgo kapitaina nauk! Honezkero baduk nire berri! Ez nauk engainatuko, nahi beste zekiat zuen gainean!’. Orroka ari zitzaidan, bere onetik irtenda. Halako batean, bota zuen: ‘Nik neuk hire lagun horietako bat baino gehiago akabatu diat!’. Eta Lekeition hildako biak [Martinez de Murgia eta Muxika] aipatu zituen.

»Bere burua entregatzekotan zirela hil zituztela esan zidan. Hidalgo urak eta suak hartuta ari zitzaidan, gorroto gaiztoz, amorru handiz, eta xehetasunak emanez. Gero ohartuko nintzenez, ez zen gezurretan ari izan. Lekeitioko biak akabatu zituela esan zidan, haietako bat larri zaurituta zegoela ere bai. Guardia zibilek etxebizitzan inguratu zituzten bi gazteak, eta beren buruak entregatzeko agindu zieten, zauritua artatuko zutela esanda. Hidalgo kapitainak esan zidanez, bere agintepeko guardia zibilei agindu zien bi gazteak irtetean tiroka erasotzeko. Hidalgok esan zidanez, mutiletako bat eskuak gora irteten hasi zenean, guardia zibilek ez zuten tiro egiteko barrurik izan. Eta, orduan —Hidalgok berak esanda ari naiz—, berak guardia zibiletako bati arma kendu eta tiroz josi zuen errendituta eta eskuak gora irtetera zihoan mutila. Hidalgok barneak harro eta legeak atzaparretan kontatu zidan hori dena. Baina gehiago ere kontatu zidan! Lekeitiokoa kontatu zidan gorroto eta urguilu berarekin kontatu zidan Gernikakoa, etxean hil zuten matrimonioarena [Garai eta Salegi], ETAko komando bat gordetzen zutelako. Esan zidan berak hil zuela ihes egin zuenetako bat [Markiegi], Ajangizen, Kanpantxu auzoko baserri batean ezkutatutako gaztea. Armarik gabe, eskuak gora atera zenean, tiroa eman ziola. ‘ETAkoek gogo onez harrapatuko ninduketek, baina ez ditek lortuko, haiek baino buruargiagoa nauk!’. Hidalgo kapitaina, Bizkaia bazterrik bazter ibili zuena, jendea indiskriminatuki gaizki hartzen zuena».

'El Diario Vasco'-ren orri zahar bat.
Boluetako krimena 'El Diario Vasco' kazetan: 'Zorigaitzeko gertakaria Bilbon'. BERRIA

1976an Espainiara, Leonera lekualdatu zuten Hidalgo guardia zibil kapitaina. 2012an hil zen, Ubedan (Jaen, Espainia), justiziaren aurrean inoiz deklaratu beharrik gabe.

Meliton Manzanas polizia Gipuzkoan, Hidalgo guardia zibila Bizkaian.

Behin eta berriz eta askotan erakutsi zuten, han eta hemen, «herritarren eskubide eta askatasunen aldeko konpromisoa».

Haien garaitik hona, Guardia Zibilak inoiz ez dio utzi «herritarren eskubide eta askatasunen aldeko konpromisoa» betetzeari.

dena aberriaren alde

Espainiako Guardia Zibilaren kuartel guztietan ageri da: «Todo por la Patria» (Dena Aberriaren alde). Frankismo garaiko agindua dute, 1937ko urtarrilaren 14an publikatua Espainiako Buletin Ofizialean (BOE). «Kuartel guztietako ate gainean agertu behar du, urrezko letra handiz idatzita, itsuak ere ikusteko moduan, urrutitik irakurri ahal izateko, soldaduaren gidari izan behar duen lelo bai lelo honek: ‘Dena Aberriaren alde’».

Militarrak protagonista orduan ere, German Gil Yuste jeneralak —Primo de Riveraren diktadura garaian bere burua nabarmendutakoa eta 1936ko matxinadan ere parte hartutakoa—, sinatu zuen agindua.

Halaxe ageri da harrezkero kuartel guztietan, diren eta ez diren Memoria Historikoaren lege guztiak gorabehera.

ohore berreskuraezina

Tribuna Benemerita dute gune, handik ari gara, euskarara aldaturik. Iragan urriaren 22an Ahumadako Dukeaz eta Guardia Zibilaren balioez jardun dute Cadizko (Espainia) diputazioaren egoitzan zenbait lagunek, gizonezkoak denak. Gogora ekarri dute 1844ko udan kidego militarraren fundazio-dekretua sinatu zenean, Ahumadakoak hitzaldi sutsua egin zuela ofizialgaien aurrean. Guardia zibilen lan, sakrifizio eta betebeharrak zerrendatu zituen, eta «militantzia politikorik eza azpimarratu». Neutraltasun horrek «erakundearen bizitza luzea bermatzen zuen, eta Benito Perez Galdosek, 1900ean, [Guardia Zibila] jaio eta 56 urtera, balioa eman nahi izan zion erakundeari, honako hau esanez: ‘Espainian sortu zen izaki handi, eraginkor eta bizi sendokoa: Guardia Zibila’».

Ahumadak, bestalde, «Guardia Zibila bereiziko zuen zerbitzu-filosofia bat sortu zuen —kidegoaren euskarri morala izango zena—, eta funtsezko dokumentu batean jaso zuen, hau da, Cartilla ospetsuan. Kode deontologikoa da, zerbitzuan guardia zibilei kontzeptu moral handia, zintzotasunaren zentzua eta seriotasuna emateko idatzia. Cartilla-ren lehen artikulua dugu enblematikoena, erakundea hobekien definitzen duena: ‘Ohorea da guardia zibilaren dibisa nagusia; beraz, orbanik gabe gorde behar du. Behin galduz gero, inoiz ez du berreskuratuko’».

 Inoiz ez du berreskuratuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.