Gertu zegoela bazekien, baina uste baino lehenago «tokatu» zaio. Kerman Orbegozo alderdikideak utzitako aulkian eseriko da aurrerantzean Garikoitz Mendizabal (Zestoa, Gipuzkoa, 1973), Eusko Legebiltzarrean. Eszedentzia eskatu du Bilboko Udaleko txistulari bandan.
Ez da gauza bera txistu soinua eta txistu hotsa.
Ez.
Eta zu hotsean sartu zara orain?
Txistu soinuak beti gauza polit, eder eta goxoekin lotzen ditugu, eta orain emandako pauso honekin hotsa eta zalaparta izango da gehiago, baina hots horiek ez dute zertan gatazkatsuak izan. Hotsak ere izan litezke onak.
Zer doinu du orain artekoak?
Egokitzapen doinua. Lan eta enplegu sailean ariko naiz, kooperatiben eta ekonomia sozialaren arloan. Tokia hartu eta ikasi egin behar dut hor. Esan dezagun konpasa hartzen ari naizela oraindik.
Politikari aspalditik?
Ez. Aspaldikoa dena da politikarako gogoa, jakin-mina... Herrian, kuadrillan, pasatu dira batzuk alkate, zinegotzi... eta ni distantzian bezala, inoiz pauso hori eman gabe. Erabakiak hartu egin behar dira, ordea. Bidegurutzeak daude bizitzan. Duela lau urte egin nuen jauzia.
Zer ekarpen egin dezakezu?
Nire soslaiari erreparatuz, kirolean, euskaran, kulturan... gai horietan, herriari eta gizarteari neurria hartua diedala uste dut. Ez diot inoiz uko egingo nire bakarlari ibilbideari, baina bateragarria da hori eta zerbitzu bat ematea gizarteari legebiltzarretik. Batzuek sorpresa hartuko dutela? Litekeena da.
Zuri irakurria da: «Kulturak hurbildu egin gaitzake».
Kulturak elkartu egiten ditu ezberdinak. Kultura ez da bakarrik entretenimendua, herri nortasuna ere bada, eta herri honen nortasunean, nahiz eta ideologia aldetik abiadura ezberdinak izan helburu batzuk lortzeko, kulturak, musikak, antzerkiak... badu ezberdinak elkartzeko gaitasun hori, eta ni hortik nator.
Urkullu lehendakariak ere jotzen du txistua?
Bai.
Ondo?
Txistu munduan badugu gauza bat oso polita: horren instrumentu egunerokoa izanda, amateur mordo bat dagoela. Eta Urkullu lehendakariak harrotasunez esaten du bere herrian, dantzariekin... jo izan duela txistua. Modu amateurrean, bokazioz eta ondo jotzen du txistua.
Herrikoia, gutxi edo asko inork jotzen duena... baina prestigiorik badu txistuak?
Hausnarketa ona da hori. Zeren nire helburuetako bat, profesional gisa, hori baita. Ager dadila txistua beste liga batzuetan, beste plataforma batzuetan; txistuaren erregistro ezberdinak ezagutarazi, orkestrekin, banda profesionalekin edo diskografia ugalduz... Interpretazio maila gorenean egon daiteke txistua. Garbi utzita azpiko hori, oinarri herrikoi hori, zaindu eta mimatu egin behar dela.
Txistua ez dago geldirik, beraz?
Oso bizirik dago txistua.
Zer da Garikoitz estiloa?
[Barrez]. Webgunean sartu zara?
Bai. Han ikusitakoa da.
Kontserbatorioan formazioa amaitu nuenean, konturatu nintzen puri-purian nengoela teknikoki, perfektu eta azkar jotzeko prest. Baina hasten zara txistulari gisa zure esparruaren eta estiloaren bila. Eta konturatu nintzen, beste musikari batzuk entzunda —Ara Malikian, Carlos Nuñez...—, haien musikaren soinua, emisioa, garapena, amaiera... Hori falta nuela, eta, batetik eta bestetik hartuz, orain bai esan dezakedala lortu dudala nire estiloa, non ez dudan txistulari gisa sentitzen musika, baizik eta musikari gisa.
Jose Inazio Eliasek zioen kalean presentzia galtzen ari dela txistua.
Ez modu orokorrean eta kezkagarrian. Eta, hain zuzen, Eliasen gisakoei esker ez da hori gertatuko.
Hurrengo proiektua?
Gutizia disko bikoitzaren ondorena nabil kudeatzen, kontzertuak lotzen. Aitor Furundarenarekin ere banabil, eta urte amaierarako disko potente bat atera nahi dugu Gorka Hermosak eta biok, kolaborazio handiak izango dituena.
ATZEKOZ AURRERA. Garikoitz Mendizabal. Txistularia eta legebiltzarkidea
«Konpasa hartzen ari naiz legebiltzarrean»
Txistu soinuez eta txistu hotsez ari da Mendizabal. Otsailaren 1etik, Eusko Legebiltzarreko kidea da, EAJ alderdian. Zer doinu eramango duen argi du: «Kulturak batu egiten ditu ezberdinak, eta ni hortik nator».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu